Kontxako Banderaren historia luzean, hamabi izan dira hiria ordezkatu duten gizonezkoen klubak, eta horien aurretik, beste 72 kuadrilla aritu ziren, 1931. urtera arte, arraunlari donostiarrekin talde indartsuak osatuz.
Donosti taldeko arraunlariak, 1973an, Esperanza elkartearen izenean federatuak. (Argazkia: cd esperanza mendeurrena 1912-2012 liburua)
Ez dira gutxi izan historian barrena Donostiak izan dituen arraun elkarteak. Kontxako Banderako datuei erreparatuta, hiriaren izenean aritu diren hamarnaka talde topa daitezke, beti ere, gizonezkoetan. Kontua da, hasieran arraun kuadrillekin osatzen zituztela traineruak, eta hiriko 72 kuadrilla aurkeztu ziren Kontxara, 1879tik 1931ra. Ondoren, klub edo elkarteen izenean hasi ziren donostiarrak traineruak aurkezten, 1932ko Kontxatik aurrera: Empuje (2 aldiz), Amaikak Bat (6), Chimparta (1), Loiolatarra (6), Esperanza (7), Jaizkibel (8), Ibaeta (1), Donostia (15), Ur-Kirolak (14), Arraun Lagunak (15), Fortuna (1), eta Donostiarra (8). Hala, guztira, 84 traineru aritu dira hiriaren izenean, Donostiako estropaden orain arteko 119 ekitaldietan.
Kluben hasiera hartan, 1932an, zehazki, bi elkarte aurkeztu ziren Kontxara, Amaikak Bat eta Empuje. Bi urtetan hartu zuen parte Empujek: 1932an laugarrena izan zen; eta 1933an, zortzigarrena. 1907an sortu zuten Amaikak Bat, eta hainbat kirol sail izan zituen, pilota eta futbola, tartean; urteekin, ordea, kirola profesionalizatu ahala, gastronomia elkartea izatera igaro zen. Elkano kalean izan zuen sorrera, baina 1932an Parte Zaharrera aldatu zuten egoitza. Horregatik, auzoan eta arraun giroan murgildu zen elkartea. 1930ean, futbola utzi eta Urumeako batel lehiaketan lehen postuan geratu zen elkarteko ontzia, orduko Ciaboga aldizkariaren arabera. Urte hartan bertan, eta hurrengoan, Donostia traineruko arraunlariak Esperanza elkartearekin federatu ziren, eta Kontxako estropadan parte hartu zuen hauekin batera: San Juan, Orio, Oikina, Getaria, San Pedro eta Donostia. San Pedro izan zen azkarrena; Donostiako ontziak Joshe Antoniyo bosgarren lekuan geratu zen, Perico Carrilen gidaritzapean.
Azkenean, Kontxako Banderan parte hartu behar zuen traineru donostiarrari bere izena eta laguntza eskaini zion. Bazkideek dirua bildu zuten traineruarentzat, eta egoitzan afariak eskaintzen zizkioten arraunlari kuadrillari. Hamarkada luze batez eman zion elkarteak bere laguntza Amaikak Bat traineruari. Hala, bigarrena izan zen bi aldiz, 1932an eta 1940an, eta hirugarrena 1933an.
Ibaetak ere izan zuen ontzia
Talde kopurua ikusita, argi dago hirian ohitura handiko kirola dela arrauna, eta, ondorioz, talde ugari sortu ziren hainbat auzotan, urteek aurrera egin ahala. 1960ko hamarkadan, garai hartan beherakadan zebilen arrauna indarberritu egin zuen Gipuzkoako Trainerilla Ligak. Talde ugari jaio ziren herri askotan, eta hirian sortutako bat, Ibaetan izan zen. Trainerillan aritu ostean, 1961eko Kontxako Banderarako trainerua ere osatzea bururatu zitzaien Ibaetakoei, eta, horretarako, Martuteneko Txapel Aundi elkarteko arraunlari batzuekin elkartu ziren.
Ontzi hartako patroia Anjel Isturitz gaztea izan zen, 24 urterekin. Hauek izan ziren arraunlariak: Ibaetako Balentin Alkorta, Martin Isasa, Martin Ezeiza, Natalio Galdos, Jose Lizaso, Martin Artola eta Jose Antonio Aiala; eta Txapel Aundiko Jose Antonio Mujika, Jesus Ramon, Benito Erdozia, Rikardo Etxepare, Ramon Arostegi eta Jose Antonio Artano.
Kluben garai modernoa iritsi zenean, Ur-Kirolak eta Arraun Lagunak izan ziren Kontxan gehien aritu ziren klubak, 2008an Donostiarra traineru bateratua osatu zuten arte.
Aipatzekoa da, Esperanza izan zela Kontxako Bandera lortu zuen azken talde donostiarra, 1950ean.
Emakumeetan ere bai
Emakumeei dagokienean, ez dago apenas aurrekaririk Kontxako Banderan. Zehazki, 2008an jokatu zuten lehen aldiz emakumeen lehia, eta ez zen Donostia ordezkatu zuen trainerurik egon. 2008tik 2010era sailkatze estropada egin zuten, eta ondoren, jardunaldi bakarra. Ondorengo urteetan, gizonezkoen egun beretan jokatzen dira jardunaldiak ordutik. Hori bai, lau traineruk izan dute bertan parte hartzeko aukera, orain arte. Aurten, ordea, lehen aldiz, gizonezkoenarekin parekatuko dute, eta zortzi traineruk izango dute aukera, bi txandatan.
Donostiako klubek ontzi txikietan egin zuten ibilbidea emakumeekin, bai aulki mugikorrean, bain tostako arraunean ere, Donostiako traineruaren debuta 2009an izan zen, Urkiren eskutik, Kontxako sailkatze estropadan. Proiektu hark ez zuen jarraipenik izan, eta iaz, Donostiarra-Arraun Lagunak 50. urteurrena izenarekin agertu zen proiektu berria, aurten ere ari dena Arraun Lagunak- Donostia Berdintasuna izenarekin. Hala, lehen aldiz, emakumeen Donostiako ontzi batek txartela ziurtatua du Kontxarako, gizonezkoenaren pare.