2013an aldatu zuen norabidea Donostiako arrantzaleen kofradiak. Egun, lau arrantza ontzi geratzen dira, eta lekua egokitu berri du Jaurlaritzak, bisitan datozen txalupak jasotzeko.
Ezkerrean, bizirik dirauten lau arrantza ontziak; eta, eskuinean, bisitarientzako leku berria. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Kaiak itxura berria du, eta agintariek harro bisitatu zuten gunea, joan den astean. Duela gutxira arte arrantza ontziek betetzen zuten gunea, bisitarien txalupek hartuko dute. Hala, tradizioaren lekua hartuko du turismoak. Izan ere, 2013an bere bidea aldatu zuen Donostiako Arrantzaleen Kofradiak, egoera ekonomiko txarraren ondorioz.
Duela hiru urtera arte, kofradiak hiru langile zituen; zortzi ontzi zituzten momentu hartan, eta haietan 50 arrantzale ari ziren lanean. Itsasora joateko jende falta zen arazorik handiena; ez zelako belaunaldi aldaketarik egon. 2011n, Eusko Jaurlaritzarekin akordio batera iritsi ziren, kofradiaren jabegoa hari emateko, berritze batzuk egitearen ordainetan. Hain zuzen ere, Ana Oregi, Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, joan den astean egon zen kaian, bisitan: «Hiriburua eta haren ingurua are erakargarriago egingo dituzte», esan zuen. Aita Mariren eskulturaren aurrean jarri dituzte kanpoko itsasontzientzako amarralekuak, eta beste ontzi askok eskaria egin dutela jada ziurtatu zuten. Obren harira, urazpia garbitu dute, eta bertatik atera dituzte kate zaharrak, sokak, kutxak eta bestelako hondakinak; hobetu dituzte ere bideak, sareak eta zoladura.
Guztira, 290.000 euroko kostua izan dute obrek, eta agintarien ustez, bermatuta daude bai arrantza jarduerak bai itsasoko kirol jarduerak, bidean dauden itsasontzientzako amarraleku berriei esker. Gainera, autoordainketako gasolindegi berri bat eraikitzen ari dira. Zehazki, Astilleros Amilibia Untziolak enpresak bi eremu bereizi eraiki ditu: bata arrantzale profesionalentzat, eta Donostiako Kofradiako erretiratutako arrantzaleentzat, eta beste bat kirol-itsasontzientzat, bidaiatzen ari diren bitartean, bertan geldialdia egiteko.
Kofradiaren eraikinari dagokionean, Gipuzkoako Portuen Zerbitzuaren eta EKPren egoitza (Euskadiko Kirol Portuak) izango da, eta obrak abuztuan amaitzea aurreikusi dute.
Txanponaren beste aldea
1927. urtearen bueltan eraiki zuten Donostiako kofradia, eta bertan batu izan dira urteetan armadoreak, arrantzaleak eta ikazkinak. Egun, lau arrantza ontzi geratzen dira portuan, lauak txikiak, bizpahiru lagunentzako.
Aieteko Iñaki Alberdi 20 urte zituela hasi zen marinel gisa lanean; aurten, ordea, bere enpresa propioa sortzea erabaki du, arrantzarekin lotuta beti ere: Oribay. Bere aitonaren omenezko txalupa da, eta didaktikotasunaren aldetik jo du negozioan. Naturan oinarrituriko turismoa bultzatzeko eta itsas-ondareaz era arduratsuan gozatu ahal izateko aukera eskaintzeko xedea du Orybaik: «Nire jakinduriaren berri ematen diet bisitariei, arrantza zein biologia. Shangaiko zein Donostiako bezeroak izan ditut, eta itsasora gerturatzen ditut».
Aurtengoa izango du berdeletara ez doan lehen uda Alberdik: «Nik badut lelo bat, ‘Donostiako kaia beti arrantzale’, baina egokitu egin behar gara. Arrainak jateaz gain, beste hainbat proiektuetarako erabili daitezke, haztegietarako, esaterako». Azken batean, etorkizuna duten barkuak turismoarekin lotura dutenak direla dio: Aquariumerako arrainak biltzen dituen
Satanas II, Izturiz anaien arrantza eta turismorako
Antiguotarrak (berdeletara joaten dira),
Izturitz eta
Zeruko lainua (erretiratzear dagoena). «Hori da etorkizuna, arrantza egin eta gure sustraiak ez ahaztea, baina dauzkagun baliabideekin, itsasotik bizitza beste era batera egitea. Lehen amuak botatzen nituen, eta orain publizitatea zabaltzen dut». Izan ere, baxurako arrantza ontzi handiak zeudenean, txalupa batetik bestera ibili izan zen Alberdi.
Apenas dagoela salmentarik dio Alberdik, saltzaileei ez diela merezi kaira etortzea sei arrain kaxarengatik. «Postu txiki bat ondo egongo litzateke, denak elkartu eta arraina zuzenean saltzeko. Lekeition eta Donibane Lohizunen hala egiten dute. Nik asko borrokatu nuen halako proiektuak ateratzeko, baina trabak zeuden, eta orain ez nabil horretan».
Astisauen ontzidiak beherantz doazela dio Alberdik: «Agintariek ez dute bideragarria egiten, eta ontzidi industrialek indarra hartzen du horrela. Donostian oso argi dago turismoa indartzen ari direla azken hamar urtean; Jaurlaritzak hori ikusi du eta aprobetxatu. Kaian jatetxeak daude, ondoan arrantzaleak daudelako. Gurea da, baina pixkanaka hondoratu egingo da».