Hiru hasiberri ere arituko dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian: Miles Joris-Peyrafitte, Johannes Nyholm eta William Oldroyd.
Donostaiko zinemaldiak gaur jakinarazi ditu
Urrezko Maskorra lortzeko lehian nortzuk arituko diren irailaren 16tik 24ra bitartean. Bertrand Bonello (Nocturama), Fernando Guzzoni (Jesús), Johannes Nyholm (Jätten / The Giant), William Oldroyd (Lady Macbeth), Arnaud des Pallières (Orpheline / Orphan), Miles Joris-Peyrafitte (As You Are) eta Hong Sang-soo (Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours) dira lehiakideetako batzuk.
Bonellok Nocturama aurkeztuko du; filmak jakin-min handia piztu du, bai zuzendariarengatik, bai jorratzen duen gaiagatik. Nizako zinemagileak Fipresci saria eskuratu zuen Cannesen Le Pornographe (2001) lanarekin, eta bere azken filmetatik hiru hautatu dituzte Canneseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean: Tiresia (2003), L’Apollonide. Souvenirs de la maison close (2011) eta Saint Laurent (2014).
Frantziako beste errealizadore bat ere izango da Sail Ofizialean lehenengo aldiz:
Arnaud des Pallieres, Orpheline filmarekin. Aurretik bere azken bi film luzeak Venezian –Parc, Orizzonti sailean (2008)–, eta Canneseko Sail Ofizialean –Michael Kohlhaas (2013)– izan dira.
Fernando Guzzoni zuzendari, gidoigile eta ekoizle txiletarra Zinemaldian izango da aurten ere, 2012an Kutxa-Zuzendari Berriak saria irabazi ostean Carne de Perro fikziozko bere lehendabiziko lanarekin. Jesus filmean, Guzzonik aita-seme batzuen arteko harremana lantzen du, eta, barrenean, herrialdearen argazkia egiten du bi belaunaldiren bitartez. 2013an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen filmak.
Hong Sang-soo zinemagileak, bere azken lana aurkeztuko du: Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours. Hainbat sari eskuratu ditu zinema-jaialdietan izandako azken parte-hartzeetan: Un Certain Regard Canneseko zinema-jaialdian Hahaha (2010) filmarekin; zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoinabarra Locarnoko zinema-jaialdian Our Sunhi (2013) filmarekin; eta Urrezko Lehoinabarra Suitzako zinema-jaialdi horretan bertan Right Now, Wrong Then (2015) pelikularekin.
As You Are lanak, 23 urteko
Miles Joris-Peyrafitte zuzendari eta aktorearen lehen film luzeak, Sundance zinema-jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen. Bere As a Friend (2014) film laburreko protagonista Madison Harrisonekin batera idatzia da, eta Amandla Stenberg (The Hunger Games), Owen Campbell (Conviction) eta Charlie Heaton (Stranger Things telesaila) ditu protagonista. Hala, As You Are filmak bi neraberen eta ikaskide baten arteko harremana aztertzen du polizia-ikerketa baten bidez; batu eta banandu egiten dituen harreman.
Film luzeetan debuta egin du, halaber,
William Oldroyd zinemagileak; aurretik Sundance London zinema-jaialdiko film laburretan irabazle izan zen Best lanarekin.
Sail Ofizialean izango diren hamabost lanen berri eman du Zinemaldiak. Datozen asteetan jakinaraziko dituzte Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak. Dena den, aurrez aipatutakoez gain hauek ere euren lekua izango dutela azaldu dute: Snowden, Oliver Stone zuzendariarena, eta A Monster Calls J.A. Bayonarena (lehiaz kanpo biak ere);Manda huevos eta Vivir y otras ficciones emanaldi bereziak; El hombre de las mil caras (Alberto Rodríguez); Que Dios nos perdone (Rodrigo Sorogoyen) eta La reconquista (Jonás Trueba).