‘Euskaldunak eta Karolingiar iraultza’ izeneko liburua idatzi du Iñaki Lopez de Luzuriagak
‘Euskaldunak eta Karolingiar iraultza’ izeneko liburua idatzi du Iñaki Lopez de Luzuriagak (Egia, 1973). Euskal eta europar identitatearen sorrera ikertu du.
Zergatik hasten da itzultzaile bat VIII. mendeko kontuak ikertzen?
Bost urtez egon naiz kanpoan bizitzen euskara irakasle bezala, Londresen eta Kaliforniako Stanford Unibertsitatean. Interneten, Wikipediako eztabaida baten harira, goi Erdi Aroari buruzko dokumentu batzuk aurkitu nituen urte horietan, interesgarriak iruditu zitzaizkidanak. Ingelesezko dokumentuak ziren, eta nik dakidala, gutxi kontsultatu izan direnak. Hutsune bat sumatzen nuen hor, gai hori jorratzea interesgarria izango litzatekeela iruditu zitzaidan, beraz webgune bat sortu nuen orain dela hiru urte. Ingelesa praktikatzeko ere modu interesgarria da, eta hiru urtez gai honekin lanean ibili eta gero, ekainean argitaratu nuen liburua Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzaz.
Euskaldunen identitatea sortzen den garaiaren inguruan mintzo zara.
Ez da bakarrik Euskal Herriari buruz, gehienbat Pirinioak eta Garona inguruari erreparatu diot. Akitania eta franko karolingiarren eraketan jarri dut arreta.
Europaren identitatearen sorreraz ere hitz egiten duzu.
Franko karolingiarrak indar militar handiaz hegoaldera hedatu ziren, eta hor mito ugari sortu ziren. Karolingiarrek Erromako apezpikua salbatu zuten eta, alderantziz, Erromako Elizak Inperioaren ordezkari bihurtu zituen karolingiarrak: Karlomagnoz eta bere leinuaz ari naiz noski. Beraiek izan ziren Europa gaur egun ezagutzen dugun bezala sortu zutenak. Europa mendebaldearen zati handi bat saretu zuten; egitura oso bat sortuz.
Gaur egungo botere egituren sorrera ere garai horietan kokatzen duzu?
Benedikto Anianekoak, Pirinioen ekialdean oinarrituta, monasterio sare oso indartsu bat sortu zuen Europaren zati handi batean. Egitura oso bertikala zen, eliza anglosaxoiko eskolan landu zutena bezalakoa. Karolingiarren kanpaina militarretan, monasterioak sortzen zituzten. Monasterioei lotutako gobernatzeko modu bat sortu zen garai horietan. Agintaritza edo legitimitate bertikal bat sortzen da, baina natiboak ere jarraitu zuen; dialektika bat sortu zen elkarren artean. Hortik dator, hain zuzen ere, foruen kontua. Barrurako zilegitasun bat eta kanporako zilegitasun bat sortzen dute.
Euskal Herriari ere begiratu diozu.
Gure inguruko errealitatea ere landu dut pixka bat, Iruñea ingurua eta abar, baina ez naiz bereziki zentratu horretan. Euskal Herria landu dut, Pirinioetako eta Garonako herri horien ondorengoak garen neurrian. Garai horietan garbi daukat euskal kontzientzia bat sortu zela, identitate bat, garai horretako akitaniar independentzia politikoari lotuta.
Eta zer gertatzen zen garai horietan Pirineo eta Garona inguruetan?
Zilegitasunen arteko borroka bat zegoen. Garai batean, euskaldunak erromatar tradizioan sentitzen ziren. Gero, Karlomagno enperadore izendatu zutenean, ezin zuten defendatu gehiago erromatarrak zirela, ‘herri izugarri bat’ ziren, idatzizko latinetik aparte. Idatzizko agintaritza karolingiar hori zabaltzen Alkuinoren (alfabetatzailea) eta monasterioen lana ezin bestekoa izan zen. Bestalde, borroka gogorrak izan ziren Ebro inguruan, eta karolingiarrek tropak behar zituzten. Zenbait herrik ezetz esan zuten eta hor hasi ziren agertzen intsumisoak. Enperadoreari men egiten zioten gerrara joan behar ziren arte. Iruñeko Enekoren altxamendua, 814 urte inguruan, antzeko arrazoi batengatik izango zen: tropak bidaltzeari uko egiteagatik edo lurren gaineko jurisdikzioengatik. Arabiar heldu berriekiko borroken testuinguru horretan sortu zen europar identitatea: ‘europarrak’ lehen aldiz aipatzen dira, 754. urtean.
Ikerketan dualismoak alboratu dituzu.
Oso kritikoa izan naiz horrekin. Erabiltzen ditudan kategoriak sekularrak dira eta ez erlijiosoak. Alegia, nik ez dut erlijioen arteko talkaz hitz egiten; narrazio historiko askok hori egiten dute. Erlijioen arteko borroka, azken finean, dualismo bat da; bi botereren arteko borroka. Hori baino zorrotzagoa izaten ahalegindu naiz eta zirrikituetatik ere begiratu diot errealitateari. Ikuspegi poliedriko bat defendatu dut.
Zirrikituetan bilatu duzu, beraz.
Nik eskaini dudan narrazioa historiografiari buruzko narrazio bat da, bihurriagoa, buruhauste gehiago sortzen ditu, gertaeren eta narrazioaren planoa bereizten saiatu naiz. Kontuan izan behar da garaileek idazten dutela historia eta nik hori ere kontuan hartu dut. Ez da bakarrik gertaerak aztertzea. Historiografia idealistatik alde egin dut, noski, badaude historian konstante batzuk beti errepikatzen direnak. Gaur egungo erronkak eta garai batekoak ez dira hain ezberdinak eta errepikatu egiten dira.
Non lortu daiteke liburua?
Liburua euskaraz idatzita dago, baina idazlana osatzen hasteko ingelesezko bibliografia eta iturriak hartu nituen oinarri; denetarik dago. Elkarreko liburu dendetan edo Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean lor daiteke. Egia da liburuak zeharka gaurkotasun handia duela, baina aurrez gaiaren inguruan ezagutza gutxi duenari kosta egingo zaio liburua jarraitzea.