AEK-k eta Arrano Beltzak 2009an antolatu zuten jaia azkenekoz; orain, Parte Zaharreko gazte batzuek berreskuratu dute; larunbatean izango da, Santa Klaran
Aitziber Otegi eta Haizea Isasa, Euskaltzaleen Egunaren antolatzaileetako batzuk. (Argazkia: L.Ferreira)
Maiatza amaieran, AEK-k eta beste eragile batzuek Euskaltzaleen Eguna antolatzen zuten, Santa Klara uhartean. 2009. urtea, ordea, azkena izan zen; eta, ordutik, ez da berriro ospatu. Baina, aurten, jaia berreskuratzeko erabakia hartu dute Urgullpeko Gazteek –Parte Zaharreko Gazte Asanbladak–, Haraino astialdi taldeak eta Ernaik, beste hainbat talderekin elkarlanean. Hala, biharko, larunbaterako, egitarau zabala prestatu dute. Uhartera 11:30ean abiatuko da lehen txalupa, eta 19:30ak bitarte jaiak ez du etenik izango: musika, jolasak eta giro bikaina nagusituko dira. Irutxuloko Hitzak antolatzaileetako birekin hitz egin du, Aitziber Otegi eta Haizea Isasarekin.
Otegi AEK-ko Irrintzi euskaltegiko irakaslea da, eta Euskaltzaleen Eguna antolatzen hasi ziren garaian parte hartu zuen, baita ondorengo urteetan ere: «Ikasle batzuen ideia izan zen. Irlako elkarte batekoak ziren, eta beraiek proposatu zieten AEK-koei egitea. Groseko euskara irakasleak hasi ginen; eta, gero, Donostiako AEK-k hartu zuen antolakuntzaren ardura».
Donostiako AEK-k aukera izan zuen jaia gehiago zabaltzeko. Modu horretan, beste zenbait elkartek ere hartu izan zuten parte; tartean, Euskal Herrian Euskaraz, Batzen, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Arrano Beltza elkarteak. Elkarlanean bi urtez aritu baziren ere, ondorengoetan hiriko AEK eta Arrano Beltza bakarrik geratu ziren antolatzaile gisa.
«Azken urteetan AEK-ren zati bat bakarrik gelditu zen, eta Arranon ere lagun gutxi animatzen ziren. Ikusten genuen lan handia zela. Ez eguna beragatik, baizik eta antolakuntzagatik eta, batez ere, materiala igotzeko hartu behar genuen lanagatik», azaldu du Otegik. Horregatik, gutxi batzuek egin beharrean, antolatzaileari utzi zioten.
Gazteek hartu dute lekukoa
Orain, garai hartan Santa Klara uhartera bainatzera joaten ziren haurrek lekukoa hartu dute. Izan ere, Parte Zaharreko Gazte Asanbladako kide batzuen, Haraino astialdi taldearen eta Ernairen ekimenez, Euskaltzaleen Eguna berreskuratu dute. «Gu txikitan bertara joaten ginen, disfrutatzera. Ez ginen ibiltzen gora eta behera traste guztiekin», nabarmendu du Ernaiko kide Haizea Isasak.
Egunaren hutsunea antzematen zuten, eta biltzen ziren guztietan jaia berreskuratzearen ideia planteatzen zuten. «Euskaltzaleon Eguna egiten zen lehen, galdu da, noizbait egin beharko genuke… Hori etortzen zitzaigun burura askotan. Eta, azkenean, animatu gara», adierazi du Isasak.
Ideia berreskuratu dutenez gain, beste hainbat eragilek ere hartu dute parte aurtengo ekitaldiaren prestakuntzan: Arrano Beltza, Donostiako AEK, Batzen eta Kaiarripe Parte Zaharreko euskara batzordea.
«Bilera bat egin genuen eragile bakoitzeko ordezkari banarekin, eta banatu genuen bakoitzaren lana. Horretarako, lehen antolatzen zutenei galdetu genien. Azkenean, eredua eta ideia hartu ditugu, eta egitaraua zertxobait moldatu dugu; baina oso antzekoa da», azaldu du Isasak.
Otegik dio berreskuratzearen ideiak harrera oso ona izan duela jendearen artean: «Garai bateko ikasleak poztu dira eguna berreskuratuko dela jakin dutenean. Jendeak pena hartu zuen egiteari utzi egin genionean; baina, orain, gogotsu daude».
Egitarauari dagokionez, lehenengo txalupa 11:30ean irtengo da Kaitik. Berez, oraindik ez dago zerbitzurik; beraz, txalupako gidariarekin hitz egin dute, egun horretan bertan hainbat zerbitzu egon daitezen. Prezioa 2 eurokoa izango da haurrentzako; eta, helduentzako, berriz, 4 eurokoa.
Santa Klarara iristean, 13:30ak aldera, harrera egingo dute, txalapartari batzuen laguntzarekin. Horrekin batera, haur jolasak egingo dituzte, Haraino astialdi taldearen eskutik.
Mikel Kartonen emanaldia
Dantza herrikoien txanda izango da ondoren, 14:00etan. Eta, 15:00etan, mus, toka eta bote txapelketa egingo dute. Bazkalostean musika izango da nagusi:
16: 00etan, Mikel Karton bakarlariak emanaldia eskainiko du; eta, 17:00etatik aurrera, musikariek dantzan jarriko dituzte eukaltzale guztiak eta abestera ere animatuko dituzte. Horretarako, karaoke moduko bat prestatu dute.
Eguna amaitzeko, 19:00etan, denen artean jasoko dute guztia, eta 19:30ean irtengo da azken txalupa uhartetik lehorreruntz. Euria eginez gero, Arrano elkartera pasako dituzte jarduerak.
Egunarekin euskara sustatzea dute helburu: «Donostia Euskal Herriko hiribururik euskaldunena dela esaten duten arren, oraindik beharra ikusten dugu euskarari bultzada bat emateko. Gainera, esperientzia honek aukera emango digu elkarlanean aritzeko eta Parte Zaharrekoen artean talde bat osatzeko», esan du Isasak.
Hortaz, festa giroan ongi pasa nahi duen orok aukera paregabea du bihar, larunbata, egun osoko plana egiteko. Beste urteetan 200-300 lagun inguru elkartu izan dira, eta aurten ere jendea animatzea espero dute: «Leku oso polita da, festa oso polita izan da beti, eta aurten ere hala izango da. Familiarekin, jendearekin, eta euskal giroan egun bat pasa nahi badute, hortxe dute aukera».