(Parte Zaharra. Argazkia: Malen Aldalur)
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hainbat eskari egin dizkio udalari Jazzaldian eta bestelako kontzertu eta musika emanaldietan “gehiegizko” soinu mailaren aurkako neurriak hartu ditzan.
Izan ere, auzo elkarteko kideen ustez, “geroz eta kontzertu eta emanaldi gehiago” egiten dira auzoan. Bestalde, kontzertuetako soinu maila araututakoaren gainetik egoten dela uste dute, eta horren aurrean udalari neurririk ez hartzea egozten diote. Hori dela eta, zenbait eskaera aurkeztu dituzte udalean:
- Bete dadila, behingoz, udalak behin eta berriz egin digun promesa: auzoko plazetan kontzertu eta musika-emanaldi gutxiago egingo direla (gaur-gaurkoz bertan egiten diren batzuk hiriko beste plaza batzuetara eramanda).
- Parte Zaharreko plaza eta kaleetan kontzertuak eta antzekoak egiteko baimena ematen denean, ez dadila baimenik eman anplifikadoreak erabiltzeko, argi zehaztuta gelditu dadila beti (baimenean) zein den gainditu ezin den soinu-maila gehienekoa, eta zer ondorio ekar ditzakeen arau hori hausteak. Eta salbuespeneko kasuren batean, anplifikadoreak erabiltzea ezinbestekoa balitz, ofiziozko neurri eraginkorrak har daitezela legez onartutako soinu-maila gainditu ez dadin etxebizitzetan. Besteak beste, neurri hauek:
- Udalak emandako baimenean argi islatu dadila zein den anplifikatze-sistemak emiti dezakeen gehieneko bolumen-maila. Eta ez dadin inoiz baimenik eman, soinu-muga zein den zehaztu gabe.
- Etxebizitzetan eragiten den soinu-maila zenbatekoa den jakiteko, jar dadila neurketa-sistemaren bat eraikuntza publikoetan (San Telmo Museoaren atzealdean, Trinitate Plazara ematen duen aldean; Udaletxe eta Liburutegi Zaharrean Konstituzio Plazara ematen duen aretoren batean). Eta neurketa-sistema horrek abisua eman dezala etxebizitzetan onartuta dagoen gehieneko soinu-maila gainditzen denean.
- Soinu-maila gainditzen den kasuetan, udaltzainak joan daitezela berehala anplifikatze-sistema kontrolatzeko mahaira eta bolumena jaitsi dezatela agindu.
- Arau-haustea emanaldi berean hainbat alditan errepikatuz gero, baimenean ezarritako neurriak har daitezela eta emanaldia bertan behera utzi.
Neurri hauek aurtengo Jazzalditik aurrera hartu daitezen eskatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, eta “noizbait” arauak apurtzea beharrezkoa balitz, horretarako “arrazoi sendoak daudelako” izatea eskatu dute.
IRUTXULOKO HITZAK gaiaren inguruko erreportajea argitaratuko du ostiralean.