Donosti Roller taldearen ekimenez, 12 kilometroko ibilbide bat antolatu dute gauerako; irteera ordua 23:00etan izango da, eta ordubetez errepidetik joango dira
Donosti Roller taldeko hainbat kide, asteazkeneko ohiko ibilbidea egin baino lehen. (Argazkia: L. Ferreira)
2007ko irailean, lagun talde bat patinatzeko elkartzen hasi zen. Denbora pasa ahala, gero eta jende gehiago animatu zen, bi urte geroago elkarte bihurtu zen arte. Egun, Donosti Rollerreko kide asko federatuta daude, eta lasterketatan parte hartzen dute. Gainera, maila guztietarako eskaintza zabala du elkarteak, eta jarduerak ere antolatzen ditu; tartean, gaur gauekoa. Izan ere, 12 kilometroko ibilbide bat egingo dute, 23:00etatik aurrera, Kursaaletik abiatuta.
«Friday Night Skate izena du, eta Paris, Bartzelona eta Berlin bezalako hirietan egiten da. Gure asmoa da, udan, hilabetean behin egitea; eta, neguan, hiru hilero. Ez da hasi berrientzako ibilbide bat, baina oinarri sendo bat duten guztiak ongietorriak dira», esan du Donosti Rollerreko kide Arkaitz Alkortak. «Polita bada herri bat patinatzen ikustea, are politagoa da errepidetik eta argiekin ikustea», gehitu du Iñigo Berastegik, elkarteko beste kide batek.
«Bigarren gaztaroan»
Berastegiren arabera, «jendea bigarren gaztaroan bilakatzen da patinajearen zale». Horren adibide da Xabier Aranburu: «40 urte bete nituenean galdetu nion neure buruari: ‘Eta, orain, zer?’. Donostiatik paseatzen ari nintzela ikusi nituen lehen aldiz Donosti Rollerrekoak. Interesgarria iruditu zitzaidan, eta patin gurpildun batzuk erosi nituen. Asteburuetan, nire kabuz ibili nintzen Astigarragako industrialdean, inork ez ikusteko. Gai sentitu nintzenean, taldera batu nintzen. Ordutik, ia egunero patinatzen dut, eta lasterketetan ere aritzen naiz. Beti txirrinda gainean ibili izan naiz; baina, orain, patinengatik ordezkatu dut».
Alkorta eta Berastegi bat datoz patinajeak sortzen duen zirrararekin: «Izugarri harrapatzen zaitu. Gainera, kirol oso eskertua da. Ikasten zoazen heinean, oso azkar hobetzen joaten zara, eta horrek asko motibatzen zaitu».
Alkorta bera txikitatik ibili izan da: «Herri Ametsa ikastolarako bide gehiena halaxe egiten nuen; patinen gainean bizi nintzen. Ondoren, geldialdi bat egon zen, baina bigarren gaztaroan berrartu nuen. Groseko Katalunia plazan kono batzuekin ari nintzela, Donosti Rollerreko kide batek ikusi ninduen, eta informazioa eman zidan. Argi dago taldean patinatzeak ez duela zerikusirik. Ahazten ez den kirol bat da. Gainera, tartean, eskiatu egin dut, eta oso antzekoak direnez, lagundu egin dit».
Izaera soziala
Garikoitz Astarberen iritziz, jendea ezagutzeko eta beste plan batzuk egiteko aukera paregabea da patinajea: «Azkenaldian ezagutzen ari garen kirolak oso lehiakorrak dira, eta ahalegin fisiko handia eskatzen dute. Patinatzeak aukera gehiago ematen dizkizu. Badago jendea Donosti Rollerren ezagutu eta ezkondu dena!».
Horregatik guztiagatik, patinatzera animatu nahi dute jendea: «Ez dago aitzakiarik, nire amak ez du ia paseo bat bera ere eman, eta 63 urterekin hasi zen patinatzen», nabarmendu du Astarbek.
Hiriak dituen bidegorriei esker, patinajeaz gozatzeko parada dagoela azpimarratu dute elkarteko kideek. Halere, gauzak hobetu daitezkeela uste dute: «Urteak daramatzagu Saguesen patinatzeko pista bat egin dezaten eskatzen. Iruñean, adibidez, auzo bakoitzean pista bana dute. Gipuzkoa osoan, berriz, ez dago pista bat bera ere ez. Ziur nago erabilpenik ez duten gune asko aprobetxatu daitezkeela horretarako», amaitu du Astarbek.