Xabier Lopetegi: "Argazkia II"
Xabier Lopetegi, Kazetaria.
Zer pentsatua eman dit Vazquez futbologoak bere zutabe argazkiaren inguruan idatzitakoak. Izan ere, niri ere makina bat bider esan didate etxekoek eta lagunek goiburuko irudia aldatzeko. Ez zaharra delako, baizik eta ez omen didalako justiziarik egiten –ez dagoen tokitik ezin atera, esaten diot nire buruari halakoetan-. Kontua da, akats, defektu eta guzti, nahiko itxuroso ikusten dudala nire burua erretratuan, baina mundua ez omen dago ados.
Pertzepzioaren komeriak. Gauza bat da nola ikusten garen. Beste bat nola ikusten gaituzten. Eta bestea, oso desberdina, errealitatea. Antzeko zerbait sumatzen dut Realaren inguruan denboraldi hasiera honetan. Gehiegizko ezkortasun eta etsipena nabari da inguruan, Liga hasi besterik egin ez dela kontuan hartuta. Ez dut uste orain arte jokatutako bi norgehiagoketatik ondorio askorik atera daitekeenik. Bere estiloaren bila dabil taldea. Gabeziak ikusten zaizkio, abiadura falta, biguntasun puntu bat defentsan, baina baita gauza politak egiteko moduko dohainak ere, oraindik ere guztiz aprobetxatu gabeak.
Izen handiko fitxaketarik egin ez izana dago, agian, ilusio faltaren atzean. Edo betiko eztabaidak –Loren, estadioa handitzeko obrak…-. Edo entrenatzailearen inguruko zalantzak. Beharbada oparotasunak dakarren opari pozoitua da; behar guztiak beteta dituen eta Ligaren burguesian bete-betean sartuta dagoen taldearen berezko gaitz existentziala. Zein da gure tokia, gure papera bizitzan –Ligan-? Konformatu behar dugu bizimodu patxadatsu bat eramatearekin, ala asmo handiagoko erronkak jarri behar dizkiogu gure buruari, jakinda ere horrek sor dezakeen frustrazioa –Europa-?
Guzti honen aurrean, pentsatu dut goizegi dela etsipenean erortzeko. Egongo dela pipertzeko eta kexatzeko denbora –eta arrazoiak- aurrerago. Merezi duela aukera bat ematea talde honi, ilusioari. Badagoela neurri handi batean etxeko jokalariez osatutako oinarri bat: Illarramendi, Zurutuza, Elustondo, Zaldua, Iñigo… Garai bat markatu dezakeen futbolaria dugula Oiartzabalekin. Osatuko dela Agirretxe, eta zentzatuko dela Vela. Min hartu aurretik erakutsitako maila berreskuratuko duela Canalesek. Atezain gisa hazten jarraituko duela Rullik. Taldean pixkanaka lekua egingo dutela harrobitik ate joka datozen gazteak. Eta abar eta abar.
Hiru asteren buruan bost norgehiagoka edukiko ditu Realak: Espanyol, Vila-real, Las Palmas, Eibar eta Betis. Tarte hori igarota, denboraldiari traza hartzeko argudio sendoagoak egongo dira. Bitartean, ez diot men egingo nagusi den ezkortasunari. Ezta presio sozialari ere. Nire argazkia agoantatzen jarraitu beharko dute…oraingoz. Be happy!