Udara, nork bere erara
Pertsona adina aukera daude udara pasatzeko. Batzuek lan egiten dute, beste batzuek oporrak hartzen dituzte, eta bada, boluntariotzan aritzen denik ere, baina guztiek "gozatzen" dute.
Eguzkia, beroa, hondartza, oporrak. Horrelakoa da batzuentzat uda garaia. Badira, ordea, garai hauek lanerako, boluntariotzarako edo bidaiatzeko aprobetxatzen dituztenak.
Dirua irabaztea, gozatzea, ikastea, beste batzuei laguntzea. Hainbat izan daitezke udara pasatzeko moduak. Aurretik aipatutakoak dira, Ane Telleriak (Idiazabal, 1989), Ainhoa Garinek (Parte Zaharra, 1992), Madalen Mendizabalek (Erdialdea, 1993), Haizea Estonbak (Gros, 1987), Xixili Egigurenek (Amara Berri, 1991) eta Amy Waleska Chavezek (Amara Berri, 1992) kontatu dizkigutenak.
Esaerak dio batzuek festa egiteko beste batzuek lan egin behar dutela. Izozki saltzailea da Telleria. Bulebarreko izozki denda batean egiten du lan. Urtea ikasten pasa ostean kostaldera etorri da lan bila: “Goierrin udaran ez dago lan asko ostalaritzan, horregatik, kostaldera etortzea pentsatu nuen”.
Udara lanean
Izozkia eskuetan dutela ibiltzen dira zenbait lagun Donostiako kaleetan. Kanpotik oporretara etorritakoak asko, baina baita barrenak freskatu nahi dituzten zenbait donostiar ere.
Maiatza bukaeran hasi zen zen izozki dendan lanean Telleria, eta bertan egongo da udara bukatu arte: “Ikasten egon naiz ikasturtean zehar eta udaran lan egin nahi nuen”. Joan eta etorri egiten du egunero Idiazabaldik, baina gustura dago.
Dendan egoten da batzuetan eta gozogintzako lantegian besteetan. “Gozogintzako lantegian egiten ditugu izozkiak; sekretua, izozkia bueltaka dagoen bitartean hotza mantentzea da”, azaldu du.
Udarak aurrera egin ahala gora egin du bai kontsumitzaile eta baita langile kopuruak ere: “Geroz eta jende gehiago dabil mostradore aurrean eta, beraz, baita atzean ere”. Une honetan hogeita hamar langiletik gora daude berrogei izozki mota inguru saltzen.
“Kinder Bueno, Oreo eta gailetazkoa dira izozkirik gustukoenak”, azaldu du Telleriak, eta gaineratu du gaztetxoek bereziki gustuko dituztela. Adin eta leku askotako jendea ibiltzen dela dio: “Nik uste dut erdiak kanpokoak eta erdiak hemengoak direla”. Aitortzen du sarri zailtasunak izan dituela hizkuntza dela-eta elkar ulertzeko, baina normalean “modu batera edo bestera” aisa ulertzen direla. “Ingelesez zertxobait moldatzen naiz baina lanean hasi nintzenean ez zidaten hizkuntzak jakiterik eskatu” azaldu du.
Ez da erraza udara oporretan dabiltzanei zerbitzatzen pasatzea baina “ohituta”?dagoela dio: “Beti egin izan dut ostalaritzan lan eta ohituta nago. Dena den, ateratzen dut denbora lagunekin planak egiteko”.
Udara lanean igaroko dute Garinek eta Mendizabalek ere. Oporretan Euskaraz udalekuetako koordinatzailea da Garin eta udaleku bereko begiralea Mendizabal.
Hondartzan eta jolasean pasatzen dute eguna. Horrela esanda badirudi oporretan daudela, baina ez. Oporretan Euskaraz udalekuetan egiten dute lan. Kiriketan enpresak kudeatzen ditu udaleku hauek Donostiako Udalarekin batera. “Oso erosoa da udalekuetan lan egitea, eguna hondartzan pasatzen dugu”, azaldu du Garinek. Udarako lan egokia dela uste du Mendizabalek: “Udaran lan egiteko modu polita da eta oso ordutegi ona du”. Uztailean egiten dute lan, goizez.
Donostiako hainbat auzotan daude udaleku hauek, baina Parte Zaharrean ibiltzen dira Garin eta Mendizabal. 100 ume inguru dituzte beraien kargu eta hamar begiralek osatzen dute lan taldea. “Ederra da umeekin lan egitea baina ardura handia eskatzen du”, azaldu du Mendizabalek.
Haurrek euskaraz egitea eta ondo pasatzea da helburua, eta bide batez eurek ere horixe egiten dute: “Euskaraz hitz egin eta ondo pasatu”.
“Giro oso ona daukagu begiraleon artean eta haurrek pixka bat nekatzen gaituzten arren lan polita da”, azaldu du Garinek.
