Azken urteotan, aldaketa ugari eman dira merkataritza arloan; tartean, berriki onartu duten Garberaren handitzea. Zenbait elkartek salatu dutenez, erabaki horrek tokiko saltokiak kaltetuko ditu.
Gipuzkoako Merkataritza, Donostia SShops, AUZOA eta Zaharrean elkarteetako arduradunak. (Argazkia: L.Ferreira)
Beste arlo batzuetan bezala, krisi ekonomikoak eragin handia izan du hiri askotako merkataritzan. Donostian ere halaxe gertatu da, eta Erdialdean zein auzoetan ohikoa da lokal asko itxita ikustea –2008an, 3.400 zeuden; egun, 2.900–. Merkataritza gune handien agerpenak, gainera, tokiko saltoki txikien krisia areagotu du. Irutxuloko Hitza Donostia SShops eta AUZOA elkarteekin izan da, Erdialdean zein Altza inguruan bizi duten egoera ezagutzeko.
Donostia SShops elkarteko kudeatzaile Lourdes Lazaroren arabera, saltokietan bi aldaketa nabarmen gertatu dira: alde batetik, erosketa modu berriak; eta, bestetik, frankizia eta marka handien agerpena: «Auzoetan, bezero eta denden arteko harremana gertukoagoa da. Erdialdean, berriz, merkataritza inpertsonalagoa da. Despertsonalizazio hori, hein handi batean, marka handien presentziaren ondorioz gertatu da. Horrelako frankiziek hiriak homegeneizatu egiten dituzte; gure izaera eta bereizten gaituen hori galtzea eragiten dute».
Hortaz, Erdialdea bezalako guneak monopolio bilakatu direla dio Lazarok: «Handiek tokiko saltokiak bota dituzte, bertako lokalen salneurriak handitu direlako. San Martin inguruan, betiko dendak zeuden; orain, frankiziek eta marka handiek hartu dute espazio hori».
Tokikoaren alde
Egoera horren aurrean, Donostia SShops elkarteak tokiko merkataritza bultzatzea du helburu. Horretarako, denda horien abantailak ikusarazteko eta euren lehiakortasuna hobetzeko jarduerak egiten dituzte. «Kontsumo ohitura berriei aurre egiten jakin izan dute askok. Adibidez, sarean egoteko ahalegin handia egin dute; eta dagoeneko gehienek dute presentzia webgune edo sare sozialetan. Beste batzuk, euren eskaintza dibertsifikatu dute, lehiakorragoak eta desberdinagoak izateko: esaterako, denda batek arropa saltzen du, baina aldi berean josten jakiteko ikastaroak eskaintzen ditu. Hala ere, egia da horrelako egokitzapenak errazagoak direla Erdialdean, bezero gehiago elkartzen direlako bertan», azaldu du Lazarok.
AUZOA Altzako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Elkarteak hamabost urte baino gehiago daramatza lanean. «Garbera eraiki behar zutenean, Altzako dendak batu ziren, merkataritza gunearen aurka. Gainera, konturatu ziren, dinamizazio aldetik, kalean bizitza sortzeko aukera zegoela», azaldu du AUZOA-ko Maitane Lizeagak.
Azken urteotan, ordea, Altzako merkataritzan aldaketa handiak egon direla dio: «Denda asko itxi egin dituzte; eta jendeak gune handien alde egin du. Saltoki guztiak leku berean edukitzea nahiago dute. Baina, ez badugu tokiko dendetan erosten, Altza lo egiteko tokia bakarrik izango da, eta edozertarako autoa hartu behar izango dugu».
Horren guztiaren oinarria bizitasuna dela uste du Lizeagak: «Ez badago mugimendurik, merkatariei kostatuko zaie hemen zerbait irekitzea, baita bizilagunei erostea ere. Altzaren orografia ez da oso ona, aldapa asko daude, eta egun ditugun oztopo arkitektonikoekin ere zaila da bertako dendak sustatzea. Baina auzoa erakargarria bihurtzen badugu, gehiago kostatuko zaio jendeari beste nonbaitera joatea. Horren harira, kale batzuk oinezkoentzako bihurtu ditzaten eskatu nahi diogu udalari».
Orain, gainera, Garbera zabaltzeak kalte handia egingo diela salatu dute, «ez digu ezertan lagunduko», dio Lizeagak. Hori dela eta, Gipuzkoako Merkataritza elkarteak aurkeztutako helegitearekin bat egin dute Donostia SShops eta AUZOA-k, hiriko beste elkarte batzuekin batera.
Halaber, zalantzak dituzte turismoari ematen ari zaion garrantziarekin: «Norentzako ari dira Garbera zabaltzen? Turismoak garrantzia du, noski, baina hemengo jendea ere zaindu behar dugu. Epe luzerako estrategia bat diseinatu behar du udalak, merkataritza aldetik zer-nolako hiria nahi dugun zehaztu dezan. Horrela, inbertsioak egiterakoan, errazagoa izango da zertarako izango diren arrazoitzea», esan du Lizeagak.
Estrategia baten beharra
Horrekin bat dator Lazaro: «Donostiako merkataritza eredua oso sendoa eta berezia da, eta oraindik funts hori mantentzen duela uste dugu. Beraz, estrategiaren oinarria izan beharko litzateke tokiko saltokien izaera defendatzea».
Garberaren handitzearekin, Donostiako Udalak Intxaurrondo, Altza eta inguruko auzoetan 400.000 euroko inbertsioa egingo duela adierazi du. «Egia da lan mahai bat sortuko dugula diru hori nola bideratu erabakitzeko. Baina oraindik ez dakigu zertarako erabiliko den zehazki. Gainera, jakin izan dudanez, Garberako arduradun bat ere egongo da mahai horretan, eta ez zait zentzuzkoa iruditzen», esan du Lizeagak.
Tokiko saltokiek abantaila ugari dituzte AUZOA elkartekoaren iritziz: «Auzoko merkataritza ezagutzen duzunean, produktuen kalitatea eta dendariekin sortzen den harremana izugarria da. Egun batean dirua etxean ahazten baduzu, lasai egon zaitezke; ordainduko didazu!, esango dizulako dendariak. Hori ez da saltoki handietan gertatzen. Ezagutzen bazaituzte, hamaika modutan izan dezakezu harremana beraiekin: etxera eramaten dizute erositakoa, gordetzen dizute eta zuk hartu dezakezu beste egun batean…».
Azken finean, tokiko saltoki txikiak kontuan hartzeko eskatu du AUZOA elkarteko Maitane Lizeagak: «Ez dugu lotarako auzo bat izan nahi. Bizia izatea nahi dugu, eta horretarako beste sektore batzuekin ari gara elkarlanean. Garberak eragingo digu; beraz, ordainetan, auzoetan gehiago inbertitzea eskatzen dugu».