Ander Edo: 'Iragandako garaia'
Batallitak gustuko ditut. Atsegin ditut ni baino helduagoa den jendeak kontatzen dizkidan istorioak. Arretaz aditzen ditut pasioz beteriko kontakizun horiek. Gazte garaiko pasadizoak izaten dira gehienetan, eta kontalarien begietan dirdira berezia nabaritu daiteke hauek gogora ekartzerakoan.
Gazte denboretako oroitzapen hauek, ordea, sarritan lotuta ekartzen dute batere atsegin ez dudan “etengabeko dekadentzia”-ren diskurtsoa. Adibide erraz batekin azalduko dut. Auzoko jaien bueltan tokatu izan zait garai bateko festen inguruko kontuak entzutea. Lehen egun gehiago izaten zirela, mugimendu gehiago izaten zela, gazteak gehiago inplikatzen zirela… Iraganekoa hobea izan zela eta gaur egungoa okerragoa delako ideia oso tentagarria da, baino ze puntutaraino da erreala? Sinesgarria da dena okerrera doanaren ideia hori?
Kontu hau ez da berria, esate baterako k.a 720 urte inguruan bizi izan zen Hesiodo poeta grekoak azaldu zuen bere kezka egungo gazteriarekin honakoa adierazi zuenean: “Gaur egungo gazteek boterea lortzen badute ez dut itxaropenik ikusten gure herriarentzako…” 2.500 urte baino gehiago pasa dira eta oraindik badira gazteak zaharren bertsio okertu bat direla pentsatzen dutenak. Zorionez poeta grekoak itxaropenik ez bazuen ere, Greziar herriak lortu du gure egunetara iristea.
Finean gaur egungo gazteak ez gara antzinakoak baino okerragoak edo hobeak, gazteak gara, besterik ez. Eta noski badira eguna euren zilborrera begira ematen dutenak baino baita euren ingurua aldatzen lanean dihardutenak, hortaz ez gaitezen orokortzearen akatsean erori.
“Iragandako edozein garai hobea izan zen” esaeraren aurrean Javier Kraheren hitzekin geratzen naiz ni. Kantautore eta poeta madrildarrak zioen bezala, “iragandako edozein garai antzinakoa da”.