Telmo Yurramendi: 'Entrenamendua'
Astean zehar ohikoa dugun moduan, 19:30ean gelditu gara Donostiako kaian, Kaiarribako sotoetan. Aldagelan sartu orduko, arbela begiratu eta entrenamenduaren lehen zatian uretaratuko den taldearen barruan nagoela ikusi dut. Bigarren begirada batean, gaur egiteko dugun lana: biderkaketa eta batuketa konbinazio bat dira, zenbaki askorekin, baina taldekideekin eztabaidatu ondoren, serie motzak palada altuan direla ondorioztatu dugu. Aldatu eta trainerua prestatzera joan naiz. Beti dago egitekoren bat: tosta konpondu, arraunak entrenatzaileak dioen neurrian jarri, herdoildutako torlojuren bat aldatu… Baten bat berandu omen dator, lan kontuak. Lehen zatian kanpoan gelditu beharko du.
Aldagelara bueltan, entrenatzaileak gaurko lana zehazki nolakoa den eta helburua zein den azaldu digu. Ez da zalantzarik gelditu. Giharrek baino, birikek lan handiagoa izango dute gaurkoan. Ringlemann efektuaren inguruan ere hitz egin digu. Arranplan luzaketak egin ditugu, bainuan dabiltzan gaztetxoen, argazkiak egin eta egin dabilen turistaren eta hizketan ari diren arraunzale batzuen begiradapean. Trainerua uretaratu, norberari dagokion arrauna hartu eta barrura. Kaitik atera eta Moilapunta parean, Gurutze Gorriaren altueran, hasi dugu entrenamendua. Gaztetxoek bainuan jarraitu dute, turisten argazkiak egiteko gogoa ez da bukatu, eta zaleak gu ikusteko leku hobe baten bila abiatu dira.
Beroketa moduan, badiari buelta eman eta Kontxako pasealekuko erlojuen parean gelditu gara. Ur trago bat eman, entrenatzailearen argibideak entzun eta lehen seriea jo dugu. Hasieran ongi, gero arnasa larritu eta gutxira, patroiak ‘Bi palada eta stop!’ garraxi egin, eta agindua bete dugu. Birikak haizez bete bitartean, entrenatzaileak motoratik eskuak azkarrago ateratzeko eskatu dit, eta jarraian, tostakidearen broma entzun behar izan dut. Hurrengo serieetan zuzentzen saiatu naiz. Entrenamendu erdian, aldaketak egin ditugu. Trainerutik atera direnek, entrenamendua ergometroaren kateari tiraka osatu beharko dute.
Entrenamenduaren bigarren zatia aurrera joan ahala, itolarria lehenago etortzen hasi zait, eta beranduago joaten. Azkenerako, hauspoari buelta eman ezinik. Eta badirudi tostakideari ere gauza bera gertatu zaiola, aspaldian ez dit bromarik egin eta. Hori omen zen entrenamenduaren helburua, arnas faltarekin, arraunean ahalik eta egokien egitea. Moilara itzuli, trainerua garbitu, bainu azkar bat eta dutxara.
Larunbatean 17:00etan, Kontxako badian, etxeko estropada jokatuko dugu. Ea asmatzen dugun berriz ere azkarrenak izaten.