“Etxean beldurra zioten nik arte ederrak ikasteari”

Marraztea da Ainara Azpiazuren zaletasun nagusia, eta horixe bihurtu zuen lanbide duela urte batzuk; hirian toki bat baino gehiagotan ikus daitezke bere lanak.

Ainara Azpiazu Axpi; marrazkilaria.

AXPI, Ainara Azpiazu

(Argazkia: Estitxu Zabala)

Orain Igeldon bizi den arren, hernaniarra da Ainara Azpiazu Axpi marrazkilaria (Hernani, 1980). Aspalditik du lotura Donostiarekin; izan ere, Santo Tomas Lizeoan ikasi du, eta hiria gertutik bizi izan duela dio. Jakintza ikastolako ikasleekin Bizipozaren Pasabidea osatu berri du, Tabakalerako proiektu baten bidez, eta joan den astean estreinatu zuten. Bere ibilbidearen berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri.

Nondik datorkizu zaletasuna?
Marraztea betidanik gogoko izan dut, eta nire inguruan zeharka bada ere beti presente egon da. Nire amak Nerecan dendan egiten zuen lan, eta berak ekartzen zizkidan jostailuak horkoak izaten ziren. Osaba bat eskultorea da, eta etxean beti egon da marrazteko eta margotzeko zaletasuna. Osabaren esperientzia zela-eta, etxean beldurra zioten nik arte ederrak ikasteari, eta gustuko nuen beste zerbait ikasi nuen, soziologia. Horretan lanean hasi nintzen, baina oraindik harra barruan nuen. Nire ekonomia antolatzen hasi nintzenean, erabaki nuen arte ederren bidea probatzea, eta gaizki ateratzen bazitzaidan, egingo nuela beste zerbait.
Oso bide autonomoa izan da maila handi batean, inguru honetan garai hartan ez zegoelako komikigintzako eskolarik. Nik ez nituen komikiak irakurtzen, ez zitzaizkidan erakargarriak egiten, baina komunikatzeko tresna polita eta indartsua iruditzen zitzaidan. Jaso nahi nuen hori sortu nahi nuen.

Urte asko daramatzazu zure kontura lanean?
Pixkanaka marrazki aldetik enkargu txikiak atera zitzaizkidan, eta enkargu potolo bat iritsi zenean, konturatu nintzen kontua serioago hartzeko garaia iritsi zitzaidala. 2007aren bukaeran nire kontura hasi nintzen lanean, ogibide bezala.

Antiguako Jakintza ikastolan Bizipozaren Pasabidea osatu berri duzue, ‘Ikastolatik auzora, auzotik hirira’ jardueran. Nolako esperientzia izan da?
Partehartzearekin lotutako proiektuak aurretik ere egin izan ditut, baina proiektu hau osorik Tabakalerarena da. Nirekin harremanetan jarri zen Tabakalerako arte hezitzaile bat, Ana Revuelta, eta eta pinturari dagokion zatia irudikatzeko laguntza eskatu zidaten, eta oso pozik hartu nuen eskaintza. Helburua auzotarrak eta ikastolaren arteko harremana naturalizatzea zen. Ikastolak pasabide bat du, Heriz pasealekutik Erregezainen kalera, eta auzotarrentzat zabalik egoten da 19:00ak arte. Lehen aldiz ikusi nuenean, paretak grisak ziren, eta ez zen oso toki alaia. Bi eraikinen arteko zulo batean dago, eta bazuen potentziala lan pixka bat eginda, zerbait alaia izateko. Hortik igarotzen denarentzat, leku atsegin bat sortzea zen ideia.
Bi hezitzaile aritu dira hilabete batzuetan lanean gelatan lanketak egiten. Zirriborro orokorra beraiek egin zuten, eta ni bi astez egon naiz ikasleekin margotzen. Pintura izan da dena batu duen elementua, baina gauza gehiago er egin dituzte: txorientzako habi kutxak, liburutegia, apalak, aulkiak… oso anitza izan da elementu aldetik.

Nolakoa izan da haurrekin lan egitea?
Haurrak euren adineko gaitasunaren arabera banatu ditugu; eta ez da gauza bera bi urteko haur baten gaitasuna edo 12 urteko ume batena. Horren arabera, gauza finenak helduei ematen ahalegindu gara, eta txikiei beste ardura batzuk eman dizkiegu. Pintzela bera eustea ere bi urteko haur bati kosta egiten zaio, baina badaude pintura ez diren partehartzeak; adibidez, acuaplastarekin eta makiltxoekin sortutako arrainak: bakoitza bere makiltxoarekin etortzen zen, nik paretean acuaplasta jarri eta beraiek paretean itsatsi baino ez zuten egin behar. Gurasoei ere laguntza eskatu genien eta gustura aritu ziren. Tarteka bizilagunak ere etorri dira, zer demontre egiten ari ginen ikustera, eta polita izan da.
Orokorrean harrera oso ona izan da eta eskolako ikasle eta irakasle guztiek parte hartu dutenez, denek eurena sentitzen dute.

Aieteko kultur etxean Ilustratzailearen Txokoa ere bete berri duzu. Gustura geratu zara?
Asko kostatzen zait erakusketak antolatzea, eta iruditzen zait mimoz egin beharrezko zerbait dela. Aietekoa oso txoko txikia eta xumea da, ez da erakusketen formatu tradizionala. Txoko bat da, hiru armairurekin, eta gauza batzuk zintzilikatzeko aukera ematen du. Formatuak berak ere asko laguntzen zidan espazio horretara egokitzen, eta aurrera egin nuen. Nire lanak bost esparru ditu orokorrean: ilustrazioa, komikigintza, muralak, tailerrak eta zabaltzea; eta horietako hiru sartu ditut, ilustrazioa, komikigintza eta zabaltzea. Nire liburu gehienak jarri ditut, komiki batzuk eta zenbait bitxikeria.
Erakusketak jartzean ez dut jasotzen feedback asko, nire lanean orokorrean gertatzen zaidan bezala. Batzutan faltan botatzen dudan arren, beste batzuetan gogoko dut babes hori.

Erronka berriak dituzu?
Orain bi mural ditut egiteko, eta kolaborazio batzuk ere aldizkari batzuekin. Mahai gainean ditut oso aspaldiko proiektu pertsonal batzuk eta itxi egin nahi ditut. Urte polita datorkidala uste dut. Askotan gehiago aritzen naiz egingo dudanari begira, egin dudanari baino. Azkenean hori da pizgarria honetan jarraitzeko eta hobetzeko. Egindako guztiak ematen dizu zerbait, eta batzutan iruditzen zait ez dudala denborarik izango nahi ditudan arlo guztiak jorratzeko.

Donostian margotu duzu beste muralen bat. Non margotuko zenuke gustura hurrengoa?
Donostiako Piratekin bi mural egin nituen, baina mugikorrak ziren, eta ez dakit non egongo diren. Aldakonean ere egin nuen beste mural bat, baina kolektiboa izan zen, eta nirea sentitzen dut maila bateraino. Momentu honetan ez zait leku berezirik etortzen burura, oso hiri txukuna da Donostia! muralak jolastu egin behar du kontestuarekin… eta Donostia beti dago oso zaindua.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend