Unai Elizasu: 'Parrandarik ez...'
dudala egin, 13 urte pasa dira. Bai, bai, 13 urte parrandarik ez dudala egin.
2003ko uda hartan, Urkiko traineruan nenbilen arraunean, eta uda ikusgarri baten ondoren (uztaileko estropada guztiak irabazita), TKE ligara igotzeko play off-etara sailkatu ginen.
Jokatu genuen urte hartako Kontxa… eta gogoan dut, bigarren igandeko estropada ondorengo bazkaria, ura edanez igaro genuela. Ez genuen parrandarako gogorik falta. Baina, astebeteren buruan genuen play off hura. Ez dut oso oroitzapen ona. Uztailean dena udaberri izan zena, abuztuan okertuz joan zen. Eutsi genion, baina gauzak arraro joan zirenaren oroitzapena dakat. Nire lehen arraun etena etorri zen ondoren.
Baina gogoan dut, bigarren igandeko bazkalostean, nola ibili ginen Parte Zaharreko kaleetan barrena. Zintzo demonio. Giroa pixkat ikusi eta inbidi latza igaro ostean, etxerako bidea hartu genuen denok.
Aurtengoan, nire arraun utziera definitiboaren ondorengo denboraldian, etxeko taldeak sekula lortu ez duen emaitza lortu du. Aurreko urtean banderak izan ziren, eta aurten emaitzak izan dira. Eta play off-etan egongo dira lehengo urterarte, tostakide nituen adiskideak.
13 urtean, kontxako bigarren (eta zenbait lehen) igandeko parrandak, sakratuak izan dira. Tabernak ixten ikusi ditut. Kalearen luze zabalak ezagutu. Tabernetako barra bazterretako zerbezak eta komun bazterreko hizketaldi goxoak. Dantzak, muxuak… eta Trinitate plazako komunetarainoko prozesioa, San Pusikaren alde.
Lagun batzuekin hasi eta besteekin, edo bestearekin bukatu. Kalean gora eta behera, ziabogak eta buelta…
Aurten, kontxako bigarren estropadaren ondorengo bazkaria ez da azken urteetakoa izango. Groseko elkarte batean elkartu, direnak eta ez direnak jan eta edan, eta txarangaren laguntzarekin irten ginen Parte Zaharrera bidean.
Aurten, estropada bukatu, elkarrekin bazkaldu eta denak etxera.
Astebeteren buruan, play off-ak dituztelako. Historikoa izaten ari da uda, eta irailaren hirugarren asteburuan, pastelari jarri geniezaioke ginda. Aukerak ditugu. Orain 13 urte baino aukera gehiago, zalantzarik gabe.
Hori bai, orain 13 urte bezela, gure Kontxako parrandako festa, Porrontxoak izan ziren. Irudipena dut, aurtengoan ere, horrela izango dela.
Emaitzak aldeko izan edo ez izan… merezitako bukaera emateko lekua bilatzea ez da zaila izango. Ez da askorik behar.
Ez naiz Euskalmeteko langilea, ez dut atmosfera, tenpora eta delakoen berri askorik… baina, irailaren 18an, udaberria sartuko da Donostian.