Parkean, makinak etorri arte
Uliako mintegietan 70 etxebizitza egitea ahalbidetuk duten Hiri Antolamendurako Plana onartu dute. Uliatarrek euren jarduerekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute.
Aranzadiren txostena; uliatarrek jasotako 4.000 sinaduratik gora; edo Eusko Jaurlaritzak eraikitzeko lursaila gutxinekora mugatzeko egindako gomendioa (%5) aipatu zituen Ricardo Burutaran zinegotziak: “Kontrako iritzi guztien gainetik pasa zarete”.
Udal gobernuko kideek, beren aldetik, Uliako auzotarrek mintegietan egindako lana azpimarratu zuten, baina gaur gaurkoz eremu hori ez dela parke bat nabarmendu zuten. Dena dela, bertan egiten den lana baloratzen dutelako, hirigintza proiektua “ahalik eta gehien egokitzen” saiatu direla adierazi zuen Eneko Goia alkateak.
Gainera, etxebizitzak egitearekin batera, parkea eta bertako elementuak ere berrituko lituzketela esan zuen: “Ur biltegien egoera ez da oso ona. Hori guztia hobetu beharra dago; proiektu hau inguru guztiaren mesederako izango da”.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak eman zituen proiektuaren inguruko xehetasunak. Hiri Antolamendu berriak lursailaren %30ean etxebizitzak egiteko aukera ematen badu ere, 14.000 metro koadrotatik 1.362 metro koadro erabiliko dituztela azaldu zuen, hau da, %9,72. Gainerako guztia errespetatuko litzateela nabarmendu zuen: “Lursailaren %90 ez da ikutuko, beraz, orain arte bezala erabiltzeko aukera izango dute herritarrek”.
Bestalde, auzotarrek mintegien kudeaketa baimena lortu zutenean bazekitela etxebizitza proiektu bat abian zela bertan nabarmendu zuen Ramosek, erabakia ez dela beraiena izan.
Hainbat uliatar eta parkearen zenbait erabiltzaile ere udaletxean izan ziren atzo. Udal gobernuaren erabakia “iraingarria” dela uste dute: “Orube soil bat balitz bezala mintzatu da alkatea eta pena handia ematen digu horrek. Oso deskonektatuta daude udaletxean parkeaz gozatzeko egiten ditugun jarduera guztietatik. Gure lana eta esfortzua gutxiesten dituzte”, uste du Leire Rodriguez uliatarrak.
“Triste eta umiliatuta” sentitu ziren, hirigintza zinegotziak etxeak eginagatik parkea ez dela suntsituko adieraztean, oraingo jarduerekin jarraitzeko aukera izango dutela adierazitakoan.
Baina horretan ez dute zalantzarik. Hau da, orain arteko jarduerekin jarraitu eta Uliako Lore Baratzak proiektua garatzen jarraituko dutela adierazi zuten irmoki.
Parkea defendatzen jarraituko dute uliatarrek: “Ez dugu gure proiektua etengo, makinak etorri arte hor egongo gara; makinak etorri arte defendatuko dugu parkea”, esan zuen Mikel Agirre uliatarrak.
Udal gobernuak hartutako erabakiarekin Ulian ez dute parke izendapenik lortuko. Baina gutxienez, orain arteko hirigintza proiektua, hau da, luxuzko 30 etxebizitza egitearena geldirik egon den moduan, 70 apartamentuena ere ez garatzea espero dute: “Hiri Antolamenduko Plana aldatu duten arren, ez da inor parkea suntsitzeko gai izango. Burokrazia lanak egin dituzte, baina orain errealitatearen garaia da, beraz, jarrai dezatela paper horiek udaletxean, eta hirigintza proiektu horrek ez dezala aurrera egin“, esan du Leire Rodriguez uliatarrak.
EAJ eta PSE-EEren aldeko botoarekin behin betiko onarpena eman zioten atzo udalbatzarrean Ulia-Ategorrietako mintegi zaharrak hartzen dituen lursailaren aldaketari. Onarpen honek, bertan gazteentzako 70 etxebizitza egitea ahalbidetuko du; amaitu dira izapideak.
EH Bildu eta Irabazi Donostiak aurka bozkatu zuten, PP abstenitu egin zen.
Popularren ustez, gazteentzako apartamentuak beharrezkoak dira, baina “badira hirian horiek egiteko leku egokiagoak”. Hala adierazi zuen Miren Albistur bozeramaileak. Bere ustez, Ulian 70 etxebizitza egiteak ez du gazteen gabezia konponduko, eta galduko dena askoz ere gehiago da: “Parke bat izan zitekeen, baina udal gobernuak ez du nahi. Uliari parke izendapena ematea bai, kultur hiriburutzaren ondare bikaina litzateke”.
Irabazi Donostiako kideek ere ez dute ulertzen zergatik dagoen udal gobernua Uliako parkean eraikitzearekin tematua: “Hainbat adituk berretsi eta azpimarratu duten natur ondarea ez da aintzat hartu nahi. Ez dugu ulertzen auzotarrek zaindu eta garatzen duten espazio berde bat zergatik suntsitu nahi duten; hiri osoarentzako ondare naturala da, eta etxebizitzak egiteko suntsitu nahi dute”, esan zuen Loïc Alejandrok.
EH Bilduk ere zentzu berean hitz egin zuen. Adituei eta herritarren nahiari “entzungor” egitea leporatu zion udal gobernuari. Gizarte Batzordeak mintegien inguruan herri galdeketa bat egiteko proposamena; Irabazi Donostia eta EH Bilduk eskatutako herri kontsulta;