"Makinak etorri arte defendatuko dugu parkea"
Uliako mintegietan 70 etxebizitza egitea ahalbidetuko duen aldaketa onartu dute.
Aranzadiren txostena; uliatarrek jasotako 4.000 sinaduratik gora; edo Eusko Jaurlaritzak eraikitzeko lursaila gutxinekora mugatzeko egindako gomendioa (%5) aipatu ditu Ricardo Burutaran zinegotziak: “Kontrako iritzi guztien gainetik pasa zarete”.
Udal gobernuko kideek, beren aldetik, Uliako auzotarrek mintegietan egindako lana azpimarratu dute, baina gaur gaurkoz eremu hori ez dela parke bat nabarmendu dute. Dena dela, bertan egiten den lana baloratzen dutelako, hirigintza proiektua “ahalik eta gehien egokitzen” saiatu direla adierazi du Eneko Goia alkateak. Gainera, etxebizitzak egitearekin batera, parkea eta bertako elementuak ere berrituko lituzketela esan du: “Ur biltegien egoera ez da oso ona. Hori guztia hobetu beharra dago; proiektu hau inguru guztiaren mesederako izango da”.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak eman ditu proiektuaren inguruko xehetasunak. Hiri Antolamendu berriak lursailaren %30a etxebizitzak egiteko aukera ematen badu ere, 14.000 metro koadrotatik 1.362 metro koadro erabiliko dituztela azaldu du, hau da, %9,72. Gainerako guztia errespetatuko litzateela nabarmendu du: “Lursailaren %90 ez da ikutuko, beraz, orain arte bezala erabiltzeko aukera izango dute herritarrek”.
Auzotarrek mintegien kudeaketa baimena lortu zutenean bazekitela etxebizitza proiektu bat abian zela bertan nabarmendu du Ramosek, erabakia ez dela beraiena izan: “Kudeaketa lau urterako eman zitzaien, edo hirigintza proiektua garatu bitartean. Hasiera hasieratik zekiten hori”.
Udal gobernuaren erabakia “iraingarria” izan dela adierazi dute Uliatarrek: “Orube soil bat balitz bezala mintzatu da alkatea eta pena handia ematen digu horrek. Oso deskonektatuta daude udaletxean parkeaz gozatzeko egiten ditugun jarduera guztietatik. Gure lana eta esfortzua gutxiesten dituzte”, esan du Leire Rodriguez uliatarrak.
“Triste eta umiliatuta” sentitu dira, hirigintza zinegotziak etxeak eginagatik parkea ez dela suntsituko esan duenean, oraingo jarduerekin jarraitzeko aukera izango dutela adierazitakoan.
Baina horretan ez dute zalantzarik. Hau da, orain arteko jarduereki jarraitu eta Uliako Lore Baratzak proiektua garatzen jarraituko dutela adierazi dute irmoki.
Etxebizitzak egingo diren lekuak ez duela erabilerarik esan du Ramosek, eta kaltea “gutxienekoa” izango dela. Mikel Agirre uliatarraren arabera, ordea, adierazpen horiek erakusten dute hirigintza zinegotziaren ezjakintasuna, “gehien erabiltzen dugun eremuetako bat delako”.
Parkea defendatzen jarraituko dute uliatarrek: “Ez dugu gure proiektua etengo, makinak etorri arte hor egongo gara; makinak etorri arte defendatuko dugu parkea“, esan du Agirrek.
Udal gobernuak hartutako erabakiarekin Ulian ez dute parke izendapena lortuko. Baina gutxienez, orain arteko hirigintza proiektua, hau da, luxuzko 30 etxebizitza egitearena geldirik egon den moduan, 70 apartamentuena ere ez garatzea espero dute: “Hiri Antolamenduko Plana aldatu duten arren, ez da inor parkea suntsitzeko gai izango. Burokrazia lanak egin dituzte, baina orain errealitatearen garaia da, beraz, jarrai dezatela paper horiek udaletxean, eta hirigintza proiektu horrek ez dezala aurrera egin“, esan du Leire Rodriguez uliatarrak.
EAJ eta PSE-EEren aldeko botoarekin behin betiko onarpena eman diote Ulia-Ategorrietako mintegi zaharrak hartzen dituen lursailaren aldaketari. Onarpen honek, bertan gazteentzako 70 etxebizitza egitea ahalbidetuko du; amaitu dira izapideak.
PP abstenitu egin da, eta EH Bildu eta Irabazi Donostiak aurka bozkatu dute.
PPren ustez, gazteentzako apartamentuak beharrezkoak dira, baina “badira hirian horiek egiteko leku egokiagoak”. Hala adierazi du Miren Albistur bozeramaileak. Bere ustez, Ulian 70 etxebizitza egiteak ez du gazteen gabezia konponduko, eta galduko dena askoz ere gehiago da: “Parke bat izan zitekeen, baina udal gobernuak ez du nahi. Uliari parke izendapena ematea bai, hori kultur hiriburutzak utzitako ondare bikaina izango litzateke”.
Irabazi Donostiako kideek ere ez dute ulertzen zergatik dagoen udal gobernua Uliako parkean eraikitzearekin tematua: “Hainbat adituk berretsi eta azpimarratu duten natur ondarea ez da aintzat hartu nahi. Ez dugu ulertzen auzotarrek zaindu eta garatzen duten espazio berde bat zergatik suntsitu nahi den; hiri osoarentzako ondare naturala da, eta etxebizitzak egiteko suntsitu nahi da. Benetan ulertezina da”, esan du Loïc Alejandrok.
EH Bilduk ere zentzu berean hitz egin du. Adituei eta herritarren nahiari “entzungor” egitea leporatu dio udal gobernuari. Gizarte Batzordeak mintegien inguruan herri galdeketa bat egiteko proposamena; Irabazi Donostia eta EH Bilduk eskatutako herri kontsulta;