Europako musika jaialdi garrantzitsuenen inguruko ikerketa egin du June Calvok (Intxaurrondo, 1987). Lau urtez aritu da doktoretza egiten, eta apirilean aurkeztu zuen lana. Pozik dago egindakoarekin.
June Calvo, ikerlaria. (Argazkia: Malen Aldalur)
Enpresa Zuzendaritza ikasketak bukatu eta Musika Hamabostaldian egin zituen praktikak. Ondoren, Danimarkara joan zen masterra egitera, eta orduan hasi zen lehen aldiz musika jaialdien inguruan ikertzen. Ez da kasualitatea izan; Calvok, lotura estua du musikarekin, abeslaria eta musikagilea da. Donostiara bueltan, lau urteko beka bat lortu zuen doktoretza bat egiteko, eta Europa mailako 50 musika jaialdi garrantzitsu ikertu ditu.
Zergatik musika jaialdiak?
Betidanik izan dut musikarekin harreman estua; musikaria eta musikagilea naiz. Argi nuen hasieratik gustuko zerbaiten inguruan egin nahi nuela. Masterra bukatu ostean Alemaniako aldizkari batean argitaratu zuten nire lana, eta bueltan ikerketarekin jarraitu ahal izateko beka batzuetara aurkeztu nintzen. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin egin ahal izan dut ikerketa.
Zeri buruz hitz egiten duzu lanean?
Aisialdi esperientziatik hitz egin nahi nuen musika jaialdiez. Musika sektoreari buruz ere aritzen naiz, baina musika jaialdiak dira ardatza; hauek, aisialdiaren parte bezala ulertuta. Hutsune bat dago arlo horretan.
Zein da ateratako ondorio nagusia?
Analisi guztia egin ostean konturatu naiz gomendagarria litzatekeela musika jaialdiak, musika organizazio soil bezala hartu beharrean, esperientzia integral bezala ulertzea. Izan ere, esperientzia horrek, nolabait, garapen pertsonala eta soziala ekarriko dio jendeari, eta baita hiriari berari ere.
Gaur egun ez dira aintzat hartzen?
Gehienetan eragin ekonomikoetan eta alderdi ikugarrietan jartzen dituzte indarrak, eta alboratu egiten dituzte jendearen balioak eta motibazioak. Uste dut gehiago landu beharko litzatekeela alde hori, eta bien artean oreka bat lortu.
Musika jaialdi bat esperientzia gisara ulertzea ezinbestekoa da gaur egun.
Ikertutako jaialdien artean Donostiakorik badago?
Gustatuko litzaidake hemengo jaialdien inguruan ikertzea; baina ikerketa honetan Europako garrantzitsuenak ikertu ditut, eta horien artean ez zegoen Donostiakorik. Gertukoena Bilboko BBK Live jaialdia izan da, gainerakoak hemendik kanpokoak dira.
Non jarri duzu ikerketaren fokua?
Jaialdi hauen zuzendari edo liderren perfila aztertu nahi nuen. Aurretik aipatu dudan moduan, lider hauek eragin ekonomikoetan eta programazioan jartzen dute arreta, eta albo batera uzten dituzte jendearen nahiak, sentimenduak eta zirrarak. Sormena gehiago bultzatu beharko lukete; jendearen nahiak kontuan hartu beharko lituzkete, eta aktiboki lan egin ikusleen konpromisoa eta leialtasuna lortzeko.
Zure ikerketan berrikuntzen eragina ere aipatzen duzu.
Berrikuntzek ikaragarrizko garrantzia dute musika jaialdietan. Askotan arreta handia jartzen da jaialdiak irauten duen hiru edo lau egunetan; baina aurretik eta ondoren lanketa egitea oso garrantzitsua da. Esaterako, sare sozialetan motibazioa eta sentimenduak sortzea beharrezkoa da jendearen atxikimendua lortzeko.
Nola ikusten duzu Donostiako musika jaialdien panorama?
Orain dela hiru urte ingurutik hona asko hobetu da. Ikusten da Donostia Kulturaren saiakera hutsuneak identifikatu eta mugimendua sortzeko. Artistei gero eta aukera gehiago eskaintzen zaizkie alde horretatik. Uste dut hemen potentzial handia dagoela, baina industria falta dela. Ikerketa apliktu gehiago behar da, eta horretarako garrantzitsua da unibertsitatearen eta erakundeen arteko lana bultzatzea.
Kultura beharrezkoa da, eta gauzak oker doazenean bertatik kentzen dute gehien. Hobetze bidean gaude? nik uste dut baietz. Gehiago hobetu daiteke? baita ere.
Zer hobetu daiteke?
Doktoretzaren zati bat Herberehetan egin nuen eta hango egoera oso bestelakoa da. Hezkuntzan garrantzi handiagoa ematen zaio kulturari. Esaterako, han musika jaialdien zuzendari izateko ikasketak daude; hemen edozein izan daiteke. Ekonomia sortzailea askoz gehiago lantzen dute hezkuntzatik.
Ikerketa gehiago behar da, beraz.
Baietz uste dut, baina garrantzitsua da ikertutako hori behar bezala aplikatzea. Donostia 2016rekin ere igartzen da aldea, baina ikusi beharko da guzti horretatik gero zer geratzen den. Garrantzitsua da indarrak oinarrian jartzea.
Aurrera begira ikertzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai. Cum lauden izan zen nire lana eta zuzendariak Deusto Cities Lab laborategian lan egiteko aukera eskaini zidan. Hiria nola hobetu daitekeen ikusten dugu bertan ikerketa aplikaturen bitartez. Helburua da hiritarrek zer nahi duten jakitea, horrekin ikerketa egitea eta hori erakundeetan aplikatzea. Maiatza inguruan hasi nintzen bertan lanean eta gustura ari naiz. Hirien ikerketa zentro bat da. Aurrerantzean gustatuko litzaidake musikarekin lotutako ikerketak egiten jarraitzea.