1969. urtean Herrerako jaiak iragartzeko prestatutako kartela da hau. Bertsoak, berriz, testuinguru berean Andoni Kortajarenak idatziak. Hiriko bizimoduaren errepaso bat egiten du zortzi bertsotan.
Herrerako jaiak, 1969
Kartela ikusita, gaur egungoa izan zitekeen lasai ederrean. Baina 1969. urtekoa da. Herrerako San Luis jaiak iragartzen dituen kartela hain zuzen ere. Festa giroan murgildurik dabiltza egunotan, Antigua eta Amara Berriko lagunen antzera.
Festak umorea berekin izan ohi du, baina sarritan, baita aldarrikapenak ere.
Ondorengo bertso hauek
Andoni Kortajarenak idatzitakoak dira. Jaiak iragartzeko irudia bezalaxe,
1969. urtekoak dira.
Zortzi bertsotan, errepaso bat egiten dio garai hartako hiriari, eta baita bizimoduari ere: Jai batzordeen diru falta, hiriaren eraldaketak, kanpoaldeko auzoen ikuspegia…
Donosti inguruko bide berriak
Errera’tik du asiera,
auzo ontako eliz ondotik
Añorga’ko ‘Inpernura’;
tarte orretan mendiak zear
ta Loiola’tik aurrera,
bañan ara baño lenago
‘ilerria’ pasa behar da.
Eliza ta ‘Inpernu’ tartean
dijoa bere egoera,
kontuz ibilli bide orretan
ta ondo egin jokaera;
Eliz ondoan gogoratu
degula bizi bat bakarra,
Kanposantuari agur egin da
segi Añorga’tik aurrera.
Bide berria ondo datorkio
Donosti ederrari,
lasaitasuna emateko
dirua dun jendeari;
ta orretarako etxeak bota
Errera’n bizi diranari,
nai dutena ordaindu eta
kezkak banatu ugari.
Sendi askotan kezkak ugari
sortu dira ori dala-ta
bizi modu berria eratu bear
beste tokira aldatu-ta;
askoren ongarri izateko
dagola erabakita,
bañan ziteken konpoketa.
Bide berria osatutzeko
gogor lanean ari dira,
burdin bidea ere aldatuz
lengo tokitik eskubira;
andik aurrera mendipetikan
Gaiztarro’ko lurretara,
Topo gañetik, kamio azpitik
dijoa bere egoera.
Errera inguruak oraingotikan
zearo aldatuko dira,
bideak alde guzietako
bada emendik dute asiera;
ibiltzeko errestasunak
joateko no-naira,
kale tarteak igaro gabe
egin liteke ibillera.
Orain beste bi bertso dijoaz
aurtengo jaien gañean,
Donostik asko kobratu, eta
Errera’ri gutxi eman;
era orretan jai antolaketa
ezin aurrera eraman
ta erriari eskatu bear
nai baditu jaiak izan.
Nola nai ere adiskideak
opa dizuet biotzetik,
urtero bezela aurten ere
zorionak non-naitik;
Koldobika Donearen izenean
ta bera ospatzeagatik
ill onen ogeitabatean
izango diran jaiagatik.
Asteburua luzatu eta bertso zahar hauetan aipatzen den moduan, datorren asteartean, ekainaren 21ean, San Luis eguna ospatuko dute herreratarrek.
Eta egutegian gertu egonik, santu batetik beste santu bateraino jauzi eginez, suaren bueltan jauzi egin arte ez dute ospakizunek etenik izango Herreran. Izan ere, San Joan bezperan amaituko dira aurtengo Herrerako jaiak, sugarra eta indarrak itzaltzearekin batera.