Mari Paz Sainz (Amara Berri, 1926) margolaria da. Egiako Sustrai krepetegian ikusgai daude bere koadroak. 90 urterekin, pintzelkada asko ditu oraindik emateko.
Mari Paz Sainz, margolaria. (Argazkia: Malen Aldalur).
Nondik datorkizu pintatzeko zaletasuna?
Gazte gaztetatik pintatzen dut. Hasieran, ezkongabe nintzenean, neure kaxa aritzen nintzen irakaslerik gabe. Beti gustatu izan zait margotzea, bereziki akuarela. Horrekin pintatu izan dut, eta pintatzen dut gaur egun ere gehien.
Gero, ezkondu nintzenean alboratu egin nuen pixka bat, umeak zirela eta. Egia esan, orain bezain beste denbora ez diot inoiz eskaini. Umeak hazi zirenean ikastaroetan apuntatu nintzen, eta pixkanaka hasi nintzen berriro pintatzen. Orain, Katalina Erauso Arte Eskolara joaten naiz eta oso pozik nago.
Zer egiten duzu bertan?
Denetarik egiteko aukera dago. Nik akuarela eta esmaltea egiten ditut. Dena den, akuarela gustatzen zait gehien, azkarra delako. Egun batean hasi, eta egunean bertan bukatzen ditut koadroak.
Beste zerbait probatu nahiko zenuke?
Ez, uste dut nahikoa dudala egiten dudanarekin. Orain dela gutxi Madrilen bizi den biloba batek deitu zidan esateko prentsan etorkizun handiko margolari gisa deskribatu nindutela. Ez nuen barre gutxi egin. Etorkizun handia nik? 90 urte ditut eta!
Nolako taldea batzen zarete Katalina Erauso Arte Eskolan?
Hamar bat laguneko koadrila batzen gara, adin askotarikoak. Hori bai, ni naiz zaharrena eta denbora gehien eman duena. Gainerakoak nire seme-alaben adin ingurukoak dira, eta gehienak emakumeak dira. Nahiz eta, gizonen batzuk ere badauden.
Zein motatako margolanak egiten dituzu?
Erretratuak margotzea asko gustatu izan zait beti. Dena den, gehienbat argazkietatik pintatzen dut. Hau da, argazki bat hartu, eta kopiatu egiten dut, paisaiak gehienetan.
Hala ere, batzuetan, kalera ateratzen naizenean, orri txikitan akuarelarekin egin izan ditut margolan batzuk; unean ikusten ari naizena islatuz.
Erretratuak gustuko dituzula diozu, eta zure erakusketan bi daude. Nortzuk dira?
Bat nire suhiaren aitaren erretratu bat da. Ilusioa egiten zion, eta horregatik pintatu nuen. Bestea, aldiz, arte eskolan nirekin ibiltzen zen emakume batena. Orain dela gutxi hil zen, oraindik gazte zela. Bueno, 67 urte edo izango zituen, baina nik gazte ikusten nuen oraindik. Eskelatik hartu nuen bere argazkia, eta erretratu bat egin nion.
Noiz hasi zinen erakusketak egiten?
Oso noizbehinka egin izan ditut. Egia esan, orain da gehien pintatzen ari naizen momentua. 1983. urtetik ari naiz Katalina Erauso Arte Eskolara joaten. Eduardo Saldaña da orain nire irakaslea, eta oso gustura ibiltzen naiz berarekin. Lagun talde polita batzen gara, eta oso ondo pasatzen dugu.
Eta nolatan animatu zara erakusketa egitera?
Ez zitzaidan niri bururatu. Akuarela klaseetatik hogeita hamar bat koadro nituen kutxa batean gordeta, eta semeak ezin zuen ulertu lan horiek guztiak gordeta edukitzea. Orduan, erakusketa bat egitea bururatu zitzaion.
Egiako Sustrai krepetegian erakusketa egitea lortu zuten berak eta bere bikotekideak. Pozik nago, nahiko koadro saldu dira, eta ez da erreza izaten. Gaur egun oso jende gutxik kontsumitzen du artea, nahiago dituzte beste gauza batzuk.
Sariak ere irabazi izan dituzu inoiz.
Bai, inoiz sariren bat edo beste eman izan didate. Tamayo margoen sariketan lehen aldiz eman zidaten sari bat, eta beste behin, adin nagusiko jendeak parte hartzen zuen sariketa bat ere irabazi nuen. Gainera, 2011an Katalina Erauso Arte Eskolan klubarenganako fideltasunarengatik saritu ninduten. Lehen aipatu bezala urte mordoa daramat bertan.
Zer ematen dizu pinturak?
Poztasun eta betetasun sentsazio ikaragarria ematen dit margotzeak. Marrazkia bera da garrantzitsuena.
Errealitateaz gain fikzioa ere marrazten duzu?
Ez, beti errealitatea hartzen dut oinarri. Ez naiz batere irudimentsua. Ikusten dudan hori islatzea gustatzen zait.
Familian beste marrazkilaririk ba al dago?
Semeetako bat oso ona da marrazten, baina berak nahi bezala ateratzen ez bazaio haserretu egiten da. Beste seme batek ere marraztu izan du. Bilobek, berriz, nahiago izaten dute niri marrazten ikustea eurek marraztea baino.
Margolaritzaz gain baduzu bestelako zaletasunik?
Margotzea eta goxokiak jatea dira nire bi zaletasun handienak.
Aurrera begira zein asmo dituzu?
Aurrera begira? zu ere etorkizunaz galdeka? heriotzari ez diot beldurrik eta hori ez da gutxi nire adineko emakume batentzat.
Momentuz, astean bitan joaten naiz arte eskolara akuarela eta esmaltea egitera. Bi ordu egiten ditut saio bakoitzean, guztira lau ordu astean. Hori nahikoa da niretzat. Orain, ekainera arte erakusketarekin ere ibiliko naiz, eta pozik nago. Margotzen jarraituko dut behintzat, hori ziur. Hortik aurrera ez dakit zer gertatuko den.