Etxeko langileentzat aholkularitza zerbitzua jarri du abian Donostiako Udalak. Lanbide "feminizatu eta prekarioari" aurre egiteko informazioa eskainiko dute Donostiako Emakumeen Etxean.
Laida Arrieta, berdintasun teknikaria. (Argazkia: Malen Aldalur)
Garbitu, zaindu, entzun, egon. Egiteko bat baino gehiago ditu etxeko langileak; “emakumea gehienetan, eta atzerritarra askotan”. Lanbide “feminizatu eta prekario” honetan aritzen direnei euren eskubideen berri emateko aholkularitza zerbitzua jarriko du abian Donostiako Udalak urriaren 3an Emakumeen Etxean.
“Aspalditik genuen ideia buruan. Emakumeen Etxean badago aholkularitza zerbitzu bat emakume guztientzat edozein gairen inguruan galdetzeko; baina asko ziren euren eskubideen inguruan galdezka deitzen zuten etxeko langileak. Hori dela eta, aholkularitza zerbitzu espezializatu bat ematea erabaki genuen”, azaldu du Laida Arrieta Cristobal, Donostiako Udaleko berdintasun teknikariak.
Adibide bezala, Bizkaian, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea dagoela azaldu du Arrietak: “Aholkularitza zerbitzuak ematen dituzte, eta aldarrikapenak ere egiten dituzte”. Donostian antzeko zerbaiten falta dagoela uste du.
Emakume kolektibo honen egoera prekarioaz jabetuta, doako aholkularitza abian jartzea bururatu zitzaien. Egoera larrian dagoen kolektibo bat da etxeko langileena, eta euren egoerari aurre egiteko erremintak eskaini nahi dizkiete. Horregatik, urriaren 3tik aurrera doako aholkularitza zerbitzua eskainiko dute astelehenero 16:30etik 18:30era.
Derrigorrezkoa da aurrez izena ematea: hitzordua hartzeko 943483470 zenbakira deituta edo 10:00etatik 21:00etara bitartean Emakumeen Etxetik pasata egin daiteke.
Bestalde, aholkularitza zerbitzua jasotzeko bi modu daudela azaldu du; egokitutako egunean emakumeen etxera joanda edo telefonoz deituta. Momentuz, abendura arte eskainiko dute zerbitzua, baina Arrietak azaldu du arrakasta izaten badu gehiago luzatuko dutela.
Informazioa ugari
Lan baldintza ororen inguruko zalantzak argitu, eta dituzten beharren eta eskubideen inguruko informazioa eskainiko zaie etxeko langileei: esaterako, ordainsariak, kontratu motak, langileen espezialitateekin lotutako informazioa, opor egunak, egun eta ordu libreak, gizarte segurantzako kotizazioa, baimenak, kaleratzeak eta uko egiteak.
“Kontuan izan behar da Emakumeen Etxean aholkatu egiten dela, eta ez zer egin behar duten esan”, azaldu du Arrietak. Izan ere, “informazioa eskaintzea eta langilea orientatzea” izango da Ana Lopez eta Juana Aranguren abokatu feministen egitekoa. Lan eskubideetan adituak dira biak, eta baita aurrez emakumeen etxean ibiliak ere. “Dituzten eskubideen jakitun izatea beharrezkoa da eta abokatuek zerbitzu hori eskainiko dute”, azaldu du.
Oraindik ez diote hasiera eman zerbitzuari baina dagoeneko asko dira hitzordua hartzera animatu direnak: “Urria betetzen ari da dagoeneko, eta pozik gaude; izan ere, horrek esan nahi du gure usteak egia bihurtu direla eta benetako eskaera bat zegoela”.
Dena den, Arrietak azaldu du ez dela erraza jendearengana iristea, eta are gutxiago beraiek gerturatzea: “Beldurra edukitzen dute batzuek, euren egoera pertsonalaren eta lan egoeraren arabera”. Izan ere, “lanak sostengatzen ditu emakume horietako askoren bizitzak”, eta egoera horretan “lana galtzeko beldurra” izan dezaketela uste du Arrietak.
“Konfidentziala eta kalitatezkoa” da eskaini nahi duten zerbitzua. Izan ere, “azken aldian etxeko langile bat baino gehiagok galdetu dute konfidentzialtasunaz”. Beldurraren faktorea “oso presente” dagoela eta hori ere aintzat hartu behar dela uste du Arrietak.
Mota guztietako gaien inguruko aholkularitza eskaintzen dute Emakumeen Etxean, baina oraingoan trataera berezitu bat eskaini diote: “Badaude beste arlo batzuk ere landu nahiko genituzkeenak baina ez dugu baliabide nahikorik”. Hala ere, azpimarratu du “egoera larrian dauden emakumeengan” jarri nahi izaten dutela arreta; eta aurrerantzean ere halako proiektuak egiten jarraituko dutela.
Aholkularitza zerbitzuaz gain, beste hainbat helburu ere baditu egitasmoak: “Emakume horiek ezagutu nahi ditugu; benetan nola bizi diren ezagutu”. Aholkularitza zerbitzuarekin hasi badira ere, aurrera begira proiektu zabalago bat egin nahiko luketela azaldu du Arrietak.
Argi dute helburu nagusia: “Etxeko lanetan zein zaintza lanetan diru truke aritzen diren emakume horiei bizitza bizigarriago egitea”.