Ekainaren 16an, ostegunean, 'La fete est finie' dokumentala eskaini eta solasaldi bat egingo dute, 18:30etik aurrera.
Larunbateko solasaldietako bat, Bulebarreko kioskoan. (Argazkia: Donostiako Piratak)
Donostiako Piratek Kantauri Beltza topaketak antolatu dituzte, 2016an ere kultura abordatu lelopean. Donostia Kultur Hiriburu den urtean kulturari eta itsasoari begira jarri dira, eta gogoeta egiteko deia zabaldu dute. Hala, egitarau zabala prestatu dute: hitzaldi, solasaldi, performance eta dokumentalak.
Ostiralean jarri zituzten abian topaketak, Bulebar inguruan, Gipuzkoa Zutik dinamikaren mobilizazioekin bat egiteko asmoz. Larunbatean, besteak beste, herri mugimendu eta musika eszenen gaineko solasaldia izan zuten. Herri mugimenduen jardunak lehenago ez zeuden egoerak sor ditzake. Praktika politiko orok, komunitatera irekitzen denez, errealitatea aldatzeko ahalmena duen bezala. Bada, ondorengo galderei buruz hausnartu zuten: ohartzen al gara jaietan, gaztetxean…programatzen dugun horrek zer eragin duen musika eszenak eratzean? Zein irizpide gailentzen dira kartelak osatzean?
Ekainaren 16an, jarduera gehiago
Aste honi begira ere, beste saio bat antolatu dute Donostiako Piratek, Txondorra gunean. Izan ere, ekainaren 16an,
La fete est finie dokumentala eskainiko dute, 18:30ean; eta, ondoren, kulturaren inguruko solasaldia egingo dute, 20:00etatik aurrera. “Tokian tokiko gobernuek eta finantza sektoreak hirietan eta hiri garapenean aurkitu dute kapitala metatzeko aukera. Etengabeko hazkundearen paradigma oinarri harturik, hiriak lehian ari dira elkarren artean, nork erakarriko inbertsore edo kapital gehiago. Eta, merkatu globalean merkantzia diren hirietan, zertan da kultura?”.