Beñat Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok bertsoz beteko dute Antigua larunbatean. Amara Berrin gaur arratsaldean piztuko dute San Joan jaietako txupina.
Antiguatarrak dantza taldeko kideak. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Uda iristeko egun gutxi falta dira, eta jada opor eta festa usaina dario hiriari. Antiguan joan den asteburuan hasi ziren sanjoanak ospatzen, eta ekainaren 23ko gau magikoa heldu bitartean, egitarau zabala prestatu dute.
Antiguotarrak dantza taldearen ekimenez ospatzen dituzte sanjoanak auzoan. Jai kultural moduan ospatzen dituzte, auzoko jaiak sansebastianak baitira. Aurten buruhandi berriak estreinatu nahi zituzten sanjoanetan, baina ez da posible izan. Jakintza ikastolarenak erabili dituzte.
Emaus Fundazioa eta Antiguotarrak dantza taldearen elkarlanaren bidez lortu nahi zituzten buruhandi berriak, baina oraindik ez dituzte bukatu. Emaus Fundazioaren Muntoko gizarte zentroko tailerretan ari dira azken ikutuak ematen. Antiguako jaien aspaldiko beharra da: buruhandi berriak. Egun dituztenak ez daude egoera onean, hautsita daude. Jakintza ikastolari, eta beste auzoetako jai batzordeei eskatuta konpondu izan dute arazoa. Beharbada sansebastianetan estreinatuko dituzte buruhandi berriak, ekitaldi berezi bat prestatu nahi dute eta.
Gaur gizonezko, emakumezko eta kirol egokituko pala txapelketako finalak jokatuko dituzte frontoian, 19:00etan. Bihar, larunbata, bertsoz beteko da Antigua.
Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio bertsolariekin bertso poteoa egingo dute 20:00etan, Antiguotarrak elkartetik abiatuta, eta Plateron bertso afaria egingo dute.
Igandea dantzaz gozatzeko eguna izango da, Antiguotarrak dantza taldeak kaleak hartuko dituelako, eta erakustaldia egingo dutelako frontoian, 13:00etan. San Joan bezperan Gaskonia plazan elkartuko dira auzotarrak, suaren bueltan, 22:00etan. Suaren konjurua, soka dantza herrikoia eta lore sorta banaketa egingo dute. Aurretik, San Joan bezperako kantujira egingo dute auzoan zehar.
Sanjoanak Probestu plazan
Amara Berrin Ikasbide kultur elkarteak antolatzen ditu sanjoanak. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Amara Berrin ere aspalditik ospatzen dituzte sanjoanak. Ikasbide kultur elkarteak sustatuta, musikaz, dantzaz eta jolasez beteko dute auzoa. Gaur 19:30ean piztuko dute jaietako txupina, Probestu plazan, eta igandea arte egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango dute.
Txupinaren ondoren, Bagera elkarteko kideak omenduko ditu Ikasbide kultur elkarteak, auzoan egin duten lana aitortzeko. Ondoren, kalejira egingo dute erraldoiekin, buruhandiekin eta dultzaineroekin.
Bihar goizean haurrentzako herri kirolak prestatuko dituzte, eta aspertzeko astirik ez du izango inork, toka txapelketa, paella txapelketa eta ping pong txapelketa ere egingo dituztelako. Bazkarri herrikoiaren ondoren, haurrentzako hamaika tailer eta jolas izango dira. Igandean auzotarrei dei egin diete
Zaporeak egitasmoaren aldeko bazkari solidarioarekin bat egitera. Errefuxiatuen aldeko proiektura bideratuko dute bildutako dirua. Ostegunean,
San Joan bezperan berriz elkartuko dira, udari ongietorria ematera, Anoetan piztuko duten suaren bueltan,