Kote Camacho zinemagilea Kaxilda liburu dendan, bere hiru filmeren emanaldian. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Zinemaldi Alternatiboak bestelako kultur eredu baten aldeko apustua egin du berriz. Orain arte Kortxoenea gaztetxeko lagunak aritu dira, eta aurten, Donostia $aldu eta Suntsitu kolektiboak hartu du lekukoa.
Zortzigarren urtez,
Zinemaldi Alternatiboa bestelako zinemaldia egiten ari da Donostian, kritika soziala ardatz hartuta, eta kultur eredu bakarraren aurka. Amarako Kaxilda liburu dendak hartu zuen astearteko emanaldia.
Kote Camacho zinemagile oiartzuarra izan zen zinemagile gonbidatua, eta harekin hitz egin zuen Irutxuloko Hitza-k.
Kote Camacho zinemagile oiartzuarra izan zen zinemagile gonbidatua, eta harekin hitz egin zuen IRUTXULOKOHITZA-k. «Kultur Hiriburutzaren inguruko gogoeta pizteko nire film batzuk eskatu zizkidaten.
Elkartea (2013), La gran carrera (2010) eta Don Miguel (2014) filmak aukeratu nituen, nire gustukoenak. Hirurak jarraian ikusita badirudi trilogia bat dela, baina ez da horrela izan». Aitortu du, ordea, baduela dirua, hipokresia eta anbizioaren inguruko kezka bat: «Ironiarekin jolasten dut hori guztia islatu eta salatzeko. Jendearen jokaerak ez du bat egiten esaten duenarekin. Behin baino gehiagotan errepikatzen da gai hau nire lanetan, zerbaitengatik
izango da».
Easo kalean bizi izan zen Camacho, azken urteotan bota duten etxe batean, eta jada orduan izan zuen Donostia 2016 egitasmoaren berri: «2009. urtea zen eta Odon Elorza kultur hiriburutzaren inguruko kanpaina egiten hasi zen. Orduan soilik logoa ezagutzen genuen, baina jada mezurik ez duten hitz hutsalak zabaltzen hasi ziren. Kulturan genbiltzan lagun batzuk elkartu ginen honen inguruan hitz egiteko, eta argi ikusi genuen kulturaren aitzakian dirua sartu etaporlanez beteko zutela hiria, Espainiako kulturaren eredua jarraituz. Eta hori da egin dutena. Begira zer gertatu den Artelekurekin. Desegin egin da, eta orain euren jostailu garestia dute, Tabakalera. Zine eskola bat egin nahi dute, Larrotxenek oso ondo funtzionatzen duen arren».
Kultur Hiriburutzari buruzko film bat egin beharko balu, argi du nolakoa egingo zukeen: «Hartuko nituzke Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren bideoak eta mezuak. Asko egin dituzte eta diru asko gastatu dute ekoizpenean. Bi atzerritar dirudunek elkar ezagutzen dute Parte Zaharrean, pintxoak hartzen dituzte, ilunabar izugarria erakusten dute, eta jarraian, elkarbizitzaren kulturaren mezua, hiritarren energia olatuak… Hori guztia nahastuko nuke aurten gertatu diren beste gauza batzuekin, itsasoan itota hil diren errefuxiatuen irudiekin.
Izan ere nola gogoratuko da 2016? Nola jokatu du Europak? Bada, Donostiak hori bera ordezkatzen du».
La gran carrera film laburreko istorioa konparatu du oraingo egoerarekin: «Filmeko zuri-beltzeko irudiak benetakoak dira, garaikoak, 1914. urtekoak. Garai hartan Donostia kasinoz beteta zegoen. Europa gerran zegoen eta Espainia neutrala zen. Elite eta burgesia guztia Donostiara etorri zen. Eta hori izaten jarraitzen du Donostia 2016 kultur hiriburutzak. Siriarrak itotzen ari dira, baina hemen dirutza daukagu eta ondo bizi gara».
Kultur Hiriburutzak hemengo sortzaileei proiektu batzuk egiteko aukera eman diela onartzen du Camachok, baina aurten izan duten babes hori hurrengo urteetan izango duten galdetu du. «Nik neuk proiektuak aurkeztu ditut Kultur Hiributzarako, bueno ez dakit zehazki hiriburutzarako zen ala ez, badirudi aurten dena dela hiriburutza eta zaila da desberdintzea. Duela gutxi iruditu zitzaidan pertsona batek lepokoan zeramala kultur hiriburutzaren logoa! Nik uste dut berehala zahartuko dela hiriburutzaren marka duen guztia. Hurrengo urtean jakingo dugu zer den Donostia 2016, oraindik ez baitakigu».
Zinemaldi ofizialean askatasun falta salatu du: «Kutxabank sariak guztiz mugatzen du sortzaileen lana. Ezin duzu banku bat kritikatu. Banku publiko bat pribatizatu dute, eta ez du inork horretaz hitz egingo?.
Atxuriko milagrua film laburrean lanean ari da egun. Prozesu luzea izango da, hasi nintzenetik hiru urte pasa dira jada. Diruak lan honetan ere paper garrantzitsua du».
Azken bi egunak
Zinemaldi Alternatiboak Uliako parkean jarraituko du gaur,
Le dernier continent filmarekin. Notre-Dame des Landeseko ZAD (Zone d’autonomie definitive) mugimenduari buruzko dokumentala emango dute 21:00etan. Frantziarentzat, garatu beharreko zonaldea da, bertan bizi diren aktibistentzat, berriz, defendatzeko gunea. Aireportu baten aurkako borrokarekin hasi zena erresistentzia eta elkarbizitzan bilakatu da, kapitalismotik kanpoko bizitza eredu baten hazian. Azken emanaldia bihar egingo dute, Antiguako Txantxarreka gaztetxean, 19:00etan. Herritarrek Donostia 2016
Kultur Hiriburutzaren inguruan aurkeztu dituzten filmak proiektatuko dituzte. Donostia 2016 egitasmoak zer iradokitzen dien azaldu behar da bideo batean. Lanek ez dute ez luzera mugarik, ez eta bestelako baldintzarik, salbu hitzik gabekoak behar dutela izan. Lanak
saldutasuntsitu@gmail.com helbidera bidali behar dira; gaur arte jasoko dituzte lanak. Proiekzioa bukatzean kantautore eta musikariekin saio bat egingo dute.