Kontentu daude Añorgako bizilagunak, urteetako aldarrikapenen ostean, auzoak itxura berria hartu duelako; aparkalekuekin arazoak ikusten dituzte, ikasturtean autoak ugaritzen direlako.
Eneko Sierra eta Agurtzane Manterola, Añorgan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Añorga eta Añorga Txiki askoz lotuagoak daude, obrek auzoa itxuraldatu dutenetik. Bulebarizazioa lehen fasea azaroan hasi zuten, eta bukatzen ari dira, eta pozik daude bizilagunak; izan ere, azkenean euren urteetako protestek balio izan dutela ikusi dute. Añorga Kirol eta Kultur Elkarteko Eneko Sierra eta Agurtzane Manterolak oso gertutik jarraitu dituzte lanak, eta euren iritzia eman dute. «Ikusten dugu orain jendea paseatzen ibiltzen dela, eta lehen ez. Añorgak irabazi egin du, arazotxo batzuk izan ditugun arren», dio Sierrak. Hain zuzen, gogora ekarri dute 1990eko hamarkadan kanpaina indartsu bat egin zutela herritarrek, N-1 errepidea kentzeko; eta garai hartako Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu arduradunak esan omen zuen hogeitamar urte itxaron beharko zituztela. «Asko itxaron behar izan dugu, baina oso ongi geratzen ari da. Politaz gain, praktikoa eta ona», gehitu du Sierrak.
Batzar irekiak egon dira Añorgan, partaidetza prozesuari jarraiki, auzoari irekiak, eta horietan esandakoak bete dituztela diote. Hortik kanpo, ordea, hausnartu gabeko kontu batzuk geratu zirela diote, eta horiek aldatzeko aukerarik ez dutela izan. «Zerbait eskatzen genienean, bileretan ez zela hori erabaki zioten aitzakiatzat», azaldu du Manterolak.
Obretako arduradunekin harreman ona izan dutela diote, baina autoentzako aparkaleku gehiago nahi zituztela, ikasturtean zehar haurrak ekartzen dituzten gurasoen autoekin betetzen delako futbol zelaiaren ingurua. «Irtenbide bat eman zaio aurretik ikerketarik egin gabe, eta hori da jasotzen dudan inpresioa. Gainera, udalak badakienean zirkulazio handia dagoela inguruan. Garraio iraunkorraren aldeko apustua egiten dutela diote, baina autobusaren maiztasuna 20 minutukoa da astean zehar, eta 30 minutukoa asteburuetan», dio Sierrak. Bulebarizazioa ukitu gabe egin nahi dituztela diote aldaketak: «Aldaketa txikiak egon dira, eta gurekin harremanetan jarrita, irtenbideak topatu ditugu; futbol zelaiko sare berria, plaza itxi edo ez… eta alde horretatik asko eskertzen dugu. Daukagun sentipen gazi-gozoa aparkalekuengatik da», gehitu du. Bi proposamen egin zituztela diote; batetik, egin dituzten aparkalekuen bestaldean egitea, eta, bestetik, Rezolaren eta udalaren artean hitzarmen bat egitea, arratsaldeetan eta asteburuetan lantegiko aparkalekua publikoa izateko. Lehenengo aukera ez dute lortu, eta Rezolako aparkalekuarena lortzeko borrokan jarraituko dute.
Horretaz gain, pozik daude arduradunekin izandako tratuarekin. Hiru zuhaitz zeuden, esaterako, Jolas Etxearen aurrean, eta ez zuten horiek botatzeko asmoa. Kontua da, bi gaixorik zeudela, beraz, bat ez uzteagatik, hiruak kentzeko eskatu zieten: «Trukean hiru zuhaitz jarriko dituzte, eta guk eskatu genien haginak izan zitezela, bertakoak. Horrek erakusten du harreman ona izan dugula arduradunekin».
Auzotarrak oso pozik daude orokorrean, baina bigarren fasearen zain daude Errekaldekoak; eta oraindik zain egon beharko dute. «Enrique Ramos zinegotziak hitza eman zuen legegintzaldia bukatu baino lehen saiatuko zirela gutxienez obrak esleitzen. Suposatzen da, beraz, 2019rako esleituta egon beharko liratekeela; eta tarte batean obrak ez izatea ere eskertuko dugu, urte asko daramatzagu».
Manterolak gogoratu du Añorga Txiki eta Infernutik datorren bidegorria elkartzen ari direla, Añorga Txikiko bizilagunen aspaldiko beste aldarrikapen bat beteaz. «Antiguara doan errepidearen ondotik ari dira; errei bat moztu dute, eta pentsatzen dut bi hilabetetan bukatuko dutela».
Frontoia berrituko dute
Añorgako pilotalekuak ere laster hobekuntzak izango ditu. «Duela hiru urte lortu genuen dirulaguntza bat, aldundiarena, 80.000 euro; eta iazko maiatzean, udalaren beste 80.000 euro lotu genituen. Horrekin lortuko dugu Jolas Etxearen atzealdea plaza publikoa izatea guztiz», azaldu du Sierrak.
Kontua da, estalpea izango duela frontoiak, harmailak estali bitartean, eta plazako petrila kenduko dute. «Badirudi azkenean aurrera doala, eta azaroan hasiko direla obrak. Beraz, 2017an estalpe berria estreinatuko dugu».