Santanderreko Banderaren inguruan ikertzen hasi, eta traineruen historia biltzen duen liburua idazten bukatu du Angel Obregonek; 1939 eta 1963 arteko gora-beherak jaso ditu, 400 orrialdetan.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Urte mordoa eskaini dizkio bere zaletasun handienaren inguruko liburu bat idazteari Angel Obregonek (Santander, 1981):
Historia de las traineras 1939-1963, Del esplendor a la crisis. Datu ugari jaso ditu argitalpenean, 400 orrialdetan barrena; 300 argazki baino gehiago bildu ditu; eta garaiko protagonistei egindako elkarrizketa zabalak jaso ditu, pasarte asko lortu dituelarik. Liburua han eta hemen aurkezten ari da egilea, eta Donostian eman zuen ezagutzera, joan den ostiralean; kaian egin zuen berarekin hitzordua IRUTXULOKO HITZAk.
Anaiak sekula arraunean egin ez bazuen ere, berarengandik datorkio zaletasuna: «Haurra nintzela, anaia zaharrak behartuta eramaten ninduen estropadak ikustera. Hemezortzi urterekin, azkenean, kirol gogor bat egitea erabaki nuen, eta Santanderreko klubean arraunean hasi nintzen». Horrela, 2000. urtean, bi traineru uretaratu zituen klubak, eta bigarren ontzian aritzeko aukera izan zuen Obregonek, bateletan eta trainerilletan ibili ondoren. Hiru denboraldiren ostean, ikasketa kontuengatik utzi zuen kirola, eta entrenatzaile eta arraunlari gisa itzuli zen, 2010. urtean kluba desagertu zen arte. Urte hartan bertan, elkarte berria sortu zuten, eta bertako presidentea da bera: «Lehenengo hiru urteetan trainerua atera genuen, KAE-2 Ligan, eta azken urteetan batel seniorrak ditugu, besterik ez».
Jakinmin handia zuen arraunaren hastapenen inguruan, eta ikertzeari ekin zion. «Santanderreko liburutegian hasi nintzen informazio bila, eta aldizkari batzuk bakarrik topatu nituen, XIX. mendekoak. Anaia historialaria dut, eta esan zidan norbaitek zerbait bilatu eta topatzen ez duenean, onena berak egitea dela, eta horrela hasi nintzen, 2000. urtean». Kontua da, garai hartan informatika ikasketak egiten hasi zela, beraz, liburuarena alde batera utzi zuen. Ondoren, ordea, historia ikasteari ekin zion, eta ezin hobeto etorri zitzaion liburuarena. Lehenik eta behin, Santanderreko Banderaren aurrekariak topatzea zuen erronka, eta bere buruari galdetu zion zergatik zegoen Donostian 100 urte baino gehiago zituen estropada bat, eta kantauriaren gainontzean ez: «Konturatu nintzen Donostian oso ongi zaindu zituztela estropadak, beste tokietan ez bezala. Informazio bila hasi, eta Santanderreko Banderaz gain, estropada askotaz ere informazio asko topa nezakeela konturatu nintzen, zerbait hobea egiteko». Datak aukeratzea etorri zen ondoren, eta 1936ko Gerran egondako geldialdia hautatzea erabaki zuen, eta ondorengo hiru hamarkadak. Hala, probintzia bakoitzean elkarrizketa bat egin du, orduko arraun mundua ezagutu zutenekin: «Hautatutako garaiarekin asmatu nuela uste dut. Zoritxarrez, agian, hemendik urte batzuetara protagonista horiek hilik egongo baitira».
Liburua, irakurtzeko baino kontsultarako dela dio Obregonek. Adibidez, argazki bat duenak, noizkoa den identifikatu ahal izateko; edo datu zehatzak topatzeko.
Francok babesa eman zien
Une gorenetik krisira dio liburuaren azpiko tituluak; eta horrek badu arrazoi bat: «Gezurra dirudien arren, gerra ostean arraunak gora egin zuen. Francok Espainia bateratu nahi izan zuen, eta euskaldunei gauza asko kentzen zizkien moduan, beste batzuk ematen zizkien, pozik egon zitezen, eta horietako bat jai herrikoiak izan ziren. Diru asko eman zien estropadak antolatzeko, 1950. hamarkadara arte. Gerora, krisia iritsi zen, klub asko zorretan zeudelako, eta asko desagertu egin ziren». Horrela, Kontxako Bandera ere galtzeko zorian egon zen, partaidetza faltagatik.
Obregonek berak autoeditatu du liburua, dirulaguntzarik gabe. Elkar liburu dendetan eskura daiteke, baita Internet bidez ere, Amazon atarian.