‘Intxaurrondo Txuri Beltzean’ liburua argitaratu berri du IZBE auzo elkarteko Historia taldeak. 1980. urtera bitarteko 120 argazki bildu dituzte bertan.
IZBE auzo elkarteko Intxaurrondoko Historia taldeko partaideak, liburuaren kartelarekin. (Argazkia: L. Ferreira)
Larrotxene kultur etxean, Intxaurrondo Primera Pagina aldizkaria argitaratzea erabaki zen duela 25 urte baino gehiago. Beste gai batzuen artean, bertan, auzoaren historiari buruzko artikulu batzuk idatzi zituen Intxaurrondoko memoria biltzeaz eta zabaltzeaz arduratzen diren taldeak.
Garai hartako hariari tiraka, duela lau urte, auzoko historia lantzeko atal bat sortu zuen Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak. Taldeak hainbat jarduera gauzatu ditu urteotan: Intxaurrondo etxe multzo txiki bezala ezagutu zuen lagun batzuei egindako elkarrizketak, ibilbide gidatuak auzoan zehar eta 1980. urtera bitarteko argazkiak biltzen dituen erakusketa bat, besteak beste.
Azken horrek harrera ona izan zuenez, historia taldeak erabaki zuen argazki horiek formato sendoago batera pasatzea. Modu horretan sortu zen gaurtik aurrera salgai dagoen Intxaurrondo Txuri Beltzean argazki liburua. J. Clara liburu dendan, Gaztelu liburu dendan, Gurutze estankoan eta Book liburu dendan dago eskuragarri.
Ehun argazkitik gora
Auzo elkarteko Historia taldeko Begoña Alzagak azaldu duenez, liburua 120 argazkiz osatuta dago, eta irudi bakoitzak bere deskribapen txikia du.
Horiek guztiak biltzeko asmoz, parte hartzeko deia egin zieten iaz Intxaurrondokoei, eta norbanako zein elkarte eta eragileen bidez –Altzako Historia Mintegia, Artzak Ortzeok elkartea, Marrutxipi…– asko jaso dituztela adierazi du Alzagak. Nahiz eta liburuan gehiagorako tartetik ez izan, orotara, 500 argazki bildu dituzte: «Azken urte honetan jaso ditugun argazkiez gain, aurreko urteetako asko ere bagenituen. Libururako aukeraketa egitea oso zaila izan da. Material ugari kanpoan utzi behar izan dugu».
Historia islatzen duen arren, liburua ez dago kronologikoki ordenatuta: «Dinamikoa izatea nahi genuen, eta kronologikoki ez genuen dinamikotasun hori lortzen. Intxaurrondon auzo ezberdinak daude, eta horiek guztiak islatuta egotea nahi genuen, baita oreka bat ere egotea neska eta mutilen artean. Hortaz, tartekatu ditugu argazkiak, nahasketa moduko bat egin dugu».
Liburua prestatzerako orduan, lan mardulena dokumentazio lana izan dela aitortu du Alzagak: «Argazki batzuk gordeta genituen, baina horien inguruko informazioa falta zitzaigun. Horregatik, argazki bakoitza hartu eta jendearengana hurbildu gara, bertan agertzen zena edo zirenak ezagutzen zuten edo zituzten eta beste daturen bat eman zezaketen jakiteko. Oso polita izan da».
Kanaria Uharteetaraino
Dokumentazio prozesu horretan, Hirurak auzunearen pasadizoa ekarri du gogora Historia taldeko kideak: «Garai batean, errugbi talde oso ezagun bat zegoen bertan, maila nahiko altukoa. Jendeari galdetzen aritu ginenean, denek esan ziguten ezagutzen zutela, eta talde oso ona izan zela. Baina argazkian agertzen ziren jokalariak ez zituzten ezagutzen. Kanaria Uharteetaraino iritsi zen argazkia! Baina, azkenean, izen bakarra identifikatzea lortu dugu».
Auzotarren inguruan ere atentzioa eman dien zenbait kontu aipatu ditu Alzagak: «Konturatu gara egun 60-70 urte bitarte izango zituzten asko hil egin direla. Eta auzoko asko ere hemendik joan direla, ezkonduta, Donostiako beste auzoetara».
Argazkiak bildu dituztenean, hainbat bitxikeria aurkitu dituzte. Tartean, 1945. urte inguruko auzoko nesken futbol talde baten argazkia; eta Hirurak auzunean ospatzen ziren jaiak. «50 eta 60ko hamarkadetan eraiki zen Hirurak auzunea, eta bertan bizi ziren asko Gaztelakoak ziren. Ba, Hirurakeko jaien argazki bat jaso genuen: gurdi bat, idiak, auzotarrak poxpolinez jantzita… Ez genuen pentsatzen garai hartako jaiak halakoak izango zirenik! Benetan hau egiten zutela?, galdetu genion gure buruari. Poz handia eman zigun», esan du Alzagak.
Hirigintza aldetik ere Intxaurrondo asko aldatu dela ikusi ahal izan dute argazkien bidez: «Mons pasealekua, duela 50 urte, egun dagoen espaloia baino estuagoa zen», azaldu du Historia taldeko kideak.
Material ugari bildu dutenez, pena ematen die liburuan agertzen ez dena gordetzea: «Bilatu behar dugu modua hori guztia zabaltzeko, eta, bueno, zergatik ez bigarren liburu bat?», adierazi du Alzagak.
Azken batean, Historia taldeak bere helburua lortzeko lanean jarraituko du, hau da, auzoko informazioa biltzen eta bizilagunei helarazten, «gure historia txikia islatzeko, eta Intxaurrondoko memoria ez galtzeko».