Onditz Oroituz 31. Triatloia jokoan egongo da igandean, ekainetik irailera data mugitu ostean. Aspanogi elkartea ezagutarazteko, hiru lagunek parte hartuko dute lehian.
Gorka Insausti partaidea, bere seme Oihanekin; eta Etor Mendia, prestatzaile fisikoa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Dagoeneko klasiko bihurtu den Onditz Oroituz 31. Triatloia antolatu du aurten ere Donostiako Atletikok. Gora-beherak izan dituzte probaren eguna dela eta; urtero ekainean egiten duten datak bat egin baitzuen hauteskundeekin. Data irailera atzeratu zuten, eta, kasualitatez, igande honetan ere Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira. Oztopoak gainditu eta triatloia jokoan egongo da, hori bai, bi aldaketa nabarmen izango ditu; batetik, hasierako ordua, eta, bestetik, bizikleta ibilbidean aldaketak. Orduari dagokionean, normalean baino ordubete lehenago hasiko da; 8:15ean emakumeak, eta 8:30ean gizonak; bizikleta proba, berriz, Añorgatik lehenago igaroko da, eta Igeldoko plazatik ez da pasako.
Partaideei dagokienean, jaitsiera nabaritu dute antolatzaileek. Aurreko urteetan 900 kirolariren bueltan ibili dira, eta aurten, 595 izango dituzte, horietako 61 emakumeak. Edonola, aurreko urteetan izan ez dituen Lazkaoko partaide berezi batzuk izango ditu triatloiak: Gorka Insausti eta Joseba Arratibel. Lagunak dira hiruak, Aspanogiko kidea lehena, eta kide ohia bigarrena, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartekoak. Euren buruei erronka handia jarri diote, 2017ko uztailean Alemaniako Rothen egingo den Ironmanean parte hartzea. Horretarako, aurretik, inguruko beste hainbat kirol proba ezagunetan parte hartuko dute, prestakuntza gisa, eta Onditz Oroituz izango da lehena.
«Aspanogi elkarteak laguntza ematen die minbizia duten haurren familiei, bai ospitalean eta bai handik kanpo, irakasleak, psikoloak…», azaldu du Insaustik. Arratibelen semeak minbizia izan zuen, eta gogor borrokatu ostean, gaixotasuna gainditzea lortu zuen. Jasotako laguntza eskertzeko, kirol erronka bat burutzea otu zitzaion, eta berarekin batera animatu da haren lagun Insausti. Insaustiren seme gazteenak, Oihanek, leuzemia du, eta tratamenduan dago gaur egun.
Etor Mendia aurreko bien laguna da, eta bera prestatzaile fisiko lana betetzen ari da: «Josebak pentsatu zuen gaixotasunaren sufrimendu hori kirolaren bidez adierazi zitekeela. Prestakuntza prozesu luze bat, egun hobeak eta txarragoak ditu, eta helmuga batera iristeko ahaleginean zabiltz». Erronkekin hasi aurretik, Lazkaon jai bat egin zuten uztailean, Aspanogirentzat dirua biltzeko, eta orain benetako kirol erronka hasiko dute.
Momentuz, badituzte erronka mordo bat aurreikusita: Onditz triatloia igandean; urrian, Ordiziko Marino Lejarretaren omenezko bizikleta proba; azaroan, Donostiako Maratoia; abenduan, San Silvestreren bat; eta 2017an aurreikusten dituzte Zarauzko triatloia, Iruñeko Iroman erdia, zikloturismo klasikoren bat eta maratoi erdiren bat. «Kirol proba ezagunak dira eta hor egoteak gizartean Aspanogi ezagutarazten lagunduko digu», dio Mendiak. Hain zuzen, igandeko proban Mendiak ere parte hartuko du, babes gisa, eta gainontzekoetan ikusiko du zer egin, duen denboraren arabera. Onditzen parte hartzeko dortsalak doan izango dituzte hiru lagunek, eta Aspanogik postua jarriko du larunbatean, dortsalen baneketan, euren lanaren berri emateko, eta kamisetak ere salduko dituzte.
Parte hartuko duten proba guztietan, Aspanogiko kamisetak eramango dituzte soinean. «Niretzako diziplina honetan sartzea oso ona izaten ari da, burua beste gauza batera ere izateko, umearen gaixotasunaren prozesua oraindik ez dugulako bukatu», dio Insaustik.
Faboritoak ez dira faltako
Probak urtero izaten ditu faboritoak, eta aurten hauek dira: Gizonezkoetan, Alberto Cebollada, Cesc Godoy, Urko Herran, Pello Osoro, Ciro Tobar, Jon Unanue, Gonzalo Fuentes eta Beñat Arnaiz. Emakumezkoetan: Sara Perez, Helene Alberdi, Estefania Gomez, Irati Mendia, Aitziber Urkiola eta Amaia Ostolaza.
Emakumearen Triatloia izango da larunbatean
200 emakume baino gehiagok beraiei bereziki zuzendutako triatloian parte hartuko dute larunbatean (15:00). Lehia hori ere Donostiako Atletikok antolatu du, zortzigarren urtez, Emakumezkoen Triatloia izenarekin.
Proba guztiz herrikoia dela azpimarratzen dute, eta helburu nagusia emakumeak triatloira hurbiltzea dela. Super sprint motako triatloia izango da, hau da, 300 metro igerian, 8 kilometro bizikletan eta 2 kilometro korrika. Hala, Kontxatik irtengo dira igerian partaideak, Onditzen bezalaxe.
Uretatik atera ostean, txanoak kendu, oinetako egokiak jantzi, eta bizikleta gainean joango dira Portuetxeraino. Hain juxtu, han emango dute buelta, berriro ere Kontxa aldera hurbiltzeko.
Korrika saioari dagokion ibilbidea, Kontxako pasealekuan itzuli bat emanez egingo dute, Antiguako tuneleraino. Horrela, helmuga Vinuesa plazan izango dute zain.
Badira triatloi honetan hasi eta igandekoa egiten bukatu dutenak, eta horixe da nahia, erronkak handitzea.