Ume-eramaileen kanpainaren sustatzaileek bide berri bati ekingo diote; Katsikasko kanpamentura joango dira uztailaren 31n, egoera ezagutu eta beharrei irtenbide bat bilatzen saiatzeko asmoz
Katsikas kanpamentura joango diren Marian Bernal eta Julen del Corral. (Argazkia: L.Ferreira)
Duela zenbait hilabete, ume-eramaileak biltzeko kanpaina bat jarri zuen abian Donostiako ama talde batek, Siriara bidaltzeko helburuarekin. Kanpainak aurreikuspenak gainditu zituen, eta beste hiri batzuetara eta herrialdeetara ere zabaldu zen –Peru eta Mexikotik laguntza jaso dute–. Hala, guztira, 3.000 ume-eramaile inguru lortu zituzten.
«Kanpaina hori amaitutzat eman genuen, baina sare sozialen eta webgunearen bitartez lortu genuen sarea ez genuen galdu nahi. Gainera, Sirian ez ezik, errefuxiatuen kanpamentuetan ere dagoen beharra etengabea dela ikusten ari gara», azaldu du Intxaurrondoko Marian Bernalek, ume-eramaileen kanpainako sustatzaileetako batek.
Horren harira, Zaporeak proiektuan boluntario gisa ibilitako Itziar Villalva eta Sara Pineda ezagutu zituzten: «Chiosetik (Grezia) bueltatu zirenean, laguntzen jarraitzeko beharra zuten, eta interesgarria iruditzen zitzaigun euren esperientzia ezagutzea».
Eurekin hitz egin ostean, lanean jarraitu behar zutela erabaki zuten, bai materiala biltzen eta baita mobilizatzen ere, «jendeak jakin dezan egoera berdina edo okerragoa dela». Pinedak beste kanpamentu batzuk ezagutu zituen; tartean, Italiako Katsikas.
Kanpamentu horretan behar handia zegoela esan zien Pinedak eta baldintzak «oso txarrak» zirela. Horregatik, bertan zerbait egitea erabaki zuten. «Hemendik laguntzen ari nintzen, baina gogoa nuen hara joateko, benetan gertatzen ari dena nire begiekin ikusi ahal izateko», azaldu du Bernalek.
Ilusio hori errealitate bilakatu da, eta uztailaren 31n joango da Katsikasko kanpamentura, bere seme Julen del Corralekin batera: «Bertako egoera ikusi nahi dugu, Donostiatik eskaintzen dugun laguntza eraginkorragoa izan dadin».
Del Corralek 17 urte besterik ez ditu, baina gogotsu dago esperientzia bizitzeko: «Lagunei esan nienean errefuxiatuak laguntzera joango nintzela, askok esan zidaten beraiek ere joango liratekeela. Badakit hasierako sentsazioa gogorra izango dela, baina ziur nago mereziko duela».
Bidaia horri aurre egiteko eta materiala eskuratzeko, duela aste batzuk kanpaina berri bat egin zuten. Materialari dagokionez, konpresak, xaboiak eta eguzkitako kremak bildu zituzten, 27 kutxatan. Gainera, dirua ere lortu zuten; guztira, 4.000 euro.
Oraindik jendeak laguntzeko asmoa du. Hori dela eta, Kabi Etxeen izenean, kontu korronte bat ireki dute (ES81 2100 3842 91 0200145681), lagundu nahi duen orok bere ekarpena egin dezan. Dirua material gehiago eskuratzeko edo beste behar batzuk asetzeko erabiliko dute: «Han gaudenean erabakiko dugu zein proiektutan inbertituko dugun dirua, zertan lagunduko dugun».
Koordinatzeko prest
Esate baterako, badakite Katsikasen eskola txiki bat ireki dutela, eta beharbada hezitzaile gisa lagundu dezaketela: «Jendea mobilizatzen jarraitu nahi dugu; handik esatea zer behar duten, eta guk hemendik koordinatzea. Behar nagusiena janaria da, baina duela gutxi futbol lehiaketa bat antolatu dute kanpamentuan, eta taldeak osatzeko kamisetak eskatu dizkigute. Hala, lan hori koordinatu dugu, eta Realeko elastikoak lortu ditugu», amaitu du Bernalek.
Udalak hainbat lankidetza proiektu babestuko ditu
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu berri du hiriko hainbat lankidetza proiektu diruz laguntzea: Intxaurrondotik Wukrora elkartea, Donostiako Elizbarrutiko Caritas erakundea eta Nazioarteko Elkartasuna elkartea.
Hala, 20.000 euro jasoko ditu Caritasek, Damasko eta hiri horren inguruan arriskuan dauden pertsonen osasun arreta hobetze aldera.
Intxaurrondotik Wukrora elkartearen Zaporeak proiektuak ere izango du laguntza: 12.338,58 euro. Elkartearen hainbat boluntario Chiosen (Grezia) daude, errefuxiatuei jaten ematen.
Azkenik, Nazioarteko Elkartasuna elkarteari 20.000 euroko diru laguntza emango dio udalak, larrialdi egoeran dauden Libanoko hegoaldeko haur errefuxiatuei heziketa eta laguntza psikosoziala emateko.