Garbera handitzeko proiektua. (Argazkia: Donostiako Udala)
EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin, Garbera zabaltzeko planari hasierako onarpena eman diote gaurko udalbatzarrean; EH Bildu eta Irabazi Donostiak aurka bozkatu dute.
Udal gobernuaren
garapen eredua kritikatu dute oposizioko bi alderdi hauek. Merkataritza gune handien aldeko apustua kritikatu dute, saltoki txikien kaltetan.
Bi eredu desberdin direla esan du Loïc Alejandro Irabazi Donostiako zinegotziak, eta ezinezkoa dela bien alde egitea.
Merkataritza elkarteak proiektuaren aurka daudela gogoratu du EH Bilduko Ricardo Burutaran zinegotziak, eta hori “norabide okerraren isla” dela esan du. Garbera handitzeak saltoki txikietan, lan baldintzetan eta lanpostuetan izango dituen ondorioak ez direla aztertu salatu du EH Bilduk. Izan ere, lanpostu galera handia izango dela uste du: “Garberaren aurrean lehiatzerik izango ez duten saltoki txiki asko itxiko dituzte hirian”.
Ondorio hori are nabarmenagoa izango dela uste du EH Bilduk Garbera inguruko auzoetan, eta “konpentsazio neurri” gisa hartu ditu, udal gobernuak auzo horietako komertzioei laguntzeko emango dituen diru laguntzak.
400.000 euro bideratuko dituzte Altza, Intxaurrondo eta inguruko beste auzoetako merkataritza sustatzeko. Miren Albistur zinegotzi popularra ere mesfidati mintzatu da laguntza hauen inguruan. Auzo hauetan gabezia handiak daudela onartu du, eta azterketa sakon bat egin ostean, diru gehiago behar dutela agerian geratzen bada, udalak ekarpen handiagoa egin beharko duela esan du.
Erneto Gasco Merkataritza zinegotziak, bere aldetik, Donostiak ezin duela inguruko herrien atzean geratu adierazi du. Erosketa ahalmen handiena duen arren,
metro koadro bakoitzeko merkataritza gune gutxien duen hiria dela Donostia azaldu du: “Zer nahi dugu, Intxaurrondoko bizilagun bat Baionara joatea, behar duenik ez duelako hirian?”, esan du Ikeari erreferentzia eginez.
Dagoeneko badagoen gune bat handituz
lehiakortasuna handitu nahi dela defendatu dute udal gobernuko kideek, eta Garbera zabaltzeak sortuko dituen 500 bat lanpostu ere nabarmendu dituzte.