Behin betiko onarpena eman diote osasun etxea egiteko lursaila egokitzeko prozesuari.
Inguru horretan dago aurreikusita Aieteko osasun etxe berria egitea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ahobatez onartu duten gai bakarrenetakoa izan da Aieteko osasun etxearena gaurko udalbatzarrean.
Prozesua luze joan dela onartu dute alderdi guztiek, eta aietearrek hainbeste urtez eskatutako osasun etxe berria epe laburrean egiteko itxaropena erakutsi dute.
Izan ere, gaur eman diote
behin betiko onarpena Lazkano lursailak osasun erabilera izatea ahalbidetzen duen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari.
Behin lursaila egokituta, Eusko Jaurlaritzari dagokio kudeaketa. Osasun etxea egiteko lursaila eskatu beharko dio orain udalari, eta ondoren, lanen eskaintza publikoa egin beharko dute.
EH Bildu kritiko agertu da Eusko Jaurlaritzaren
atzerapenarekin: “Oraindik ez dute lizitazio prozesua hasi, ez Aieten eta ezta Parte Zaharreko eta Erdialdeko osasun etxe berria izango den eraikinean ere. Martxa honetan Txomin Eneako bizilagunei ere eskaria egiten hasteko gomendatuko nieke. Horrela agian hemendik 20 urte baino lehen izango dute auzoan osasun etxe berri bat”, esan du Ricardo Burutaran zinegotziak.
Jaurlaritzaren legealdia amaitzear dela eta, “
zoritxarrez Aieteko bizilagunek pixka bat gehiago itxaron beharko dute“, nabarmendu du Burutaranek.