Afizionatu mailako pilotari onenak bilduko dira aurten ere Antiguako LXVIII. Pilota Txapelketan; 24 bikoteren artean, partaide donostiar bakarra egongo da: Groseko Iñigo Bikuña.
Groseko Iñigo Bikuña, Antiguako frontoian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Sekulako pilota soinuz eta jende burrunbaz beteko da laster Antiguako frontoia. Izan ere, uztailaren 12an hasiko da Antiguako LXVIII. Pilota Txapelketa. Afizionatu mailan momentuan dabiltzan pilotari onenak bilduko ditu lehiak. Guztira, 48 pilotari arituko dira nor baino nor, jubenil eta helduen mailetan, bikoteka. Horien artean, pilotari donostiar bakarra egongo da, Iñigo Bikuña jubenila: «Nahiago nuke donostiar gehiago egotea txapelketan».
Partidak jokatuko dituzte astearte, asteazken eta ostegunetan. Egunean bi norgehiagoka izango dira, 19:00etan. Multzokako fasea eta kanporaketen ostean, finalak abuztuaren 28an jokatuko dituzte.
Iazko esperientzia gainean
Iaz ere, Bikuña bera izan zen Donostiako ordezkari bakarra, atzelaria. «Zortzi urterekin hasi nintzen Antiguan pilotan jokatzen, eta hemen jarraitu dut beti. Ez dut sekula klubez aldatzeko premiarik izan. Antiguan gustura nabil, eta bertan jarraitzea espero dut».
Kadetea zenetik Herriarteko Txapelketan parte hartzeko aukera izan du, eta oso esperientzia polita izaten dela dio: «Duela bi urte txapela irabazi genuen, eta Euskal Herrikoan ere finalera iritsi ginen. Hori izan zen Donostiarekin Herriartekorik onena». Aurten ere, parte hartu du Herriartekoan, baina azkar kaleratu dituzte, iaz bezala.
Urtean barrena Gipuzkoako Txapelketa eta Udaberrikoa izaten ditu, eta seguraski bietan Antiguarekin parte hartuko du. Udan ikastaroak ematen ari da, zazpi eta hamabi urteko haurrekin: «Hasieran lotsatuak ginen, bai ni, baita beraiek ere, baina orain gustura gabiltza. Txikiekin zaila da, denbora guztian pilota hartu eta jaso, baina pixkanaka hobetzen ari dira». Gainera, orain bera haurra zen garaian baino zaletasun gehiago dagoela uste du. «Orain frontoitik pasatzen zara eta ume pila bat egoten dira, eta gero eta txikiagoak. Antiguako Eskola gero eta hobeto dabil, eta zaletasuna badago».
Iazko Antiguako Txapelketan, oso tanteo baxua egin zuten lehen partidan, beraz, taldetako fasea ez zuten gainditu, hala ere, gustura aritu zen: «Esperientzia oso polita izan zen. Harmailak jendez beteak zeuden, eta horrela gustura jokatzen da». Nafarroako Garate izan zuen bikote lehen partidan, eta bigarrenean, Arrasateko Garcia. «Ez nituen ez bata ez bestea ezagutzen, eta Antiguako frontoian entrenatu nuen beraiek gabe, nire entrenatzailearekin». Aurten, Astigarragako Hodei Exposito izango du bikote, eta harekin lehenago geratzeko asmoa du. «Espero dut ongi moldatzea, aspalditik ezagutzen dugu elkar eta ongi moldatzen gara, gainera. Denek iritsi nahi dugu finalera, ikusiko dugu. Beti maila altura egoten da eta gure multzoa gororra izango da».
Multzokako fasean, bi partida ziurtatuak dituzte, uztailaren 19an eta 27an izango ditu norgehiagokak, eta lau bikoteetatik bi onenek egingo dute aurrera.
Prestaketa gisa, aste honetan Hernanin eta gero Amezketan txapelketa bana izango ditu. «Banaka ez naiz ongi moldatzen, kantxa handiegia geratzen zait».