Erabilgarri dago mugikorreko aplikazioa. (Argazkia: Malen Aldalur)
Loiolako Erriberan auzoko informazioa biltzen duen aplikazio bat egin dute. Ez da horrelako zerbait egiten duten lehen aldia, aurretik ere mugikorreko aplikazioak erabili ohi zituzten festen programazioaren berri emateko.
Asteburu honetan hasiko dira jaiak auzoan eta une hori baliatu dute jaietako programazioaz gain auzoko informazio ezberdinak biltzen dituen aplikazio bat sortzeko. Auzo elkarteko kideek azaldu dute aurrez ere komunikazio “handia” zutela auzotarrekin: “400 bizilagunen sarea osatuta daukagu posta elektroniko bitartez ,eta Sare Sozialak ere asko erabiltzen ditugu”. Hori dela eta, urrats bat gehiago ematea erabaki dute.
Honako aukerak emango ditu, besteak beste, aplikazioak: auzoari buruzko albisteak, trukeak egiteko plataforma, auzoko merkatarien eta ostalarien inguruko informazioa, eta auzoko agenda.
Gainera, aplikazioak erregistratzeko aukera eskaintzen du. Bere datuekin izena ematen duten bizilagunek hainbat onura izango dituzte: besteak beste, zozketetan parte hartzeko aukera eta beherapenak auzoko zenbait dendetan.
Aplikazioa lortzeko nahikoa da mugikorrean Riberas de Loiola aplikazioa deskargatuta.
Denen artean pixkanaka osatzen joango direla azaldu dute, baina momentuz auzotarrak gustura daude.