Zuzendaritza berritu zuen iaz Donosti Berri Txirrindulari Eskolak; lorpen handiagoetara iristeko, pauso txikiak baina garrantzitsuak ematen ari da taldea, eta ilusioz beteta daude.
Donosti Berriko txirrindulariak, tropelaren buruan. (Argazkia: Donosti Berri)
Zuzendaritza talde berria estreinatu zuen iaz Donosti Berri Txirrindulari Eskolak. Talde gaztea da, eta hainbat erronkei aurre egitea du helburu, aldapa gora pedalei eraginez, hobetzeko bidean. Bilakaeraren berri izateko, Ander Markina (Gros, 1987) zuzendaritzako kidearekin egon da Irutxuloko Hitza. «Pixkanaka jende gehiago parte hartzen ari dela ikusten ari gara, eta gurasoak ere geroz eta inplikatuagoak daude klubean, eta hori oso ona da. Urtebetean ez da dena aldatuko, baina aurrera goaz».
Denboraldi honetan, guztira, 36 txirrindulari mugitzen ari dira. Benjamin bat, bi alebin, bederatzi haur, hamabost kadete eta bederatzi jubenil. «Txikientzako bizikletekin larri gabiltza aspaldiko partez. Gainera, oraindik ez dugu harreman zuzenik landu Donostialdeko eskola guztiekin, pixkanaka ari gara».
Momentuz, txirrindulari guztiak mutilak dira. «Aurten, neska baten aitak deitu zuen, eta esan genion ez genuela arazorik, baina Lezora bidali genuen, han jada badutelako nesken taldea». Edonola, pixkanaka erronka berriei aurre eginez, lorpen txikiak egiten ari direla dio Markinak, bizikleta gainean bezala, pedalkadaz pedalkada: «Helburuetako bat babesleak lortzea zen, eta pixkanaka lortzen ari gara. Kolaborazioak ere bultzatzen ari gara, eta autoarekin erabili dugu, adibidez». Kontua da bigarren eskuko auto bat erosi dutela lasterketetarako. Margotzeko, Errenteriako Don Bosco eskolarekin harremanetan jarri dira: «Kostua igoko duen eskulana da, eta ez dakit zenbat kontu ordaindu beharrean, bakarrik ordaintzen dugu margoa; eta ikasle batzuek aukera izango dute auto bat margotzeko. Horrelako trukeak guretzako ezinbesteakoak dira». Bizikleta dendekin ere lanean ari dira, eta Groseko Bizipoza, esaterako, babesleen artean dute jada.
Egoitza berriaren bila
Markinaren hitzetan, benetako beharra dute zuzendaritzan. «Dezente gara, hamabost lagun gaude lau taldetarako, baina jende gehiago behar dugu. Hau ez da gure lanbidea, eta abendutik urrira kostatzen da astebururo laguntzeko jendea izatea». Gainera, aurten kirol maila igotzea erabaki dute, aurrera begira beharrezkoa baitzen: «Gipuzkoan talde batzuk hazten ari gara, eta atzean geratzen ari dira gainontzekoak. Guk astebururo egin dugu podiuma kategoriaren batean. Maila ona dugu».
Horretaz gain, egoitza berri bat lortea guztiz garrantzitsutzat jotzen dute: «Materiala gordetzeko leku bat behar dugu, eta Ibaeta da guretzako lekurik onena. Norbaitekin geratu behar badugu hitz egiteko ere, ez dugu fundamentuzko lekurik». Orain arte Amarako lokal batean moldatu dira, baina diru asko kostatzen zitzaien, eta nahiago izan dute diru kopuru hori beste helburu batzuetarako bideratu: «Nahiago dugu diru hori bizikleta berriren bat erostera bideratu edo denentzako galtzerdiak eta kamisetak erosi».
Klubean interesa duenak info@donostiberri.eus posta elektronikora idatz dezake, eta gustura asko erantzungo diote.