"Oraindik potentzial osoa ikusteko daukagu, bide luzea du egiteko"
Traineru desberdin bat diseinatu eta eraiki du Branka Composites enpresak; Oriok erabili du prototipoa ia denboraldi osoan, eta Kontxako Banderan Hibaikak uretaratu du, emaitza oso onekin.
JON LASA; Branka COMPOSITES ENPRESAKO KIDEA.
Aspalditik zuen buruan bere gustuko traineru bat egitea Jon Lasak (Orio, 1984); ametsa egia bihurtu du, Branka merkaturatuta: «Hasieran ez ziguten sinesgarritasunik ematen, gazteak ginelako. Arraun mundua nahiko itxia da, eta betikotik ateratzen bazara, beldurra izaten du jende askok».
Nolatan bururatu zitzaizuen Branka Composites sortzea eta traineru bat diseinatzea?
Ni arraunean ibilitakoa naiz, seniorretara iritsi arte, lau urtez. Oriotarra izanik eta itsasoa gogoko izanik, betidanik izan dut traineru bat sortzearen ideia hori buruan; optimizazio aldea landu eta zerbait egin zitekeela ikusten nuen.
Ingeniaritza ikasketak egin nituen, eta Zumaiako Astilleros Balenciagan lanean aritu nintzen. Tnika proiektuan sartu ginen, traineru berezi bat egiteko, berrikuntza batzuekin. Han elkar ezagutu genuen egun enpresan gauden lau lagunok. Interesa piztu zitzaigun, Tnikakoaren ostean, composites-en munduan zerbait egiteko. Karbono zuntzak material gisa dituen propietate mekanikoekin, gero eta sektore gehiagotan sartzen ari dira material konposatuak, eta etorkizunera begira ate asko zabalik daude. Beraz, traineruaren kontua aprobetxatu genuen, talde gazte bat elkartu ginela, gogoarekin, eta ekintzailetasunetik joz, horretan gabiltza, azken urte eta erdian.
Zer eskaintzen duzue zehazki?
Batetik, diseinua eta ingeniaritza ditugu. Hainbat proiektu landu ditzakegu, hutsetik hasitako proiektu oso bat egiteko aukera ematen dugu: zubi bat, egitura bat… Bestetik, ekoizpena bera eskaintzen dugu; dena hemen bertan egiteko aukera dugu.
Orain, gainera, Minimax izeneko gailu batzuk erabiltzen hasi gara traineruetan, bizkarreko arraunlarien artean jarrita. Azelerometria eta GPS bidez hainbat datu jaso eta interpretatzeko balio du. Palada bakoitzeko datuak ematen ditu: erritmoak, uretako pasadaren denbora, erasoko abiadura eta bukaerakoa… datu pila bat, oso interesgarriak. Klub askorekin lanean ari gara, horren bidez, arraunketa optimizatzeko. Tostako arraunean sentsazioekin asko jokatzen da, eta teknifikazioan oraindik lan asko dago egiteko. Aulki mugikorrean urte asko daramatzate horrelako neurketak egiten, eta guk tostako arraunean bultzatu nahi dugu. Sentipenekin jokatzea ongi dago, baina datu objektiboekin alderatzea sekula ez da txarra.
Branka traineruak eman du zeresana uda honetan. Ezaugarri nagusia zeintzuk dira?
Itsasoari begira egin dugu, olatuak hobeto hartzeko. Ikusten dugunagatik eta esan digutenagatik, ongi dabil itsasoan eta olatu gutxixeago ateratzen du brankan. Kareletik uretara pixka bat gertuago geratzen da, eta posturari dagokionean ergonomikoagoa da arraunari tiratzeko, branka aldean okerka ibili beharrean. Gero, erdialdetik txopara, gorputz gehixeago dauka, eta lehenago hartzen du arrankatzeko postura.
Orioko gizonek erabili zuten lehenengo, gero emakumeek, eta orain Hibaikakoek darabilte. Zein erantzun ari zarete jasotzen?
Orioko emakumeek erabili eta gero, Amilibiarekin kontrastatu nahi zutela esan ziguten. Ulertu genuen, baina trainerua ez genuen geldik eduki nahi, eta aukera izanda, beste klub bati utzi nahi genion. Oso gustura dabiltza Hibaikakoak traineruaren errendimenduarekin, bai errioan eta bai itsasoan.
Hibaikakoek sailkatze estropadan eta joan den igandean erabili zuten. Kontxarako traineru egokia da?
Nik uste dut baietz, ikusiko dugu datorren igandean. Oraindik potentzial osoa ikusteko daukagu, bide luzea du egiteko. Sailkatzera joan zirenean, oraindik ez zeramatzaten bi aste traineruarekin, eta egokitu beharra dute.
Bereziki emakumeentzako trainerua dela nabarmendu izan duzue. Garaia iritsi da arrauneko materiala emakumeentzat egokitzeko?
Diseinatzerakoan, emakumeek aurreko traineruetan zituzten arazoak kontuan izan genituen, bazen garaia haiek kontuan izateko. Edonola, merkatua oso txikia da bai gizonetan eta bai emakumeetan, eta ezin dira berrogei modelo egin, beraz, baldintza eta arraunlari desberdinentzat balio dezakeen ontzi bat diseinatu dugu. Gainera, neurri batzuk errespetatu beharra dago, eta normala da, bestela alde handia egongo litzateke talde batzuetatik besteetara.
Kontxako Banderarako kiniela egingo zenuke?
Nire apustua da Hibaikak bandera baietz. Mutiletan, Urdaibai ikusten dut faboritoa, gero Hondarribia, Kaiku eta Orio.