Gizakia ohitura estukoa dela frogatzen duen bi argazkiren alderaketa da hau. 1940. urteko argazkia da goikoa, eta gaur egungoa behekoa. 76 urteren ostean, bide bera erabiltzen dute oinezkoek Egia kalea gurutzatzeko.
(Argazkia: Egia Bizirik)
Gizakia omen da harri berean estropezu egiten duen animalia bakarra. Estropezu ez akaso, gaur gaurkoz asko zaintzen baita bide segurtasuna eta irisgarritasuna hiriko kaleetan. Hala diote, behinik behin, arduradunek. Baina Egia kalearen hasierako asfalto beltzak kontatzen baleki, zenbat pausok zanpatuko zuten, zenbat estropezu.
Irakurketa bat baino gehiago izan ditzake, ordea, esaera horrek. Adierazi dezake akaso, gizakia dela oker bera behin eta berriro egiten duen animalia inozo bakarra. Edo hain ohitura estukoa izanik gizakia, bidean harri bat topatuko duela jakin arren, handik pasa gabeko onik ez duela izaten adierazi dezake.
Bigarren kasua izango da inondik ere Egia kalean gertatzen dena. Urteak joan eta urteak etorri, bide beretik doaz auzotarrak. 1940. urtekoa da lehen argazkia, eta gaur egungoa bigarrena. Zuri beltzeko irudian espaloia lepo ageri da. Eta lurrean margotutako bidegorririk ez egon arren, zentzudun doa mutikoa errei iskinatik. Argazkiaren erdian errepidea gurutzatzen ari diren ama-semeak ageri dira, bi aldeetara begiratu arren, eskutik helduta badaezpada.
76 urteren ondoren, leku beretik gurutzatzen dute Egia kalea oraindik Egiakoek. Lehen irudiak ohitura, eguneroko bidea, beti harri bera erakusten badu, bigarrenak araua erakusten du. Erabilerak hala eskatutako araua. Gaur egun zebra-bide bat eta semaforo bat daude ama-semeak errepidea gurutzatzen ikusten diren lekuan. Ez dira urte asko semaforoa jarri zutela, gainera, auzotarrek hala eskatuta.
(Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bidegorria ere hedatu dute auzo guztira, haurrek klarionaz plazako lurra margotzen duten moduan. Bira hemen, bira han; orain autoen erditik, orain gira ezkerrera eta gora. Bidegorria behar, eta badute bidegorria Egian. Egia da hori, baina egokiena ez denik ere ezin uka.
Kale estuak eta aldapatsuak dituzte Egian; hori ere egia. Baina TAOrik gabeko aldapan nekerik ez. Asko baitira patrika zulatu beharrean aldapan gora eta behera ibili nahiago dutenak. Aurki galduko du zentzua esaera asmatu berri horrek ere, ordea. Ordain bidezko sistema zabalduko dute laster auzo osora, bertakoek autoa aparkatzeko dituzten arazoak saihesteko.
Semaforoa berdean jarri arte itxaron; aparkatzeko, ordaindu; bizikletentzako bidegorria, aldrebes samarra bada ere; abiadura moteltzeko biribilgunea, kamioiak kabitzen ez badira ere. Gizakia omen da harri berean estropezu egiten duen animalia bakarra; bai, Egia da.