Donostia 2016ren diru laguntzetako bat jaso zuen 101 Ele proiektuak, 2015ean. Ahotsak programatik jaiotako proposamena da, eta hiriaren bueltan ahalik eta hizkuntza gehien jaso nahi ditu, atzerritarren bidez, bereziki.
Idoia Mauleon, Idoia Etxeberria eta Lela Iosava georgiarra. Argazkia: Estitxu Zabala)
Karabana batean igaro dute astea 101 Ele proiektuko Idoia Mauleonek eta Idoia Etxeberriak. Eguzkipean ibili dira, baina ez dira oporretara joan, eta ez dira Donostiatik irten. «Iazko Olatu Talkan aurkeztu zuten Ahotsak plataformaren bidez sortutako egitasmoa, eta publikoaren oniritzia jaso zuen. Donostialdeko hizkuntza guztiak jasotzea da helburua, eta atzerritarren ikuspegia jasotzea Donostiaren inguruan», azaldu du Mauleonek. Hala, iazko maiatzean kamera hartu eta elkarrizketak grabatzen hasi ziren, eta dagoeneko, 60 hizkuntza inguru jaso dituzte: «Ea iristen garen 101era!». Hizkuntzen aitzakian, hainbat gai landu nahi dituzte: eleaniztasuna, kultur aniztasuna, inmigrazioa, eta elkartasuna. Ondoren, bildutako materialarekin ikus-entzunezkoak osatzeko asmoa dute, eta webgune batean bilduko dituzte, abendurako.
Hizkuntza Eskolarekin, Sos Arrazakeria eta euskaltegietan jarri dira harremanetan lehen boluntarioak lortzeko, baina badago kalean jardueraren berri izan eta animatu denik ere.
Askori galdetu diete ea nola tratatuak sentitu diren, eta gehienak ez dira kexatu. «Egon da benetan pentsatzen duena esan duenik, nahiko arrazistak garela eta zaila egiten zaigula irekitzea. Enpatia badugula, baina era berean ez zaigula gustatzen kanpotarrak etortzea. Badaude guztiz integratu direnak, inolako arazorik gabe, eta euskaraz ere ikasi dutenak». Bitxikeria gisa, Mauleonek dio kanpotar gehienak maitasunagatik etorri direla, beste asko lan kontuengatik edo zientzia munduan ikertzen ari direlako.
Hizkuntza bereziena Hego Afrikako xhosa iruditu zaio Mauleoni: «Fonetikoki oso kuriosoa egin zait xhosa, baina hizkuntza guztiek dute berezitasunen bat. Askok esaten dute, gainera, euren hizkuntzak euskararekin antza handia duela».
Georgiatik Donostiara
Hauek dira orain arte jaso dituzten hizkuntzetako batzuk: euskara, gaztelania, hindia, urdua, ingelesa, suomiera, georgiera, alemaniera, lingala, fang, portugesa, azeria, bandenkop, errusiera, frantsesa, wolofa…
Lela Iosava, esaterako, Georgiakoa da, 33 urte ditu eta ikasketa kontuek ekarri dute Donostiara. Asteartean karabana ikusi zuen unibertsitate parean, eta proiektuan parte hartzea erabaki zuen. Duela urte eta erdi iritsi zen hirira, Erasmus programari esker, Goi mailako irakaskuntzako ikerkuntza tesia egiten ari dela eta. «Oso interesgarria iruditzen zait hizkuntzak biltzearen kontua. Elkarrizketen prozesua oso polita da», dio Iosavak.
Hiriarekin, gainera, oso pozik dago. «Ez dut uste inork ezer txarrik esango duenik Donostiari buruz. Oso polita da eta oso dinamikoa. Eguraldia ez da batere egonkorra. Etorri aurretik, Espainiaren parte bat izanik, eguraldi ona izango nuela pentsatzen nuen, baina gero esan zidaten, ‘Ez, hau Euskal Herria da, Londonen antzekoa’. Eguraldi ona egiten duenean hiririk politena dela uste dut».
Larunbatean, tailer teoriko eta praktikoak emango dituzte Alderdi Ederren, eta nahi duenak kamera hartu eta erreportari lana egiteko aukera izango du. Horretarako,
101@ahotsak.com posta elektronikoan eman daiteke izena. Goizez eta arratsaldez arituko dira: 11:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 18:00etara.