Egiako parkeko bidea zelaitzeko lanak uztaila eta abuztua bitarte hasiko dituzte. Egia Bizirik eta Loiolako Erriberako auzo elkarteetako kideen iritziak jaso ditu Irutxuloko Hitzak.
Egiako parkean zelaitu nahi duten bidea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Loiolako Erriberako bizilagunek Amara edo Erdialdera joateko bide gisa erabiltzen dute jada Egiako parkea. Aldapa handia dago, ordea, Loiolako sarreratik (Mikel Laboa zubitik) Amarako sarrerara (Gladys del Estal zubira).
Bada, malda hori zelaitzea erabaki du udalak, bereziki Loiolako Erriberako bizilagunen eta elbarrituen elkarteetako ordezkariek egindako eskariari erantzun bat eman nahian.
Lehen ere izan zen gaia mahai gainean; baina, ingurumen teknikarien aurkako txostenaren ondorioz, garatu gabe geratu zen.
Orain, proiektu berri bat aurkeztu du udalak: Mundaizko hormari itsatsita beste bide bat egingo dute, gehienez % 6ko malda duena; oraingoak % 17koa du. Horretarako, hogei zuhaitz inguru atera beharko dituzte.
Gune publikoetako zinegotzi Alfonso Gurpegik azaldu duenez, «bide bazterrean dauden zuhaitz gazteak dira botako direnak, pare bat besterik ez handietakoak». Hala, parkean eragingo den kaltea txikia izango dela uste du udal gobernuak.
Malda jaistearekin batera, Mundaiz ikastetxerako sarrera mugituko dute. Eta sarrera berri bat ere egingo dute ikastetxeak Urumea ibaian duen ontziratzeko lekura.
Bi hileko egokitze lanak
Uztaila bukaeran edo abuztuaren hasieran abian jarriko dituzte egokitze lanak. Bi hilabete beharko dituzte amaitzeko, eta 100.000 euroko aurrekontua izango dute.
Bestalde, Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren arabera, Egiako parkeko joan-etorriak asko ugarituko dira datozen bost-hamar urtean, Loiola eta Txomin Eneako hirigintza proiektuen ondorioz. Zelaitze lan horiekin erabiltzaileen irisgarritasuna asko hobetuko dela uste dute.
Aurreko astean eman zieten proiektuaren berri herritarrei. Udal teknikari eta zinegotziak Loiolako Erribera, Amara eta Egiako auzo elkarteekin bildu ziren, eta bertan izan ziren Mundaiz ikastetxeko guraso elkarteko kideak, elbarrien elkarteetako ordezkariak, Haritzalde eta Eguzki ere.
Oro har, parte hartzaileen harrera ona izan zela adierazi zuen Gurpegik. Loiolako Erriberako auzo elkarteko kideen ustez albiste ona izan da: «Pozik gaude bere garaian ongi egin ez zen gauza bat konpondu delako; albiste ona da bai Loiolako Erriberako auzotarrentzako, baita proposamen honetan parte hartu dugun beste elkarteentzako ere», adierazi du Loiolako Erriberako auzo elkarteko kide Dani Jimenezek.
Proposamen horretan hiru eskaera egin zituzten: malda txikitzea, parkean sartzeko ordutegia zabaltzea, eta ateen irekitze automatikoa. Jimenezek azaldu duenez, autobus geltoki berritik zetorren autobus zerbitzua kendu dute; «hortaz, parketik pasa behar dugu nahita nahiez; gure egunerokoan izugarrizko garrantzia hartu du bide horrek».
Hori dela eta, albiste ona dela uste dute Loiolako Erriberakoak: «Jende ugarik uko egin behar izan dio parkean sartzeko aukerari. Halere, aurrez aurreko sentipenak ditut, zuhaitzen eraginak ez duelako inor hotzepel uzten».
Horren harira, ulertzen dute Egiako parkearekiko sentsibilitatea izatea herritar askok, «eta nik ere hori estimatzen ikasi dut prozesu honetan. Baina ez dugu gatazkarik sortzea nahi, Loiolako Erriberak ezin du arazo bat izan Egiako parkearentzako. Defendatzen dugun bakarra da sarbide hori ezinbestekoa dela, bai Loiolako Erriberarentzako eta baita ibaiaren inguruko hirigintza proiektuetarako ere. Parkea bateragarria da zaintzeko, partekatzeko eta zeharkatzeko».
Lanek irauten duten bitartean Mundaiz ikastetxetik igarotzeko aukera egongo da. «Independentea izango litzatekeen bide baten aldekoa naiz, noski, uste dut behin betiko konponbidea izango litzatekeela, eta arazo guztiak saihestuko lituzkeela. Mundaiz ikastetxea, ordea, jabetza pribatua da, eta bizilagunak ezin gara horretan sartu. Hori negoziatu izana egokiena izango litzateke. Hain zuzen ere, aukera bezala aurkeztu genuen, baina ez digute erantzunik eman hasierako proposamenean ez zegoelako», esan du Jimenezek.
Parkea edo bidea?
Egia Bizirik auzo elkarteko kideek eta Eguzkik, berriz, ez dute proiektua begi onez ikusten: «Parke izaera onartu beharrean, hiriko bide baten trataera bera eman nahi diote pasabide honi», salatu du Berdaitz Gurutzeaga auzo elkarteko kideak.
Irisgarritasunaren izenean, auzotar batzuen interesei begira egindako proiektua dela uste dute, eta ez zaie bidezkoa iruditzen: «Parkea errespetatu beharrean, norbanakoen erosotasunaren arabera moldatu nahi dute. Jendearen beharretara egokitu behar dute parkea, maldak kenduz. Hiriko beste edozein bide bezala tratatu nahi dute, eta hiriko arauak aplikatu nahi dituzte, parke bat dela, babestutako natur gune batetaz ari garela kontuan izan gabe».
Loiolako Erriberakoek ibaiaren ertzetik badutela Amara edo Erdialdera joateko bide bat dio Gurutzeagak. 2006an Mikel Alonso arkitektoak egindako alternatiba bat ere gogoratu du. Loiolako Erribera eta Amara lotzeko zubitik zubirainoko bide baten proiektua egin zuten, Mundaiz ikastetxetik barrena, parkean sartu gabe.
Proiektuari aurre egiteko neurri judizialen bat hartzeko aukerarik ba ote duten ere aztertzen ari dira auzo elkarteko kideak. «Azkenean nahi dutena egingo dute, baina gu ez gatoz bat; alternatibak badaude; beraz, utzi dezatela parkea bakean. Parkean aldapa dagoelako malda kentzea, zer izango da hurrengoa? Ezin dugu hain geurekoiak izan», dio Gurutzeagak.