Unai Pelayo ‘Pelax’. (Argazkia: Amaia Oca)
Unai Pelayo ‘Pelax’ musikariak Telmo Trenorrekin batera sortu duen proiektua aurkeztuko du ostiralean Bukowskin (21:30, doan). Elektronika eta musika beltzaren erritmoan lan egin ohi du Trenorrek; Pelax, aldiz, rock eszenan mugitu da. Bukowskiko emanaldiaz, eta aurrerantzean landu nahi dituen egitasmoez galdetu diogu.
Nola ezagutu duzue elkar? Egiakoak zarete biak, ez dakit urte berean jaiotakoak izango zareten. Txikitatik ezagutzen duzuen elkar ala duela gutxiko kontu bat izan da?
Txikitatik elkar ezagutzen gara Telmo eta biok. Nahiz eta ni 1989koa izan, eta bera 86koa, gertuko harremana izan dugu beti. Nire anaia Ander Telmoren kintakoa da, eta txikitatik elkartu izan gara, bai kalean zein oporraldiren batean. Gurasoak elkar ezagutzen dute, eta orokorrean etxekoekin harreman handia dugu.
-Eta orain, agerikoa den galdera… Telmo DJ gisa dabil, elektronika, musika beltza eta hip hopa bezalako musiken erritmoan lan egiten du. Zu, berriz, rock eszenan mugitzen ari zara. Nola sortu da elkarrekin lan egiteko aukera?
Denbora generaman hau egin nahian. Badira hainbat urte nik elkarrekin zerbait egiteko proposatu niola, baina ezin izan genuen burutu. Kaleratu nuen
Cowboy’s Orchestra Saioak atsegin handikoa egin zitzaion, baina bai Telmo eta ni neu oso lanpetuak egon gara bakoitza bere emanaldiekin.
Aurtengo otsailean, Telmoren aita Karlos Trenorrek kartzelan hautatutako olerki batzuk musikatu nituen Bukowskin, Eneko Sierra eta dozena bat auzotarren laguntzarekin. Oso emanaldi hunkigarria izan zen. Gogoan dut Telmori arreta eman ziola deitu ziola nire gitarra efektuak, eta ostean deliberatu genuen garaia zela elkarrekin gauzak probatzeko tartea eskaintzea.
Bukowskin egingo duzuen emanaldia lehendabizikoa da? Estreinaldia?
Hala da, estreinaldia. Nola ez, Egian, lagun artean. Bion lagun den Haizeak urteak ospatzen ditu, eta Bukowskin festatxoa antolatu du. Gure emanaldiaren aurretik Haizearekin kantu batzuk abestuko ditut, giro apalean, ahots ederra baitu. Ondoren gure emanaldia izango da, eta azkenik Telmok musika jarriko du. Dena etxean eta lagun artean. Gure lagunen artean ikusmin handia sortu du elkarrekin taularatzeak.
Nola prestatu duzue emanaldia? Nolakoa izango da? Ez dakit dena kontatu nahi duzun, baina ea zerbait aurreratu dezakezun! Fusio bat da proposatzen duzuena?
Fusioa da gakoa. Telmok sintetizadorea, sanplerra, erritmo kutxa eta oso gutxi ulertzen ditudan trastoak erabiltzen ditu, eta nik nire gitarra eramango dut… [barrez]. ‘Atmosfera’ hitza atera zen gure lehen ensaioan… Kantu berriak egongo dira, kantu zaharrak, olerkia…eta sorpresa pare bat ere bai!
Proiektu eta formatu desberdinak probatzeko gogotsu zaude? Physis vs Pelax, Pelax eta Cowboy’s Orchestra, orain, Trenorrekin… Beste kolaborazio edo proiekturen bat al duzu buruan?
Egitasmoa bakarrik hasi nuen eta adar ezberdinak hazten ari zaizkio pixkanaka. Pertsonekin barruan duzuna partekatzea gauza ederra da, eta neure burua alderdi eta estilo ezberdinetan ikusteak asko laguntzen nau. Musika ulertzeko beste ikuspuntuak ulertzea garrantzitsua da, eta honetan asko laguntzen naute Beñat Antxustegik, Eneko Sierrak, Telmo Trenorrek, Orchestra guztiak, eta inguruan ditudan beste hainbeste sortzailek.
Orain inoiz baina askatasun handiagoa dut gauzak probatu eta neure burua konpromiso ezberdinetan ikusteko. Konpromisoak azken finean nere burua behartu eta hobetzeko bidea irekitzen dit.
Bizipen eta esperientzietatik ateratzen dira kantuak. Gertatu den zerbait, gertatzea desira duzuna, edo nahi ez duzuna, amesten duzuna…. Esperientziak elikagai gisa, eta pertsonak dira elikagaien piramidean puntu gorena.
Bukowskin izango zarete Telmo eta zu, ondoren Bergaran. Berriro errepikatzeko asmoa duzue?
Data gehiago lortu nahi ditugu, ez erlaxatzeko eta gure egitasmo berri honi bultzada handiagoa emateko.
Udarako zer plan duzu? Kontzertuak dituzu, ala atseden hartuko duzu?
Atsedenari tartea eskaintzeko asmoa dut, pilak ondo kargatzeko. Kontzertuak emateko ere aukera izango dugu. Aste honetan bertan Telmorekin bi emanaldi ditut, bat Egian eta beste bat Bergaran. Sierrarekin ere emanaldi bat dut, Elorrion. Datorren astean Usurbilera goaz Physis vs Pelax formatuan. Orchestra osoa bueltan izango da abuztuan, eta dagoeneko bi data lotu ditugu. Hala ere, asmoa pixkanaka kantu berri gehiago egitea da, eta horretarako pistoia jaitsi beharra dut…