Herri kirolaz gozatzeko aukera, San Telmo Museotik atera gabe
San Telmo Museoaren erakusketa berria da, eta, bertan, kirolaren ikuspegi antropologikoa landu dute.
Horretarako, protagonisten tresnak, objektu pertsonalak eta irudi esanguratsuenak erakusgai jarri dituzte: Aita Manuel patroi mitikoaren arrauna, Agustina Otaolaren erraketa, Mieltxo Saralegiren 329 kiloko harria, Arria II.aren aizkora eta Atano III.aren txapela ikus daitezke, esaterako.
Joan den astean inauguratu zuten erakusketa, eta kirol munduko aurpegi ezagun ugari elkartu ziren ekitaldian. Plazarik plaza erakusten duten trebetasuna eta ahalegina areto bakarrean bildu dituzte, herri kirol zaleen gozamenerako.
Herri kirolak oso errotuta daude Euskal Herriko kulturan. Garai batean baserriko edo kostaldeko lan izan ziren, eta kirol gehienek eguneroko lan haietan dute jatorria.
Gerora, bizimodua aldatzearekin batera, kirol bilakatu ziren lanbide gehienak. Egunerokoak zailtzetik eskuak, entrenamenduek findu eta trebatu zituen kirolariak. Orain plazak betetzen dituzten ikuskizun bihurtu dira asko. Profesionalizatu eta punta puntako kirol lehia beste batzuk.
San Telmo Museoko erakusketan, sei joko bildu dituzte: pilota, arrauna, harri-jasotzea, enbor-moztea, sega eta idi-demak (baita giza-probak ere).
Kirol horiek egungo gizarteak ezagutzen dituen modukoak zergatik diren eta nolako bilakaera izan duten aztertu dute. Hausnarketa hori, EHUko antropologiako doktore eta irakasle den Olatz Gonzalez Abrisketak euskal kirolari buruz egindako lanean oinarritzen da.
Euskal herri kirolen izaera eta berezitasun guztiak urriaren 12a arte egongo dira zabalik, asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara. Sarrera doakoa da.
Euskal herri kirolak hobeto ezagutzeko modu bat da Jokoak: Materia eta erronka.