Gasco jauna eta lan prekarioen eskaintza
Asteartean DVk argitaratu zuen, titulu handietan: «Sustapenak eta Lanbidek 47 udal lanpostu sortzen dituzte 55 urtetik gora dutenentzat». Artikuluan, orain letra txikietan, argitzen zen: «enplegu bakoitzak hiru eta sei hilabete bitarteko iraupena izango du eta lanpostuak ur saneamenduarekin, hiri mantenimenduarekin, hondakinekin eta kale garbiketaren arautegia betetzeko zaintzarekin eta parke eta lorategiekin lotuta egongo dira». Artikulu berean, Ernesto Gasco jaunak, Sustapen Ekonomikoaren zinegotziak, enplegua sortuko dela baieztatzen du.
Gasco jaunak, bere ohiko estiloan, Zerbitzu Publikoaren sustapena izan beharko lukeen zerbait ekintza sozialeko ekimen bat balitz bezala saltzen du. Hots, kalitatezko enplegu publiko duina eta iraupen luzekoa (55 urtetik gorakoei nahiz beherakoei irekia) eskaini beharrean, hiru edo sei hilabeteko lan prekario bat eskaintzen du.
Kanpaina hauetan egiten diren lanak erabat estrukturalak dira. Hau da, Udaleko Plantilla Organikoaren barne egon beharko lukete.
Eta Gasco jaunak badaki: 2010etik udal honetan sustapeneko 200 kontratu prekario inguru egin dira, hiri mantenimendu, saneamendu, hiri garbiketa, zainketa eta abarreko lanak betetzeko.
Solidarioagoa izango litzateke Gasco jaunak, «sozialista», horrelako sasi-karitateak alde batera utziko balitu eta udal brigadei beharreko bultzada emango balie, hauek baitira estrukturalki hiri mantenimenduaren ardura dutenak. Brigadatan dauden plaza hutsak betetzea eta lanpostu berriak sortzea aldarrikatuko balu, LABek eskatu duen LEP baten bitartez eskainiz.
Gogorarazten diogu Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016ko irailaren 14an emandako sententzien arabera, administrazioak, beharrizanak iraunkorrak eta egonkorrak direnean lanpostua sortu eta LEPera atera behar duela.
Donostiako Udaleko LAB sail sindikala.