Hemendik kanpora
Batzuk lanean pasatzen dute udara, baina bada opor garaia beste gauza batzuetarako baliatzen duenik. “Errealitate ezberdinak ikusi, ezagutu eta gozatu” nahi dute zenbaitek. Estonba eta Egurenek, udara Askapenarekin brigadista gisara pasako dute. Venezuelara doa bata, eta Sardiniara bestea.
“Azken lau urteetan tesiarekin ibili naiz buru belarri eta aurtengo udaran zerbait ezberdina egin nahi nuen”, azaldu du Estonbak. “Betiko turismoa” egiteko gogorik ez zuela eta, Askapenarekin brigadista moduan joatea erabaki zuen: “Errealitate bat ezagutzeko aukera izan nahi nuen”.
Argi zuen Hego Ameriketara joan nahi zuela: “Hasieran Bolibiara joateko apuntatu ginen, baina azkenean Venezuelara joatea egokitu zaigu. Egia esan ez zait gehiegi inporta nora joan, baina argi nuen Hego Ameriketara joan nahi nuela”. Uste du garai “interesgarriak” direla Venezuela ezagutzeko.
Abuztuaren 3tik irailaren 1era egongo da itsasoaz beste aldera: “Uste dut Askapenarekin bidaiatzea errealitate berriak ezagutzeko aukera ezin hobea dela”. “Gogotsu” dago bidaiari ekiteko eta han bizitakoak hemen kontatu ahal izateko.
“Gogoz” dago Egiguren ere. Sardiniara joango da irailaren 12tik 25era. “Aspalditik nuen gogoa horrelako proiektu batean parte hartzeko, inguruan badut jendea esperientzia hau bizi izan duena, eta aurten animatu egin naiz”, azaldu du.
Ez zitzaion inporta nora joan, baina lehentasunetan gertuen zeuden lekuetara joateko eman zuen izena, “gehienbat diru kontuengatik”. Pozik dago egokitu zaion lekuarekin. Ez daki oraindik zer den han aurkituko duena: “Formakuntza saio batzuk egin ditugu baina oraingoz gehienetan internazionalismoa landu dugu, aurrerago egingo ditugu saio espezifikoak”.
Han zer topatuko zain daude Egiguren eta Estonba, “kanpoan ikasitakoak etxera ekartzeko”.
Boluntariotza
Gurutze Gorriko boluntarioa da Chavez. Hiru urte daramatza bertan. Hondurastik Salamancara joan zen 12 urte zituela, eta orain dela hiru urte iritsi zen Donostiara. Zuzenbide ikasketak egin zituen lehenengo eta erizaintza modulua ondoren.
“Uda garaian, gehienbat, jende helduari hondartzara laguntzen diogu” azaldu du. Gurekin Blai proiektuaren barruan dago boluntario gisa: “Beraien etxeetara joaten gara eta hondartzara laguntzen diegu. Boluntario asko joaten gara eta talde txikitan mugitzen gara. Jendea oso esker onekoa da. Primeran pasatzen dugu”.
Asteazken goizetan joaten da Chavez hondartzara. “Ur ertzera laguntzen diegu batzuei hankak bustitzera, beste batzuek hondarretan paseatu nahi izaten dute; badago bat uretan orduak igaro nahi izaten dituena ere”, azaldu du Chavezek. Udaran lan egiten du, eta bere opor eguna eskaintzen dio GurutzeGorriko boluntariotzari: “Ederra da beraiekin hondartzara joatea, oso ondo pasatzen dugu elkarrekin, eta asko ikasten dugu”, azaldu du. Udaran Gurekin Blai programa dela eta, lan gehiago izaten dutela dio, baina neguan ere aritzen da Chavez: “Urte guztian egiten dut lan boluntario gisa, baina udara berezia izaten da”.
Erizain ikasketak egin nahi ditu datorren urtean eta ikasteko ere balio diola uste du: “Jendea animatu nahi nuke; udara pasatzeko modu berezia da. Ondo pasatzen dugu, asko ikasten da eta jendea laguntzen duzu”.
Chavezek azaldu du beti gauzak egiteko “gogoz” eta “pozik” egoten dela adineko jendea, eta horrek “izugarrizko bizipoza” ematen diola. Gainera, jendea ezagutzeko ere balio duela uste du: “Boluntario gehienok elkar ezagutzen dugu. Giro oso ona daukagu gure artean, eta hori asko eskertzen da”.
Pertsona adina aukera dago udarako hilabete hauek pasatzeko. Bakoitzak bere hautua egin du. Oporretan daudenentzat lan egiten dute batzuek; kanpora bidaiatzen dute besteek. Dena den, oporrak modu «berezian» pasako dituztela uste dute guztiek: “dirua aterako” dutelako, umeekin “gozatuko” dutelako, esperientzia “ahaztezinak” biziko dituztelako edo jendeari “laguntzen” arituko direlako. Baina denek “gozatuko” dute.