Arrauneko kideak, Kaian. (Argazkia: Donostia Arraun Lagunak)
Gipuzkoako Traineru Ligako zazpigarren jardunaldia jokatu zuten Orion, larunbat goizean. Arraun Lagunakek bere lehen bandera eskuratu zuen han, estropadako azkarrena izanda (11 minutu eta 36 segundo). Donostiako ontziaren atzetik geratu ziren Getaria-Zarautz eta Hernani, bederatzi segundora. Estropadatik bueltan, ongietorria egin zioten taldeari kaian, jaiak zirela aprobetxatuz.
Sei taldek soilik parte hartu zuten estropadan, izan ere, Euskotren Ligako jardunaldia jokoan zegoen Bilbon, sailkatutako lau ontziekin: San Juan, Hibaika, Orio eta Cabo. Beraz, Orion bandera jokoan zegoen arren, jardunaldi hori ez zen Gipuzkoako ligarako puntuagarria izan.
Errenterian izango dute Gipuzkoako ligako hurrengo lehia, uztailaren 23an, 19:00etan. Jardunaldi horretan, bederatzi traineruk parte hartuko dute; atzoko seiak, eta Euskotreneko hiru euskal taldeak.
Orioko jardunaldiko denborak:
- Donostia Arraun Lagunak. 11:16,36
- Getaria-Zarautz. 11:25,98
- Hernani. 11:26,06
- Deustu. 11:45,58
- Colindres. 12:08, 48
- Hondarribia. 12:26,54