Jon Odriozola: 'Gorantz'
Jon Odriozola, Kazetaria.
Ostirala gogoko dut. Askorentzat asteko azken lan eguna. Horrez gain, futbolerako egun aproposa. Bai niretzat behintzat. Lanak amaitu eta asteburuari begira jarrita, ogitartekoa hartu eta Anoetarantz. Zeregin polita.
Giro nahasi samarra zebilen lehengo ostiralean realzaleen artean. Eibarren, aurreko jardunaldian jasotako begi-ondokoak, oraindik min egiten zuen. Ubeldurak nabari ziren realzaleen animoetan. Jakin-mina zegoen taldeak zer joko eta itsura emango ote zuen. Eta amaieran, Betis zaleak izan ezik, gainontzekoak gustura irten ginen. “Oso gustura”, zioen ezagun batek. Taldeak aspaldian erakutsi duen itxura bikainera eman zuen. Egia da Las Palmasi nahikoa errez irabazi zitzaiola baina jokalari bat gutxiagorekin aritu zen partidako denbora askoan talde horia. Ostiralean, aldiz, taldeak lan ederra egin zuen bi zatietan. Las Palmasen aurkako partidan, jendeak, zutik agurtu zituen jokalariak lehen zatian. Oraingo honetan ez zen berdina gertatu nahiz eta lehen zati ona egin. Epailearen erabaki batek –Oyarzabali eginiko sarrera bat ez zuen zigortu- jendearen txistu eta builek epailea izan zuten jomugan. Halere, jendea baikor antzematen zen.
Bigarren zatia hasi eta lasterrera ogitartekoa dastatzen hasi nintzen. Baita Realaren jokoa ere. Gustura ari nintzen eskuartean nuen otorduarekin, eta jokalariak ere berdin antzematen nituen euren egitekoan. Eta saria heldu zen. Ondoren, markagailuan aldea handitzeko aukerak izan arren, jendeak gustura hartu zuen atsedenaldian txistukatu zuen epaileak partida amaitzeko hartu zuen erabakia. Talde-itsura ona eman zuen Realak.
Hurrengo egunean, realzaleek, irria ahoan, zera zioten: «Atzo bai ederki, e?». Irribarre bat baino gehiago gurutzatu nituen. «Eta orain zer?», bota zidan batek. Hau da, zein izango da hurrengo partidan taldeak erakutsiko duen itsura? Vila-real eta Eibarren ikusitakoa, edota Betisen aurka erakutsitakoa. Hori da realzalearen kezka. Norabidea. Goibelaldia, edota sailkapenean tontorreranzko norabidea. Mendi zail bezain erakargarria astebete barrukoa: San Mames. Taldearen irudiak –gogoa, grina…– biziki kezkatzen du zalea. Realak jokatzen duen egun berean hogeita hamar urte beteko dira Reinhold Messnerrek, hamalau zortzimilakoak igotzen lehen mendizalea bihurtu zela. Ez legoke batere gaizki San Mameseko gailurrean nagusitzea. Beraz, botak ondo lotu, eta tontorrerantz.