Legebiltzarrak Euskararen Legea sortu zuen duela 34 urte; oraindik ez dira nahikoak izan emandako pausoak, eta badira egunerokotasunean euskaldunek gainditu beharreko oztopoak.
Euskararen Legeak 34 urte bete berri ditu, eta oraindik ere ez da posible guztiz euskaraz bizitzea. Normalizazioa bermatzeko, epeak jartzea beharrezkotzat jotzen du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Hala, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainarekin bat eginez, mitin itxurako prentsaurreko bat eskaini du aste honetan. «Belaunaldi oso bat joan da EAEn euskara ofizial izendatu zutenetik. Legearen garaian jaiotakoak heldutasunera iritsi dira, eta oraindik ez dute euskaraz bizitzeko euskubiderik. Normalizazioa bermatzeko, epeak jartzeko garaia da», ohartarazi zuen komunikabideen aurrean Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak.
Hamairu proposamen
Hamahiru proposamen egin ditu Kontseiluak alderdi politikoentzat, eta hala laburbildu daitezke: Hezkuntzan benetan eragin; estatusa lortu; euskara Euskal Herriko «berezko» hizkuntza dela nabarmendu; administrazioa euskaldundu; kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen dekretua sortu; helduen euskalduntzea doakotasunera iristeko bideak jarri; euskarazko komunikabideak egoki babestu; Jaurlaritzaren aurrekontuaren %2 jartzea hizkuntza politikan;?unibertsitateko eta lanbide heziketako eskaintza osoa euskalduntzea; euskarazko kultur jarduna babestea; euskarazko aisialdi eskaintza bermatzea; euskararen lurralde plan sektoriala sortzea; hizkuntza politikan zehaztasunak: epeak eta helburuak.
Argi dago oraindik ere herritarrek euskaraz bizitzeko oztopoak dituztela egunerokoan. Beraz, gaiaren haritik tiraka, euskararen legea ezarria egon den garaian jaiotako lau donostiarrekin egon da IRUTXULOKO HITZA, euren esperientzien berri izateko.
Javi Rodil (Trintxerpe): «Gazteleraz egiten dira kontratuak, argiago geratzeko»
(Argazkia: E. Zabala)
Administrazioko arazoa oso agerikoa da. Telefonoz hartzen dizutenean, askotan, badago jendea euskaraz dakiena, baina herritarrak artatzeko maila duin bat ez duena. Kulturan, esango nuke askotan gu geu garela gure buruari oztopoak jartzen dizkiogunak. Euskaraz zerbait egiteko garaian gutxiesten dugu gure hizkuntza musikari edo kultur eragile batzuk. Guk egiten dugun lana euskaraz argitaratu arren, sukaldeko lana askotan gazteleraz egiten da. Disko etxe eta ekoizpen enpresa batzuekin gazteleraz izaten da harremana beti, hobeto elkar ulertzen dugulako. Gazteleraz egiten dira kontratuak, argiago geratzeko, eta hitz eta esamolde tekniko horietan jendea ohituagoa dagoelako gazteleraz.
Idoia Trenor (Egia): «Batzuetan erantzun txarrak ere jaso izan ditut»
(Argazkia: E. Zabala)
Nik zorte dezente daukat Bagera euskara elkartean lan egiten dudalako, eta nire lana euskaraz burutzen dudalako. Gainera, egunerokoan dudan ingurua nahiko euskalduna denez, euskaraz bizi naizela esan dezaket. Egian bizi naiz eta oraintxe aldatu dut medikua, adibidez, eta auzoan kanpaina bat egiten ari direnez osasungintzan, txikitasunean bada ere, aurrerapausoak nabaritu dira. Hala ere, egia da, beste harreman batzuetan oztopoak egoten direla. Delegaritzara joatean, askotan administrazioarekin arazoak egoten dira, eta batzuetan erantzun txarrak ere jaso izan ditut. Gakoa euskahalduntzean dagoela uste dut. Nik neuk aukera bat egin nuen euskaraz bizitzeko, eta horri eutsiko diot, gaizki sentitu gabe.
Markel Ormazabal (Parte Zaharra): «Gaztelerara jotzera behartuak sentitzen gara gehienetan»
(Argazkia: E. Zabala)
Soziologoa naiz, Aztiker soziologia ikergunean lan egiten dut, eta bereziki administrazioarekin lan egiten dugu. Gure bulegoko egunerokoan, lankideen arteko harreman guztiak euskaraz baldin badira ere, eta gure eskaintza euskaraz ematen badugu ere, gaztelerara jotzera behartuak sentitzen gara gehienetan. Gainera, legegintzaldi honetan egon diren gobernu aldaketekin hori areagotu eta okertu egin da. Hainbat administraziorekin genuen harremana euskara hutsean izatetik gaztelera hutsean izatera igaro da, bai harremana bai dokumentuen eskaera. Azken urteetan asko aritu gara jatorri aniztasuneko lanetan; betiere euskara erdigunean jarrita, gazteleratik harago gainontzeko hizkuntzen aniztasuna ematen saiatzen gara.
Ane Fernandez (Gros): «Saiakera egin behar dugu, eta inplikazioa eskatu erakundeei»
(Argazkia: E. Zabala)
Zorionez nire inguruak euskaraz bizitzeko aukera ematen dit hein handi batean, baina horrek ez du esan nahi ez naizenik jabetzen, eremu askotan, ezin naizela euskaraz bizi. Batez ere esango nuke hori gertatzen zaidala administrazioan eta baita ere denda askotan. Maiz dendetan ez dakizu parean duzuna euskalduna den edo ez, eta ohitura dago lehen hitza gazteleraz egiteko; ni saiatzen naiz beti euskaraz egiten, eta ez badaki, bestea izan beharko da esan beharko didana. Bi hizkuntzen elkarbizitzarekin ez garela eroso bizi dirudi batzuetan, eta parekoak euskaraz ez badaki, ez dut nahi gaizki sentzitzea, baina ni ere ez. Saiakera egin behar dugu, eta inplikazioa eskatu erakundeei normalizaziorako, askoz handiagoa.