Kasilda Hernaez feminista eta anarkistaren omenez Kasilda izena jartzea proposatu du EH Bilduk Egiako parke bati. Udal gobernuak eta PPk aurka bozkatu dute.
EH Bilduk Kasilda izena jartzea proposatu duen parkea, Egian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako kale izendegian desoreka nabarmena dago gizonezko eta emakumezkoen izenen artean;
izenen %10 da soilik emakumeena.
Desoreka hori lantzen ari dira aurreko legealdian hasita, Emakumeak eta Hiria foroaren bitartez.
EH Bilduk izendegian aldaketa bat egitea proposatu zuen atzoko udalbatzarrean:
Kasilda parkea izena jartzea, hain zuzen ere,
Polloeko hilerria eta Maria Reina ikastetxearen artean dagoen parkeari, Egian.
Proposamena ez zen onartu, EH Bilduk eta Irabazik soilik babestu baitzuten.
PP, PSE-EE eta EAJk kontra bozkatu zuten.
Adostasun falta, argudio
Kasilda Hernaez urte luzez bizi izan zen Donostian.
Borrokalari feminista eta anarkista izan zen, eta lotura estua izan zuen bereziki Egiarekin. Horregatik proposatu zuen EH Bilduk Egiako eremu hau, Kasilda izena jartzeko.
CNTko militantea izan zen
Kasilda Hernaez, eta bere aldarrikapenak gogora ekarri zituen atzokoan Amaia Almirall, EH Bilduko bozeramaileak: “emakumeen eta langileen alde egin zuen borroka; eta ezin aipatu gabe utzi faxismoaren kontra egindako borroka”.
Irabazi Donostia taldeak ere Kasilda Hernaezen bizitza “gogoangarria” izan zela onartu du, eta proposamena ez onartzeko adostasun falta “argudio merkea” dela aurpegiratu zien gainerako alderdiei.
Kasilda izenaren inguruko
adostasun nahikorik ez izatea izan baitzen, hain zuzen ere, udal gobernuaren argudio nagusia proposamena ukatzeko orduan.
Enrique Ramos sozialistaren arabera, “Kasilda izena ez da egokiena; badira egokiagoak”. Kasilda izena jartzeko ez dela “unerik egokiena” gaineratu zuen Ramosek.
Jon Insausti jeltzaleak kale izendegian emakume izen gehiago txertatzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen, eta udalbatzarreko eztabaidarekin egoera blokeatu izana salatu zuen: “Orain ez dugu ez adostasunik, eta izenik ere”.
Izendegia lantzeko foroak bi helburu argi dituela azaldu zuen Insaustik. Batetik gizon eta emakume izenen arteko oreka lortzea. Eta bestetik, toponimoak gordetzea. Tabakalera inguruko Emakume zigarrogileen plaza jarri zuen adibidetzat.
Gainera, Kasilda izenaren
ñabardura politikoak erabiltzea egotzi zion EH Bilduri.
PPk, berriz, argi erakutsi zuen
ezezko jarrera. Emakume izen gehiago jartzearen alde daudela esan zuen Miren Albisturrek, baina «adostasun zabal bat» behar dutela halako erabakiek; “Kasilda baino izen egokiagoak badaude”.
Aieteko osasun etxea
Kale izendegiarekin ez bezala, udalbatzaren
onarpen osoa lortu zuen Aieteko osasun etxeak.
Lazkano deritzon lursailak osasun erabilera izan dezan Hiri Ordenamenduaren Plan Berezia aldatzea onartu zuten.
Behin betiko erabakia da, eta aho batez hartua gainera. Hortaz, lursaila egokituta,
Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen da orain kudeaketa eta lanak hasteko eskaintza publikoa egitea. EH Bildu kezkatuta agertu zen, legealdia amaitzear denez, gaia gehiago luzatuko delakoan.
Metroaren aurkako protesta, udalbatzarrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Metroaren proiektuari bultzada emango diote
Donostialdeko metroaren proiektua “bide onetik” doala sinetsita dago PP, baina “informazio falta, eta aurrerapauso gutxi” ikusten ditu.
Hala adierazi zuten atzoko udalbatzarrean, eta horregatik, mozio bat aurkeztu zuten. Metroaren lanei bultzada eman nahi diete, eta horretarako,
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak euren konpromisoei heltzea, eta finantzaketaren berri ematea nahi dute. Eta epe ertainean emango dituzten pausoak zehazteko ere eskatu dute.
Popularren eskaera horiekin bat dator udal gobernua, eta
PPren mozioa onartu zuten atzo.
Eneko Goia alkateak, bere aldetik, Donostialdeko metroa “garraio publikoaren aldeko apustu garbia” dela nabarmendu zuen.
EH Bilduk, berriz, kontrako jarrera erakutsi zuen, eta
osoko zuzenketa aurkeztu zuten, metroaren
proiektua gelditu, eta mugikortasun ereduaren eztabaida jendartera irekitzeko eskatuz.
Irabazi Donostiak ere bat egin zuen zuzenketa honekin. Hiri mugikortasuna parte hartze prozesu baten bidez zehaztu behar dela uste dute, eta kasu honetan ez dela halako prozesurik errespetatu nabarmendu zuen Amaia Martin zinegotziak.
Metroak ez duela onarpen sozialik, adierazi zuen Axier Jaka zinegotziak, eta udalbatza aretoan bildutako herritarrei egin zien erreferentzia.
Izan ere, metroaren aurkako
Satorralaia bizilagun taldeko hainbat kide udalbatzar aretoan izan ziren atzo, euren desadostasuna eta ezinegona adierazteko.
Gainera, metroaren aurkako jarrera hori erakusteko hainbat ekintza iragarri ditu Satorralaia taldeak. Bihar,
larunbata, saio informatibo ikusgarri bat egingo dute Kontxako hondartzan.
Hondartzaren azpian 320 metroko ibilbidea egitea aurreikusten du Donostialdeko metroaren proiektuak, eta bide horixe irudikatzen saiatuko dira. 17:30ean jarri dute hitzordua, Kontxako erlojuan.
Bestalde, proiektua geldiarazteko sinadura bilketarekin ere jarraituko dute. Eta
ekainaren 18an proiektua geldiarazteko eskatuz, manifestazioa egingo dute hiriko kaleetan zehar.