Euskararen transmisioaren gaineko motibazio saio bat eman die Paula Kasares (Iruñea, 1969) adituak Amara Berriko gurasoei. Haurrak euskaldun hazteko funtsezkotzat jo du familiaren egitekoa.
Paula Kasares. (Argazkia: L.Ferreira)
Euskararen transmisioaz asko hitz egiten da, baina zer da zehazki?
Hizkuntzak bizi daitezen belaunaldi berriak mintzairaz jabetu behar dira. Hizkuntzen belaunez belauneko jarraipena haurrak hiztun bilakatzeko prozesuan oinarritzen da. Haurrak familian eta eguneroko hurbileko harremanetan, sozializazio prozesuan, jabetzen dira lehen hizkuntzaz (edo hizkuntzez).
Hala bada, euskararen transmisioa hau da: mintzaira ondorengoenganatzeko prozesua (eta ondorioa). Bide horretan haurrak euskal hiztunen taldean egoki jokatzeko hiztun osoak, komunikazio gaitasun askikoak, bilakatzen dira.
Zer giro izan behar du haur batek transmisioa behar bezala emateko?
Haurrak hiztun bilakatzeko prozesuaren protagonismoa tradizionalki familiari esleitu izan zaio. Familiaren garrantzia handia da, dudarik gabe, baina badira prozesuan eragiten duten bertze agente batzuk ere. Izan ere, ikerketa soziolinguistikoek eta arriskuan dauden munduko hizkuntzen txostenek diotenez, familian bakarrik erabiltzen diren hizkuntzak galtzeko bidean daude. Orduan, familiak badu garrantzia, baina erlatiboa.
Familiaren eraginkortasuna handiagoa izanen da baldin eta bertze eremu batzuen laguntza badu, eskolarena eta gizarte bizitzarena, esaterako. Ez bakarrik eskolak, ez bakarrik familiak, ez bakarrik komunitateak, baizik eta eraginak metatzen direlarik, gure gazteen hizkuntza-gaitasunak eta erabilera-portaerak nabarmen dira hobeak.
‘Haurrak etxean zer ikusi, hura ikasi’ esaera defendatzen duzu?
Haurrak euskaldun hazteko familiaren egitekoa funtsezkoa da. Hizkuntza bera irakasteko ez ezik hizkuntza-portaerak ezartzeko ere rol garbia dute guraso euskaldunek. Haurren hizkuntza erabilera-portaerak finkaraz ditzakete etxeko azturen bidez, euskara etxeko mintzaira egiten. Hori ikerketetan argi agertzen da: gaztetxoek hizkuntza atxikimendu handiagoa dute baldin eta etxean egiten badute, etxeko hizkuntza bada. Horretaz gain, euskara eskolako hizkuntza ere baldin bada, aukera gehiago daude adinkideekin ere erabiltzeko, euskarazko erabilera ohitura finkatua izateko.
Transmisioa gauzatzeko, beraz, ez da nahikoa eskolarekin.
Eskola funtsezkoa da. Nik ez dut ezagutzen berreskuratze-prozesuan dagoen hizkuntzarik hezkuntzaren laguntzarik ez duenik. Gure kasuan ere pentsaezina izanen litzateke euskararen gizarte berreskuratzea irudikatzea D eredutzat ezagutzen dugun eskola-errealitate hori gabe. Hori erranik, hau ere esan behar da: eskola ezinbestekoa da, baina ez da aski. Inguru erdaldunduetan edo gaztelaniak gizarte erabileraren nagusitasuna duten horietan eskolarekin bakarrik ez da nahikoa haurrak euskaraz komunikatzeko gaitasun osoz jabetzeko (informalak, lagunartekoak, afektiboak…. hiztunari egunerokoan mintzairaz egiten eroso sentiarazten diotenez). Horretan eskolak egiten duen lana osatu behar da.
Nola osatu daiteke lan hori?
Lehen urratsa eskolak duen mugaz ohartzea da. Eskolaren lehen muga denbora da. Ikasle baten aktibitate denboraren % 16 ematen du ikasgelan. Curriculumeko bertze hizkuntzak ere hor daudela aintzat harturik, euskararekin duten harremana haurren denboraren % 15 baino apalagoa da. Hori horrela, hau jakin behar dugu: hizkuntza ikasgelan ikasten da, baina hortik kanpo ere bai; bizitzan ikasten da: harremanetan, jolasetan… Hala bada, euskara ikasteko eskolaz kanpoko jarduerek garrantzi handia dute.
Erdaldunak diren gurasoak, nola moldatu daitezke euren seme-alabekin? Nola indartu dezakete eskolak haurrei eskaintzen dien euskalduntze prozesu hori?
