Porrontxo jaien asteburu indartsua iritsi da, kuadrillen igoeraren ostean. Egiako festetarako artisau garagardo propioa eta berezia dute lehen aldiz: Maldan Bier, joan den astetik salgai dago auzoan.
Egiako jai batzordeko kideetako batzuk, Plaza Haundin. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gustuko bidean, aldaparik ez! Halaxe dio Porrontxo jaietako leloak. Egia zerbaitek identifikatzen badu, horiek aldapak dira, zalantzarik gabe. Jaiak ere horren isla dira, eta atzo arratsaldean eman zieten hasiera ofiziala jaiei, aldapen bueltan. Lehenengo, etxeko txikiek jaitsi zuten malda, eta, ondoren, kuadrillen txanda izan zen, maldan gora. Horrela, asteburu indartsuari irteera eman zioten, Trebeska dantza taldekoek pregoia eta txupina bota ostean.
Gainera, aurten parrandarako edarian ere izango dute islatua malda. Izan ere, jaietarako artisau garagardo propioa sortu dute: Maldan Bier. Xehetasun guztiak azaldu dizkio jai batzordeko Beñat Tardaguilak Irutxuloko Hitzari: «Beti saiatzen gara berritasunen bat sartzen edo zerbait deigarria egiten. Beti izan gara garagardo zaleak, eta azken urteetan artisau garagardoak gorantza doaz, baita Donostian ere. Gure marka sortzea erabaki genuen, eta elementu alemaniarrak sartu ditugu, barregarria egiteko». Garagardoa dagoeneko salgai dago auzoko tabernetan eta txosnetan, baina ez dute ikusten dirua ateratzeko produktu baten moduan: «Irudia lantzeko eta jendea erakartzeko egin dugu. Irungo Bidasoa Basque Brewery garagardogileak ezagutzen nituen, eta beraien lager garagardo bat aukeratu genuen. Hortik aurrera guk sortu dugu irudia, eta dena koordinatzen lagundu digute».
Horrela, lupulu kutsua duen edaria ekarri dute auzora, edateko erraza, Tardaguilaren arabera: «Badago jendea izugarri gustatu zaiona, eta badago jendea ez zaiona batere gustatu. Agian artisau garagardoa edatera ohituak dauden horiek irekiagoak dira, eta besteei zailagoa egiten zaie».
2,50 euroko prezioa du Maldan Bierrek, eta 1.080 botila egin dituzte: «Garagardoaren kostua askoz handiagoa da, eta edozein tabernatan halako garagardo batek lau eurotik gorako prezioa du. Nahi genuena zen jendearengana hurbildu, eta horregatik jaitsi dugu prezioa». Aurten ikusiko dute ea zein nolako harrera duen, eta jasotzen dutenaren arabera erabakiko dute ea datozen urteetan ere egingo duten. «Balorazio bat egingo dugu, eta nik uste dut datorren urtean zerbai egingo dugula, baina ez dakit aurtengoaren adinakoa, gutxiago edo gehiago».
Edonola, jai giroa dagoeneko badago Egian, joan den astean motorrak berotzen aritu baitziren: «Aste kulturala deitzen dioguna egin dugu, eta haurrentzako jarduera dezente egiten ditugu». Jaien egitarauaren barnean, berritasunak baino aldaketak dituzte. Jende gehien ibiltzen den eguna larunbat gaua izaten dela dio Tardaguilak, baina auzoko bizilagunek gehien bizi duten momentua ostegunekoa izaten dela dio: «Egiakoentzako momenturik politenetakoa kuadrillen igoera izaten dela esango nuke. Gainera, festei hasiera ematen dien momentua izaten da. Gero, polita izaten da, Antiguokoei egiten diegun ongietorria; aurten ostiral iluntzean egingo dugu».
Jaiak, noski, gozatzeko izaten dira. Baina, horretarako, auzo guztietan lagun gutxi batzuk lanean aritu behar izaten dira. Egian, esaterako, sei lagun dabiltza lanean, aurreko urteetan hamar baino gehiago izan direnean. «Gutxiagoren artean eramaten ari gara aurten lan karga antolakuntzan. Deialdiak zabaldu ditugu, eta jendeari irekitzen saiatu gara, baina ez gara nahikoak. Nahi duenak irekiak ditu jai batzordeko ateak, mila gauza daude egiteko, eta bakoitzak ahal duen moduan lagundu dezake».
Beraz, interesa duenak idatz dezala porrontxojaiak@porrontxojaiak.org posta elektronikora.
Erriberan eta Altzan ere bai
Egiako jaiak ezagunak dira hirian eta inguruko herrietan, baina ez dira asteburuan festetan murgilduko diren bakarrak. Izan ere, Loiolako Erriberan eta Altzan ere jaietan sartuko dira gaurtik igandera.
Auzo gaztea da Loiolako Erribera, baina zortzigarren urtez ospatuko dituzte festak, hiru egunez. Danborradari egingo diote omenaldia aurtengo jaietan. 2011tik dute auzoan konpainia, eta haiek arduratuko dira pregoia irakurtzeaz, 19:00etan.
Festek irauten duten bitartean, VI. Pintxo Lehiaketa egongo da jokoan, auzoko tabernetan. Zortzi euro balioko dute txartelek, eta prezio horren truke, lehiaketan parte hartuko duten sei pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Horrekin batera, botoa eman beharko da, eta tabernek eskainitako oparien zozketan parte hartu ahal izango da.
Gainontzean, aurten esfortzu berezia egin dute jai batzordetik, gaztetxoengana hurbiltzeko, eta lehen aldiz, xake txapelketa egingo dute, 12 eta 16 urte bitartekoentzat, larunbatean, 16:30ean.
Dagoeneko klasiko bihurtu diren jarduerek ere ez dute hutsik egingo. Errenteriako Eureka Dance taldearen ikuskizuna larunbat gauean izango da, duela bi eta hiru urte bezalaxe; patata tortilla lehiaketa igande arratsaldean egingo dute, eta aurrekoetan bezala, 30 tortilla baino gehiago espero dituzte.
Altzatarrek Santa Barbara jaiak ospatuko dituzte. Gaur bertan sardin jatea egingo dute, 19:30ean. Larunbatean, berriz, jarduera polita egingo dute, izan ere, Altzako eragileetako kideei ongietorria egingo diete, elkartearen egoitzan.
Dantzarako tartea ere izango dute. Ostiral gaudean, Dimbi-Damba eta Desembragadores taldeek kontzertuak eskainiko dituzte, eta larunbat gauean, Dj Ru.