Laster argituko da misterioa; datorren igandean jokatu dute sailkatutako zortzi ontziek Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia, eta orduan jakingo da zeintzuk etxeratuko dituzten trapuak.
Hibaikako Nerea Orena, joan den igandeko jardunaldian. (Argazkia: Lide Ferreira
Ezer ez zen erabakia geratu joan den igandean jokatutako Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Emakumezkoetan, San Juan, Hibaika eta Orio lau segundo eskaseko tartean geratu ziren, eta gizonezkoetan, aldiz, denboraldi guztian bezalaxe, Urdaibai eta Hondarribia izan ziren nagusi. Badira arraunlari donostiarrak bandera lortzeko borroka horretan, eta horietako birekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, euren sentipenen berri izateko: Hibaikako Nerea Orena (Amara Berri, 1981) eta Hondarribiako Xabier Etxebeste (Loiola, 1980).
Hibaikaren
Madalen traineruaren tostartean sei denboraldi daramatza Orenak. Duela hamaika urte hasi zen arraunean Fortunan, anaiak bultzatuta, eta gogoz jarraitzen du, oraindik ere. «Estropada bakoitza bakarra izaten da, eta berez barruan egon behar baginen ere, gauzak ongi egin beharra zegoen ostegunean. Estropada ona eginda, lehen igandeari begira jarri ginen segituan». San Juanekin izan du lehia zorrotza denboraldi guztian Hibaikak; lehenengoarentzat izan da Euskotren liga, eta bigarrenak Gipuzkoako Liga eskuratu du. Kontxan ere, pare-parean dabiltza. «Irabaztea izaten da estropada bakoitzeko helburua, eta batzutan gauzak hobeto ateratzen dira. Egia esan, denboraldiarekin oso pozik gaude. Euskotren ligan bigarren postua lortu dugu, inoiz egin dugun posturik onena. Ikusi dugu beti borrokan aritu garela oso segundo gutxitan, eta ez dugu ezinezko batekin amesten». Edonola, Kontxari begira, garrantzitsuena urduritasunei aurre egitea dela dio Orenak: «Igande hauetan jende asko etortzen da, eta zurean mantentzen jakin behar da». Cabo, Arraun Lagunak eta Zarautz-Getaria izan zituen aurkari Hibaikak, lehen txandan, beraz, arroxen erreferentziarik gabe atera zen. «Alde positiboa ikusten saiatu ginen, askotan ondoan beste talde bat izateak urduri jartzen baitzaitu, eta arraunkera galtzeko arriskua ere egoten da;?eta hortxe gaude, borrokan».
Burua lanean dutela aitortu du Orenak, baina bere ustez taldea sekula baino lasaiago dago. «Badakigu zer den ez irabaztea, eta gu gara gure buruari presioa jartzen diogunak. Gustura geratzea da kontua. Lehia gogorra izango da eta edonork irabaz dezake, hiru segundo ez dira ezer. Itsaso mugitua dator, eta olatu bat hartu edo ez, hor joan daitezke segundoak».
Kiniela ere egin du gizonezkoetan, eta Hondarribiaren alde jo du.
Hondarribia edo Urdaibai
Hain zuzen, gizonezkoetan, txanda desberdinetan atera ziren igandean Hondarribia eta Urdaibai, faborito nagusiak; «Nahiago genuen txanda berean atera, baina bakoitzak bere lana izan zuen. Burua hotz izan behar genuen, estropada ona egiteko, eta beraiek ere bai, gure denbora hobetzen saiatzeko», dio Etxebestek. Biek ere estropada bikaina egin zuten, eta berdeak bi segundo atzetik geratu ziren. «Baldintzak antzekoak izan ziren, eta gure %100 eman genuen. Beti daude hobetzeko kontuak, baina okerrago egin zitezkeenak ere bai. Gu pozik gaude egin genuen estropadarekin, eta ezinezkoa zen azkarrago ibiltzea. Oso parekatuak gaudela argi dago», gehitu du.
Ezer arrarorik gertatu ezean, Bermeora edo Hondarribiara joango da aurtengo bandera, baina astea lasaitasunez hartu dutela dio Etxebestek: «Nahiko lasai gaude, eta ondo entrenatzen. Ilusioz beteta gaude, eta igandea iristeko gogoz». Gainera, bigarren jardunaldiari begira oso argi ditu ideiak: «Dena ematen badugu, eta irabazten badute, zoriondu eta etxera joango gara. Baina oso azkar ibiliko gara, eta sekulako maila eman beharko dute guri irabazteko».
Irabazi edo ez, argi dago sekulako denboraldia osatzen ari dela
Ama Guadalupekoa, eta hori gutxiegi baloratzen delako ustea du: «Sekulako denboraldia egin dugu. Ligan borrokan gabiltza irabazteko, bederatzi bandera irabazi ditugu, txapelketa guztiak irabazi ditugu, eta badirudi Kontxa ez baduzu irabazten, hankamotz geratzen dela denboraldia. Badakigu Kontxa, Kontxa dela, urteko banderarik garrantzitsuena dela tradizioz, eta jendeak eta komunikabideek garrantzia gehiago ematen diotela. Mugitzen duen jendetza ikustea besterik ez dago. Argi dago irabaztea izugarria izango litzatekeela, baina ez badugu lortzen, jendeak ez du burua galdu behar».
Emakumeetan egin du bere apustua Etxebestek: «Zaila da, baina Hibaikaren alde egingo dut. Beti egon dira hor, eta merezi dutela uste dut. San Juanek azken bitan irabazi du, eta ea Hibaikaren txanda den aurten».
Edonola, oraindik trapu preziatuek ez dute etxerik; igandean argituko da guztia, batzuen pozerako eta besteen tristurarako.