Familiaren egitekoa da haurrak motibatzea eta hizkuntza erabiltzeko aukerak ematea. Euskara etxean ikasi ez duen haur bat euskaraz eroso mintzatzera iristea, eta mintzaira haren behar komunikatibo guztiak asetzeko baliabideak izatea ez da egun batetik bestera lortzen, eta ez da eskolak bakarrik berma dezakeen kontua. Haurrak euskal hiztun bilakatzeko prozesuan gurasoren bat euskalduna izatea bezain garrantzitsua da gurasoen motibazioa, euskaldunak izan ala ez.
Hizkuntza jakitea beti on da, baina hizkuntza jakin ez arren motibatuta dauden gurasoek ere arrunt egiteko polita dute. Hizkuntza ez dute transmititu ahal, ados, ez dakitelako; baina hizkuntzari lotutako jarrera eta balio onak transmititu ditzakete.
Batik bat, haurrak motibatzea eta etxean ere haurrak hizkuntzarekin loturaren bat izatea ahalbidetzea: kanta batzuk entzutea, noizbehinka telebistan zerbait ikustea, edo euskarazko ipuinak izatea. Hau da, eskolatik kanpo ematen dituzten ordu horietan ere euskararekin harremanen bat izaten segitzea onuragarria dela. Gero, haurra handitzen delarik, eskolaz kanpoko jardueren garrantzia aipatuko nuke.
Eta euskaldunak diren gurasoek zer egin dezakete?
Haurrak hiztun bilakatzen dira familiaren barnean. Guraso euskaldunek prozesu hori hasieratik ahal dute sustatu, elikatu eta aberastu. Hori modu intuitiboan egiten dute hiztun gehienek. Baina oso garrantzitsua da haurrari hizkuntza eredu ona ematea. Haurra hizketan hasten delarik, hitz egin, jostatu, entzun, galdegin…Haurrarekin zenbat denbora ematen duzu hizkuntza lantzen? Hori da gakoa. Ez da bakarrik hizkuntza jakitea, haurrarekin konplizitatea izan behar da.
Erdaraz gauza erakargarri ugari iristen zaizkigu. Horregatik, gaur egun bizi garen moduan, euskarak ezin du aunitz gauzekin konpetitu. Hortaz, erakutsi behar zaio umeari euskaraz ere gauza erakargarriak daudela, euskaraz ere badela mundu gozagarri bat, eta, gainera, gurea dela.
Eta guraso bat erdalduna bada eta bestea euskalduna?
Guraso horiek jakin behar dute haien esku dagoela bi ama hizkuntzak ziurtatzea. Soziolinguistikoki mistoa den bikote horretan bakoitzak bere hizkuntzari eutsi diezaioke, baina koherentzia ezinbestekoa da. Gure inguruan ez da erraza; gure familiak maiz aldiz anitzak izaten dira hizkuntza aldetik. Beraz, familiari azaldu behar zaio bakoitzaren erabakia, eta haiek ulertu eta guri lagundu bi hizkuntza horiei eusten.
Euskaraz hitz egitera behartzea eraginkorra da?
Ez. Hizkuntzaren erabilera haurren artean sustatu behar da, baina haurrak gogoko dituen gauzen bidez, gozatzen ari den unean. Aginduari lotuta badoa, ez da eraginkorra.
Etxeko lanak dira guraso askoren kezka. Nola lagundu dezakete gurasoek euskara ez badute menperatzen?
Haurrak duen adinaren arabera. Lehen hezkuntzako lehen zikloan, ez da oso egokia haurrari itzultzeko eskatzea. Baina hamar hamaika urte badituzte, elebidunak haiek dira. Dena den, nik beti erranen dut, eskolako lanen helburua lan autonomoa lantzea dela. Laguntza eman nahi horrekin ez diegu haien autonomia garatzen uzten.
Zeregin handia dute
‘Zuek duzue giltza’ motibazio saioa, Amara Berriko ikastetxeko Morlans eraikinean. (Argazkia: L. Ferreira)
Paula Kasaresek asteazken arratsaldean hitzaldi bat eman zuen bigarren aldiz Donostian, Amara Berriko ikastetxeko Morlansko eraikinean. Auzoko eta hiriko gurasoak hurbildu ez ezik, irakasleak ere bertan izan ziren, hizkuntzaren transmisioan nola lagundu zezaketen jakiteko asmoz. Hala, adituak ikusarazi zien euren seme-alaben hizkuntzaren ikasketa prozesuan zeregin handia dutela.