Tostako arraunak goia jotzen du uda partean, gizonezko eta emakumezkoen ligekin; bada, ordea, inork gutxik ezagutuko duen beste lehia bat: ABE liga; bertan ibiltzen dira Fortunako beteranoak.
Fortunako arraunlariak, ‘Kanpandegi’ traineruarekin, Trintxerpeko ontziralekuan, astearteko entrenamendu saioa hasi aurretik. (Argazkiak: Estitxu Zabala)
Goiko irudia ikusita argi geratzen da kirolak ez duela adin kontuetaz ulertzen. Fortuna kirol elkarteko arraunlari beteranoek duela sei urte uretaratu zuten
Kanpandegi trainerua, eta oso pozik dabiltza ABE Ligan (Arraunlari Beteranoen Elkartea) parte hartzen. Ligaren leloak dioenez, seguruenik, munduko arraun ligarik onena omen da. Fortunakoek Trintxerpen entrenatzen dute astean hiru txandatan, eta bertan izan da IRUTXULOKO HITZA, hauekin hitz egiten: Egiako Iñaki Biain, Loiolako bizilagun Iñaki Otxoa de Eribe eta Parte Zaharreko Pablo Astudillo. Hurrenez hurren, 48, 64 eta 69 urte dituzte, eta taldekideen batezbesteko adina 53 urtekoa da; adina, ordea, lanerako oztopo ez dela argi uzten dute.
Duela zazpi urte hasi zen arraunean Biain, Ur-Kirolaken: «Aurretik arraunean egin nuen, bost urtez, Iparraldeko Ur-joko klubak antolatzen duen estropada batean. Zokoatik Baionara, bost etapatan. Harra sartu zitzaidan, eta geroztik hortxe nabil».
Otxoa de Eribe eta Astudillo, berriz, elkarrekin aritu ziren arraunean, 1983tik aurrera, Fortunan: «Gu izan ginen Fortunaren traineruaren sortzaileak», dio harro Otxoa de Eribek. Batak 28 eta besteak 36 urte zituela hasi ziren arraunean; Otxoa de Eribek bi denboraldi bakarrik egin zituen, baina Astudillok urte askoan jarraitu zuen.
Bere garaian euren bideak banandu bazituzten ere, duela bederatzi urte berriro ere elkartu ziren arraunean bi lagunak. «Hendaian bizi den Irungo arraunlari baten bidez ezagutu genuen Endaikaren trainerua. Jendea falta zitzaien , eta hara joan ginen Donostiako bost lagun. Horrela ezagutu genuen beteranoen liga, eta hiru denboraldi egin genituen beraiekin», dio Otxoa de Eribek. Fortunakoak zirenez, euren aldetik traineru bat ateratzea pentsatu zuten, eta hortxe dabiltza, azken sei urteetan, buru-belarri.
Fortunan, talde erdia da gutxi gorabehera arraunlari izandakoa, eta gainontzekoa hasiberria. «Ikasteko baldintza onenak ere ez ditugu, zuzenean traineruan sartzen dira berriak, aurretik fosoan ikasteko aukerarik gabe aurretik», dio Otxoa de Eribek.
Momentuz, emakume bakarra dute taldean, Errenteriako Maika Tameron, baina gehiago pozez jasoko dituztela diote. Gainontzean, herri askotako arraunlariak dituzte: Tolosako bost, Hernaniko lau, Andoaingo bat, Idiazabalgo bat, Oiartzungo bat, Irungo bat…
Entrenatzailea tolosarra dute, Jose Luis Perez Koteli. Harek jartzen dizkie entrenamenduak, baina taldearekin egoteko denbora gutxi izaten du, Hernaniko emakumeen traineruarekin baitabil. Beraz, normalean Otxoa de Eribe bera izaten da taldean egin beharreko aldaketetaz arduratzen dena: «Nik aukeratzen dut estropadetarako taldea, eta koordinazio lana egiten dut ABE ligarekin; esan daiteke delegatu lana egiten dudala».
Kanpandegi da erabiltzen duten trainerua, 1980. hamarkadakoa. Bere garaian Fortunak Parte Zaharreko Kanpandegi kalean zuen bulegoaren oroimenez du izena.
ABE liga Arkote eta Getxo taldeek sortu zuten, eta gaur egun bederatzi taldek parte hartzen dute. Fortunakoek ongi pasa nahi dute: «Osasuntsu egoteko, sozializatzeko eta gogoko dugun kirola egiteko aritzen gara bereziki. Kontua da, azkenean, lehiakortasuna sortzen dela», dio Otxoa de Eribek. Hala, ligan, bi multzo daudela diote: goian, gehiago entrenatzen dutenak, eta, behean, astean hiru egunetan entrenatzen dutenak. Beraz, bigarren multzo horretan borrokan dabiltzala diote, Zarautz, Deustu, Sestao eta Ibaialderekin batera. «Bigarren multzo horretan bagabiltza ere, lehenengotik 40 segundora ibiltzen gara. Seigarren postuan gaude orain, eta bi jardunaldi falta zaizkigu liga bukatzeko», azaldu du Otxoa de Eribek. Goiko taldeen artean, esaterako, Getxo dagoela diote, baina taldeko zortzi arraunlari aulki mugikorreko zortzikoan ibiltzen dira, eta egunero entrenatzen dute, gainera, denak arraunlari ohiak omen dira.
Hamaiketakoa eta sariak
Bere baldintza propio bereziak ditu ABE ligak. Adibidez, ligan sartu nahi duen taldeak, denboraldi bat egin behar du gonbidatu gisa, eta, ondoren, bozkaketa bat egiten dute, onartuko duten edo ez erabakitzeko. Klub bakoitzak estropada bat antolatu behar du gutxienez, eta antolatzen duen hori behartua dago hamaiketako duin bat eskaintzera, partaide guztientzako. Horrekin batera, irabazleek bandera jasotzen dute, eta denentzako garaikurrak ere banatu behar dituzte.
Estropadak 3.500 metrokoak dira, emakumeen estropadak baino zertxobait luzeagoak. Zehazki, 45 urtetik gora izan daiteke arraunlari bat beteranoa; hala ere, 38 eta 45 urte arteko bi arraunlari sar daitezke estropada bakoitzean.
Aurrera jarraitzea da Fortunakoek buruan dutena, gustura baitabiltza. «Arrauna gogoko duen jendea elkartu nahi dugu, astean hiru egunetan entrenatzeko kuadrilla nahikoa izateko. Noski, gorago begiratzen dugu. Izan ere, hasi ginenean baino kalitate hobea dugu».