Zuhaitzen artean egokituko dute Egiako parkeko pasabide berria
Mikel Laboa eta Gladys del Estal zubien arteko aldapa saihesteko bide berriak ez du genero batzordearen oniritzirik lortu. Bigarren ibilbide bat zehaztu du udalak
Mundaizko hormari itsatsita beste bide bat egitea zen asmoa. Hala, gehienez % 6ko malda lukeen bide bat lortuko litzateke; oraingoak % 17koa du. Horretarako, hogei zuhaitz inguru bota behar zituzten.
Proiektu horrek, ordea, ez du genero ikuspegia lantzen duen batzordearen oniritzirik jaso, eta atzera bota dute.
Udal proiektu berri guztiak batzorde horrek ikuskatzen ditu orain. Genero ikuspegitik, arrisku egoerak edo arrisku guneak saihestu nahi dituzte, sortu aurretik.
Egiako parkeko bide berriaren kasuan, Mundaiz aldeko sarreran atzeman zuten arazoa. Hasierako 50 bat metrotan trintxera moduko bat sortuko litzateke; irteerarik gabeko bide bat, horma eta hesiaren artean. Bihurgune txiki batek ere ikusgaitasuna mugatuko luke; beraz, udalaren proiektua ez zuten ontzat eman.
Ondorioz, puntu kritiko bat sortzeko arriskua dela eta, udalak atzera bota du hasierako proiektua. Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren arabera, «dauden gune kritikoak onartu eta konpontzen saiatzea gauza bat da, baina arriskua egonik gune kritiko berri bat sortzeak ez luke zentzurik; hori onartezina da. Beraz, atzera bota dugu hasierako proiektua».
Baina Loiolako Erriberako herritarren eskariak erantzunik gabe gera ez daitezen, bigarren aukera bat onartu dute. Bi sarrerak lotuko dituzte, eta malda zelaituko dute, baina ibilbide berriak bihurgune handi baten moduko bat egingo du zuhaitzen artean.
50 metro luzeagoa izango da bigarren proposamena. Zuhaitz artetik egingo dute eta maldak ez du % 6a gaindituko. Luzeagoa izan arren, aukerarik onena dela uste du Ramosek.
Dena dela, udal ordezkariak onartzen du erabakia ez dela guztien gustukoa izan, baina “irisgarritasuna lehenetsi dugu, herritar batzuen interesen gainetik”, dio Ramosek.
Uda aprobetxatuz, uztaila bukaeran edo abuztuan ziren astekoak zelaitze lanak. Orain, zertxobait atzeratuko da, baina lehen proiektu hura bezalaxe, urrirako prest egotea aurreikusi du udalak. Bigarren proposamen horrek ez duenez ia zuhaitzik bota beharrik, lanak “errazagoak eta arinagoak” izango direla dio Ramosek.
Inguruneaz gozatzeko leku izateaz haratago, asko dira Egiako parkea hiriko auzo batetik bestera igarotzeko pasabide gisa erabiltzen dutenak. Loiolako Erriberakoak dira horietako gehienak, parkeko bideak Amarara, Egiara edo Erdialdera joateko erabiltzen dituztenak.
Baina Mikel Laboa zubiko sarreratik Amarako sarrerara, hau da, Gladys del Estal zubira doan bidea aldapatsua da, eta hainbatetan eskatu diote Loiolako Erriberako herritarrek bidea egokitzeko udalari.
Eskaera horiek izan zuten erantzuna, eta uda amaieran hastekoak ziren bidea zelaitzen.