'Barkatu, Laboa'
Askok maite izan dugu eta maite dugu Mikel Laboa.
Mikel Laboa da, bere izenak diona: mugimendu sortzaile arrakastatsu, poza handiak sorrarazi dituena, jende umilena besarkatuz, guztiongan intentzio animatzailea pizteko desioa duena eta ernaldu egiten duena.
Mikel Laboa da, bere izanak dioena: ofizioz eta afizioz, zaurien sendatzailea, atzeratu deituen minak eta herri deseginaren minak, esklabo beltzen saminak eta erretako emakume sorgin askeen minak. arintzen eta sendatzen saiatutako sendatzailea.
Mikel Laboa, izena eta izana, gutako askorentzat izan da bizigarria, geure haren kantuekiko, batez ere, esperientziak baieztatua.
Milaka eta milaka euskaldunen (eta ez euskaldunen) diktadurarekiko sentiberatasun eta nahi emantzipatzailearentzat ukendu magiko bizigarria izan zen “Hegoak ebaki ba nizkion”.
Ezin dugu Laboa ulertu milaka emakume mespretxatu eta madarikatu sutan erretako sorginen oroimen ohoragarririk gabe (Baga, biga, higa…).
Eta nola ulertu Laboa oroimenetik kentzen badugu New Yorkeko beltz esklabu eta baztertuen eta herri arrantzaleen Lekeitioak kantak gabe.
Eta amaiera hasierarekin lotuz “Maite ditut maite zure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkitanean…” ez al gaitu eramaten izarren hautsean biraka eta etengabe dabilen bizitzaren ospakizunetara?
Laboa tximist hauek gabe, Mikelek ureztatu duen herria gabe, gogo gorenen eta herri xumearen arteko lotura hori gabe… zer gelditzen da Mikel Laboaz?
San Sebastian 2016 espektakulu kulturalak, Aste Nagusiko azken jardunean, urte osoa sakralizatu dituen Txoria Txori, Bagera eta Beethowenen bederatzigarrena, artifizioko sutan nahasiak izan ziren. Artifizioko kulturak irentsi nahi izan du Mikel Laboa eta bizitarako sortua gorpu bihurtu nahi izan du. “Hegoak ebaki banizkion” kanta, Europako Batasuna deituriko egitasmo zital, anker, arranditsu, arrazista, jende arruntaren bizkar gainean eraikia jende umilaren gain burla egitera ohitua…”Hegoak ebaki…” horrelako zerbaiten omenezko kanta simbolikoa?
Nola? Ez da posible!
Bai, bai! Posible da… Herri zigortuaren barneak astindu, alaitu eta bizituarazi egin duen kanta, disekatzen, gorpu hila bihurtzen, bizitzarekin loturik gabeko mamirik eta ernamuinik gabeko espektakulo kultural merkantila bihurtzen saiatzea… posible da. Hori gertatu da San Sebastian deituriko hiri kontzientziarik gabean. Eskerrik Aika, mutil, morroiaren Donostiak horrelakoaren aurrean desadostasuna erakutsi duen. Donostia horren izenean Barkatu, Mikel Laboa.
Oharra: Estilo bereko gutuna bidali diet Sarriegiri eta Beethoweni. Sarriegi haserre dago Ulia mendiko behe lainoetan duen egoitzan. Nola liteke militarismoaz iseka eta burla umoretsua egiteko asmaturiko kanta, Europa gerrazale eta militarizatuaren omenezko musika bihurtzea…! Eta zer dio, Alemaniako Rhin ibai inguruko zelai zabaletan errari dabilen Beethowen gorrak? Haserre dago askatasunaren iraultzen ospakinetarako asmaturiko sinfonia, bihurtzen ari delako askatasun guztien (eta baita gure herriaren askatasunaren) kanposantu bihurtzen ari den Troikaren omenezko himnoa!
Barka bada, Mikel, Sarriegi eta Ludwig.
Joseba Barriola